Maite Ubiria

Data aldaketa soilik ez, beste hainbat berrikuntza izanen dira Baionako Bestetan

Parisko Olinpiar Jokoak tartean haien besta nagusiak inoiz baino goizago ospatuko dituzte aurten baionarrek. Hori gutxi balitz, hauteskunde legegileen bigarren itzulia besta lehertu baino hiru egun lehenago soilik iraganen da. Egokitzeko gaitasuna aldarri, bestaz gozatzeko egitaraua aurkeztu dute.

Sophie Courades ilustratzaileak eginiko afixa ondoan zutela egin dute bestetakoa aurkezpena udal ordezkariek.
Sophie Courades ilustratzaileak eginiko afixa ondoan zutela egin dute bestetakoa aurkezpena udal ordezkariek. (Guillaume FAUVEAU)

Bere 60. urteurrena ospatzen duen Orai Bat dantza elkartearen egoitza hautatu dute Baionako Bestak aurkezteko. Udal eta besta batzordeko kideen ondoan, ezinbestean, panpina handi bezain maitagarriak azaldu dira.

Baionako Bestetan, betiere euskal kultura ikur, ekimen anitzetan parte hartzen dute musika eta dantza bere dituzten elkarteko kideek.

Leinua, Ibaialde edo Tuntuna taldeekin batera, ohikoa bilakatu da elkartearen presentzia Karrikaldian. Bestalde, beraiek dantzan jartzen dituzte, goizero, Baionako karrikak zeharkatzen duen ziganteak.

Badela zer nabarmendu Orai Bat dantza taldeak urtean zehar egiten duten lanari buruz nabarmendu dute gaurko agerraldian udal agintariek, Baionako bestetatik kanpo ere euskal folklorearen jarraikotasuna bermatzeko lan eskerga egiten duelako taldeak.

Dagoeneko, 2019an dantza taldea sortu zuen Iñaki Serrada omendu zuen Udalak.

Bertze hainbat talderekin batera Karrikaldira lotzea keinu naturala izan zela Orai Bat taldearentzat aitortu zion orduan NAIZi Serradak. (Elkarrizketa hemen).

Bost eguneko programa eta ehundik gora ekimen

Ehundik gora ekimenez osaturiko egitaraua prestatu du Baionako hiriak.

Datak soilik ez, beste hainbat ohitura aldatzeko gaitasuna erakutsi behar izan dutela azaldu dute besten antolatzaileek. Horietako aldaketa batzuk ezagunak ziren, beste batzuk ez.

2032 Kolektiboak mahai gainean emandako hamar proposamenetan oinarrituta, besten masifikazioari aurre egiteko lehenengo neurriak hartuko dituzte aurten hasita.

Gaueko 22.00etan gertatzen zen bestetako irekitze ofiziala arratsaldera pasatzea deliberatu du besta batzrdeak. Uztailaren 10ean, asteazkenarekin, arratsaldeko 17.00etan iraganen da giltzen jaurtiketa, Askatasun plazan.

Ordu aldaketak lagundu behar luke jende pilaketari loturiko arazoak lausotzera.

Feria gunea bi eremutan banatuko da

Ildo beretik, manexak eta bestelako atrakzioak biltzen dituen feria gunea aldatzeko hautua egin du Udalak.

Eztabaida handia sortzen duen aferari irtenbidea emateko Boufflers etorbidean emanen dituzte barrakak uztailaren 8tik aitzin, ohi bezala, baina, berritasun gisara, feria gunea zabaltzera jokatu du Udalak. Hala, atrakzioen bigarren gune bat sortuko dute Charles De Gaulle aparkalekuan.

Reduit plazan baita Saintespiritu auzora daraman zubian ere jendea aiseago ibiltzeko hartu dutela erabakia defendatu dute udal ordezkariek.

Hori soilik ez, auzoen kexak pisua izan du lekualdaketa erabakitzeko orduan.

Oro har, besten denboran zarata gutxitzeko erronkari heltzeko asmo osa duela nabarmendu du Baionako auzapez Jean-Rene Etchegarayk.

Iaz bezala, txaranga eta kaleko animazioak isilarazten dituzten dezibelio handiko musikak saihesteko gurutzadarekin jarraitzeko erabakia berretsi du alkateak.

Errespetua eta tradizioa aldarri, lokaletatik kanpo burrunba handia sortzen duten ostalariei ohar seriosa egin die hiriko agintariak. Isunak prest ditu.

Beste hainbeste gertatuko zailela bestaren garbitasuna auzian ematen dituzten bestazaleei oharrarazi du udalak. 135 euroko isuna emanen diete karrikan txiza eginen duten bestazaleei.

Berrikuntza handia ez bada ere, urtetik urtera prezioak gora egiten duelako, ostiral eta igande gaua bitartean eremu itxian sartzeko erabili behar den eskumuturrak 15 euro balioko du aurten.

Baionako bizilagunek ez, baina gainerako bisitariek besta igarobide hori beharko dute ordaindu, gero eta kostu handiago duen bestetako segurtasuna ordaintzen laguntzeko.

Urtero bezala, auto istripuak eta aparkatzeko komeriak ekiditeko, garraio publikoa baliatzeko gomendioa eman dute udal arduradunek.

Era berean, alkoholaren gehiegizko kontsumoari loturuko lanjerak nabarmentzen dituen prebentzio kanpaina eginen dute.

Horretaz gain, bestazaleen deskantsua ahabidetzeko pausalekuak emanen dituzte.

Finean, Safe toki eta Angela dispositiboek bere eginen dituzte Baionako peñek, hala bortizkeria sexistak eta eraso homofoboak saihesteko kolektibo feministek eta Txalaparta peñak (LGBT+) hauspotzen duten prebentzio programari haien ekarpena eginez.