Mikel Aginagalde
Interview
Urumea Txaranga
Joxe Ramon Berrondo, Lara Mitxelena, Imanol Iribarren eta Igor del Rio

«Ondo pasatzeko eta herrigintza indartzeko tresna da txaranga»

Mende laurden bete du Urumea txarangak, 25 urteko ibilbidea Hernaniko kaleak girotu eta alaitzen. Urteurren hori ospatzeko, gainera, 2024ko sanjoanetako hasiera ekitaldiko suziria jaurtitzeko ohorea izango dute.

Imanol Iribarren, Joxe Ramon Berrondo, Igor del Rio eta Lara Mitxelena.
Imanol Iribarren, Joxe Ramon Berrondo, Igor del Rio eta Lara Mitxelena. (M.A.)

Gaur egun 15 bat kidez osatua dago txaranga; gehienak Hernaniko musikariak dira, baina inguruko herrietakoak ere batzen zaizkie zenbaitetan. NAIZek Joxe Ramon Berrondo sortzailea, Lara Mitxelena, Imanol Iribarren eta Igor del Rio kideak elkarrizketatu ditu eta une berezi horren inguruko xehetasun eta sentipenak kontatu dizkigute.

Hernaniko San Joan jaietako suziria jaurtitzeko aukera ez da egunero suertatzen. Nola bizi duzue unea?

Pozik, gogotsu eta ilusio handiarekin bizi dugu une berezi hori. Hainbeste urte pasa ondoren Urumea txarangak bizirik dirauela ikusteak poztasun handia ematen digu, eta erakusten digu txarangako kideek gizatasun handia dutela. Harro egoteko motiboak baditugu.

Jada 25 urteko ibilbidea osatu du Urumea txarangak. Modu horretan omenduak izateak esanahi berezia dauka, ezta?

Musikari gehienak hernaniarrak izanda, guretzat ohore handia da horrelako omenaldi bat jaso ahal izatea eta egin dugun ibilbide luze hori Hernaniko herriak guri aitortzea, hau da, guk herritarrei eskaini dieguna haiek guri itzultzeak asko pozten gaitu. Gainera, Udaletxeko balkoitik denontzat hain sinbolikoa den txupinazoa jaurti ahal izateak ere ilusio berezia egiten digu.

Hortaz, San Joan jai hauetan asko daukazue ospatzeko. Ezer berezirik egiteko asmorik ba al duzue?

Ekainaren 23an, festaren atarian, luncha egingo dugu Udaletxean eta ondoren suziria jaurtiko dugu. Gauean, aldiz, afaria izango dugu egungo txarangako kideek eta partaide historikoek elkarrekin, eta jarraian, betiko legez, musika instrumentuak hartu eta kalez kale ibiliko gara festa girotzen. Horrez gain, Imanol Iribarrenek Hernaniko doinu ezagunei keinu egiten dien kalejira berri bat sortu du 25. urteurrenaren harira, eta lehen egun horretan estreinatuko dugu publikoki. Bukatzeko, San Joanetako azken egunean, ekainaren 27an, festei amaiera emango dien banderaren jaitsieran ere parte hartuko dugu eta afari baten bueltan elkartzeko ere probestuko dugu eguna.

«Txaranga festa bizitzeko beste modu bat da, taberna zuloan sartu gabe. Zuzeneko musikaz gozatzeko aukera paregabea»

Orain, 1999. urtera egingo dugu atzera. Nork eta zer dela eta sortu zuen Urumea txaranga?

Txaranga era natural batean sortu zen. Momentu horretan Urumea ikastola izan zen txarangaren oinarria eta gerizpea. Garai hartan ikastola horretako hainbat ikasle zebiltzan Hernaniko Musika Eskolan eta nik –Joxe Ramon Berrondo– askoz lehenagotik nuen txarangekiko zaletasuna. Hori guztia ikusirik, Udalarekin harremanetan jarri ginen eta partitura sinple batzuk partekatu genizkien eta Urumea Fanfarrea izenarekin ekin genion txarangaren lehen proiektuari. Hasieran edozein musika tresna jotzen zuen edonor sar zitekeen taldean, eta pixkanaka Urumea txaranga osatzea lortu genuen. Garai hartan eguerdian jotzen genuen sanjoanetan, baina gerora gauean ere jotzea erabaki genuen. Orduz gero, gainera, sanjoanetan ez ezik, Hernaniko hainbat auzotako festetan, inauterietan, kaldereroetan eta beste zenbait ospakizunetan ere jo izan dugu.

Eta zein izan da urte luze guzti hauetan Urumea txarangaren helburu nagusia?

Guk eta gurekin elkartzen direnek ondo pasatzea da helburu gorena. Gainera, gure izaera Hernaniko herriari lotua dago erabat, hau da, herritik jaio eta herriarentzat sortutako txaranga gara, eta zentzu horretan herrigintza ere egiten dugu. Beraz, ondo pasatzeko eta herrigintza indartzeko tresna da txaranga.

Urteak aurrea joan ahala musikari gazteak txarangara batu al dira, hau da, ba al dago belaunaldi erreleborik?

Jakina baietz. Urumea Txarangan adin ezberdinetako kideak biltzen gara. Baina, horrez gainera, belaunaldi gazteak urtetik urtera txarangarekin harremana izaten hasten dira. Hernaniko Musika Eskolan ikasten dari diren gaztetxoak dira gehienak eta urtean bi edo hiru aldiz irteten dira gurekin jotzen, batez ere, inauterietan. Ikusten dugu gazte horietako askok etorkizun oparoa duela, eta hori oso pozgarria da gu guztiontzat.

Azkenik, zein dei luzatu nahi diezue hernaniarrei eta Hernaniko San Joan jaietara hurbiltzeko asmoa dutenei?

Alde batetik, ondo pasatzeko deia luzatu nahi diegu herritar guztiei; eta zentzu horretan, txarangen atzean jarri eta denok batera disfrutatzeko eskatu nahi diegu. Esan behar dugu, txaranga festa bizitzeko beste modu bat dela, taberna zuloan sartu gabe. Zuzeneko musikaz gozatzeko aukera paregabea da adin eta jatorri ezberdineko pertsonekin, eta horrek xarma berezia ematen diola azpimarratu behar dugu. Ezin dugu ahaztu, gainera, Hernanin txarangak oso errotuta daudela eta arrakasta handia izan ohi dutela festetan.