SPONSORED CONTENT

Suaren gainetik salto egiteko prest Nafarroan

Nafarroako herri eta auzo asko izango dira igande gauean San Joan sua piztuko dutenak uda sasoiari ongietorria emateko, horien artean daude Arbizu eta Barañain. Sakanako herrian igandean bertan abiatuko dira aste osoa iraungo duten jaiak, eta Arga ondokoan, beti bezala, asteazkenarekin hasiko dira.

Arbizun San Joan sua piztuko dute igande iluntzean.
Arbizun San Joan sua piztuko dute igande iluntzean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Arbizun, ohikoa den bezala, San Joan bezperako brindis eta suziriarekin hasiko dituzte jaiak igande honetan (ekainak 23), eta ondoren herritarrak San Joan ermitara abiatuko dira bertan bezperak ospatzeko. Eguna behar bezala amaitzeko, San Joan suaren gainetik salto egingo dute.

Aurtengo jai egitaraua aste osoz luzatuko da, datorren larunbatera arte, eta egun bakoitzak bere protagonista izango du. Horrela, astelehenean San Joan eguna ospatuko dute, asteartean jubilatuen eguna, asteazkenean gazteen eguna, ostegunean haurren eguna, ostiralean kintoen eguna, eta larunbatean «denok etxera» eguna.

Gauero erromeriak izango dira honako taldeekin: Trikiteens, Destino Sonora mariatxiak, Itzal taldea, Nikotina, Yugular eta DJ Bull, Joselu Anayak, DJ Etxo eta Eztitan.

Arbizuko Udalak eskerrak eman dizkie urte hasieratik «ahalik eta festa parte-hartzaile, berdinzale eta anitzenak antolatzen» ibili den jai batzordeari.

Arbizuko jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Arbizuko Udala, Arbizuko Ekokanpina.

 

Barañaingo txupinazoa asteazken arratsaldean botako dute eta ondoren, larrain-dantza izango da. (Iñigo URIZ | FOKU)

Barañainen ere ez da faltako San Joan surik, baina oraingo honetan egitarau ofiziala zein txosnetakoa ez dira ekainaren 26ra arte hasiko, ohikoa den moduan herriko jaiak ekaineko azken asteburuan ospatzen baitira, asteazkenetik igandera.

Txupinazoa, beraz, datorren asteazken arratsaldeko 19.00etan botako dute eta, bost egunez, aspertzeko denborarik ez da izango han eta hemen. Egunero ez dira faltako dultzaineroak, txarangak eta berbena taldeak zein DJak, ezta bigantxak, zezen suzkoak eta piroteknia ikuskizunak ere.

Ostegunean haurrei zuzendutako ekitaldi ugari izango dira, eta arratsalderako bertso saioa dago iragarrita Aissa Intxausti, Nerea Ibarzabal, Julio Soto eta Barañaingo Beñat Astiz bertsolariekin. 

Ostiralean helduei zuzendutako ekintzak izango dira, baita pilota partidak ere, eta larunbatean erraldoi eta buruhaundien topaketa izango da, baita kalderete txapelketa ere. Igandean, azkenik, artisautza azoka izango da, baita musika eta dantza emanaldi ugari ere.

Txosnetako egitaraua ere ekintzez beteta dator aurten eta ez dira faltako herri bazkariak, sagardo dastaketa, afari-meriendak, belaunaldiarteko jokoak, kalejirak, antzerkiak eta kontzertuak. Igande gauerdiko "Gaixoa ni" eta azken trakak emango die amaiera aurtengo jaiei.

Barañaingo jaietako establezimendu laguntzaileak: Oihalak.