El Columpio Asesino.
El Columpio Asesino. (Mikel Mtz. de Trespuentes)
Cristina Martínez, de El Columpio.
Cristina Martínez, de El Columpio. (Mikel Mtz. de Trespuentes)
Slowdive
Slowdive (Mikel Mtz. de Trespuentes)
Zea Mays.
Zea Mays. (Mikel Mtz. de Trespuentes)
Aiora Renteria, muy arriba.
Aiora Renteria, muy arriba. (Mikel Mtz. de Trespuentes)
Alcalá Norte.
Alcalá Norte. (Mikel Mtz. de Trespuentes)
Aspecto de Kobetamendi.
Aspecto de Kobetamendi. (Mikel Mtz. de Trespuentes)

El Columpio Asesinok agur, Zea Maysek disdira BBK Liven azken egunean

Euskal Herriko bi taldeek sekulako kontzertuak eskaini dituzte BBK Liven 2024ko azken jardunaldian. Gaua sartu aurreko uneetan etxeko taldeek kartelburu izateko arrazoiak eman dituzte beste behin ere. Nazioarteko artistek albotik entzun badituzte, gozatu ederra hartuko zuten, ziur.

Larunbata, 17:30ak, Kobetamendi nahikoa hutsik. Oki Moki garaiz hasi den arren, Airukoek itxarotea erabaki dute. Edo hori erabaki du norbaitek behintzat, soinu froga luzatu egin baitzaie. Negutegian beroa egiten zuen gaurkoan eta berotasun horren bueltan berrogeita hamarren bat lagunen aurrean aritu dira Oki Mokikoak beren surf-rock eta punk doinuak lantzen. Esperimentazio gutxi gaurkoan.

The Smiths gustatzen zaionik ba ote den galdetu du Aritz Aranburu gitarra-jotzaileak kantu eta kantu artean. Morrissey ez, The Smiths. Bada haiek entzutearen, ardoa edatearen eta dantzatzearen inguruan hitz egiten duen kantu berria aurkeztu dute horren harira, gazteleraz sortua. Programazioak, mazoekin jotako bateria eta ahotsak baino ez dituen abestia. Laster zerbait gehiago etorriko da, ziur.

Penaz agur esan behar izan diogu Oki Mokiri, Airu ere oholtzan zelako eta zuzenean ikusi gabe ginelako gaur arte. Negutegian baino jende gehiago zegoen, baina ostiralean gertatu bezala, merezi baina gutxiago. ‘Bailar sobre mi espalda’ kantua izan da entzun dugun lehena, progresiboa den hita, kantu dantzagarria oso. ‘Verte de espaldas’ kantua etorri da atzetik, jendea kantari jarri du eta barre hunkitu bat sortu dio horrek Irune Vegari. Gitarra eta sinteen nahasketa interesgarria, punk goxo-goxo bat lehen orduetarako. Kontraste handia Oki Mokirekin. Lehen diskoa osorik aurkeztu dute gaur Airu taldekoek, ‘Con lo bueno y con pena’, baina TOC taldearen ‘Anegauta’ bertsionatu dute eta udazkenean aterako dela esan du Vegak. Atzetik aurkeztu duten abestiarekin batera etorriko den singlea, bi estilo desberdin. ‘Coloco los pies’ dantzagarriarekin esan digute agur, gerturatu direnak pozik geratu dira. Baita taldekideak ere.

Beroketa

Alcala Norteren abiadura eta energia Nagusia oholtzan atzetik etorri dena, baina, pop-punk amerikarraren maitaleek sorpresa bat zuten Txiki oholtzan Good Neighbours talde britainiarrarekin. Tropikaleo pixka bat ere bai, Afrikar doinuak oso modan daude azken boladan. Dena dela, gu, Nagusia oholtzara bideratu gara. Jende mordoxka zegoen Alcala Norte ikusten gu iristerako, Carolina Duranteren tankera duen musika da madrildarrena, rocketik eta indietik edaten duena. Elastiko zuri gorriarekin agertu da oholtzan abeslaria, peñaren baten elastikoa zen. Jendea dantzan, gustura zebilen; energia positiboa eskaini dutena. «Beber es un gran placer» abesten ari ziren bitartean zigarro-puruak bota dituzte publikora opari eta azken txanpan sartu dira ‘La Vida Cañon’ abestiarekin. Zea Maysen kontzertua ongi berotu dute aurrekoek.

Aiora, benetako lehoia

Betiko introa erabili du gaurkoan ere Zea Maysek, Yann Tiersenen ‘Le Vals D'Amelie’. Publikoan bikote bat fandangoa dantzatzen hasi da, irribarretsu, baltsaren konpasa aprobetxatuz. Lentejuelazko soineko beltza eta bota gorri-gorriak jantzita eta lorea buruan zuela Aiora eta beste hiruak ere pozarren agertu dira oholtzan.

‘Adore’ izan da lehen abestia, energia dosia. Azken konpasetan Aiora korrika irten da oholtzatik, entzuteko arazoren bat izan du itxuraz. Segituan konpondu dute dena eta normaltasunez joan da bukaeraraino. 'Haizearen jainko beltza' etorri da gero, ‘Atera’ diskotik. A zer indarra sentitzen zen lehen lerroan, gustua ematen du halako bolumenean taldeaz gozatzeak. ‘Kuraia’ kantua barruraino iristen den horietakoa da eta hala izan da gaurkoan ere, une benetan ederra eta hunkigarria. Aioraren gaitasuna itzela da, eta eztarrian korapiloa ere jarri zaigu abestia sortu zen garaiaren bueltan bizi izan zuen guztia gogoratuta. ‘Kemena’ jo dute segidan trilogia ixteko eta abestiaren erritmoak eta Aioraren irribarreak dena goxatu du segituan.

‘Corazon de Tango’-ren txanda, Bilbon ereserkia da ezbairik gabe eta tamainako erantzuna eman dio publikoak. Beste ereserki bat atzetik, ‘Kea’. 25. urteurreneko errepasoa egin genuenean esaten genuen, mila ereserki eta mila hit egin dituela Zea Maysek bere ibilbidean, bada zuzenean hori ikustea puntu estra bat da beti. ‘Atera’ diskoan segi dugu ‘Oihu’ kantuarekin, beste dinamika bat duen abestia; pausatuagua orain, azkarragoa gero, barealdi modukoa. ‘Negua joan da ta’ etorri da segidan eta mugikorrak zerura igo ditu publikoak instantea hartzeko. Izpi txikiak eguzkiarenak izan dira kantuak iraun zuen denboran, sekulako disdira zuen talde baten atzeko aldean agertu baita Kobetamendin. Geratu gabe jo dute kontzertu guztia eta ‘Kukutza’-rekin agurtu gaituzte. Halako espazioetan beharrezkoak diren mezuak zabalduz bukatu dute kontzertua: «Taupadaka esnatuz etsita gaudenak, taupadaka esnatuz lotan daudenak». Bakoitzak bere ondorioak atera ditzala. Txorakeria gutxi, teknikoki behar askorik sortu gabe eta kontzertu borobilenetakoa eskaini du aurtengo BBK Liven edizioan talde bilbotarrak.

Columpioren agurra

Txalo batzuk jo eta Nagusia oholtzara egin dugu salto. Iristen ari ginela Jaime Nieto oholtzara sartu da. Cabezafuego handia baxuan atzetik, ‘Amarga Baja’ birarako egin duten fitxaketa. ‘Babel’ kantua izan da lehena eta publikoak bat egin du gure inguruan lehen konpasetik. «Arde Babel» ez, Kobetamendi jarri nahi zuten sutan nafarrek. Erritmoa mantendu dute ‘La lombriz de tu cuello’ kantuarekin eta beste sakontasun bat eta izpiritu raveroago bat ekarri du ‘Ballenas muertas en San Sebastian’ abestiak. Cris publikoaren hartuemana bilatuz hasi da lehen instatentik. Eroso egon zitekeen Nagusia gunean baina betekada batetik gertu ginela nabari zen, buruz betetako itsasoak inguratzen gintuelako dagoeneko.

Bi ahotsen arteko kontrastea dotorea da oso, Albaro Arizaletarena eta Cris Martinezena antzekoak bezain desberdinak direlako. Dena orekatuta entzun da, une bakoitzean atentzioa zuk nahi zenuen horretan jarri eta garbi nabaritu zenezakeen. Raul Arizaletak gitarran egiten duen lana ere nabarmentzekoa da. ‘Entre cactus y azulejos’ kantuaekin beren goreneko garaiko soinuetara eraman gaituzte eta segida eman dion ‘Sirenas del mediodia’ 2020ko kanta bada ere, badu izpiritu hori. ‘Diamantes jo dute atzetik, 2023an Love of Lesbian taldeko Santi Balmesekin batera moldatu zuten 2011ko diskoari izena ematen dion kantua. Publikoa berriz ere abesten.

Jaimek eta Iñigok instrumentuak trukatu dituzte ‘Perlas’ abestian. Hau ere moldatu zuten iaz, kasu honetan Vetusta Moralko Puchorekin. Kanturik rockeroena ezbairik gabe. Jaimek baxuan JIELen duen pultsu bera duela erakutsi du, hatz nekaezinak dituela zirudien. Kantu bakarra iraun du trukeak, ordea. ‘Huir’ kantuan aurrean zuen pasarelara atera zen Cris, dantza eginaz publikoa goian jarri du; kantuak berak duen sentsualitate propioaz baliatu da horretarako. Bazekien bukaera iristen ari zela eta betirako gogoratuko dugun ‘Toro’ jo behar zutela berehalakoan. Tartean, ordea, 60etako ukitua duen ‘Preparada’ etorri da. Aske, dantzan eta izerditan Cris, disfrutatzen.

Atzera pausua eta gitarra lepora Crisek. Kobetamendin azken aldiz, hankaz gora jarri dute guztia ‘Toro’-ren lehen unetik azkeneraino. Kantutzarra eta agurra. Gaua hasi besterik ez da egin BBK Liven eta dagoeneko dena oso goian zegoen. Slowdiven garaian egunkarirako idazten izan gara, baina dena txukun bidali dugu Jungle taldea hasi denerako.

Azken txanpa

Talde britainiarraren aurkezpena 80etako sinteak eta bonboa beltzetan joz ari zirela. Perkusioko elementuak, funky baxua… halako elementuak gehituz joan dira Bada, hori, ongietorria oihanera. ‘Candle Flame’ kantua jo dute laster batean, hain dantzagarria den musikarirekin kandelak soberan izango genituzte akaso. Baita argia ere, baina ‘Dominoes’ kantuan argi jolasek protagonismoa hartu dute. Atzo nabarmendu genuen, baina gaur berriz ere esango dugu. Urtetik urtera hobetuz doan atala da bisualarena. ‘Heavy California’ etorri da gero eta une horretan atseden hartzera gidatu gaituzte oinek.

Sentsazio kontrajarri batekin, gainera. Musika beltzaren apropiazioa geroz eta ageriagokoa dela gurean, eta beltzak ez direla hainbeste oholtza gainean. Egia da, Jungle taldearen kasuan Manchestergo elektronika industrialetik ere entzun dugula zerbait, baina ez da haien kontua bakarrik. Dantzagarriak diren musikak dira egun protagonista, sampler bidez askotan ekoiztuak, eta sampler horien atzean musikari beltzak eta haien musika dago askotan. Zer pentsatua ematen duen gaia.

Islandia eta Faroe Irletatik etorritako Kiasmos bikoarekin eman dio jarraipena aurtengo BBK Livek. Ólafur Arnalds and Janus Rasmussen dira musikariak eta techno esperimentala egiten dute. ‘II’ deituriko lan berriarekin etorri dira Bilbora. Eta, elektronika kontuak goian zirela, Arcade Fire taldea 1:30ean. Ordutegi aldetik, akaso, Jungle eta Arcade Fire alderantziz eskertuko zituen publikoak gaurkoan, baina badakigu halakoetan beharren araberakoak izaten direla kontuak. Gaur egungo indiearen erakusle nagusienetakoak dira eta ia 25 urteko ibilbidea ospatu dugu denok batera Kobetamendin. Urtero bezala John Talabotek itxiera eman arte jarraitu du festak Kobetamendin. Datorren urtean, gehiago.