NAIZ

Milioidunen zerrendan sartu da Bruce Springsteen

Bruce Springsteen mila milioi dolarretik gorako dirutza duten musikarien klubean sartu da, Rihanna, Jay-Z edo Taylor Swiftekin batera, ‘Forbes’ aldizkariaren arabera. Era berean, ‘The Boss’ beste zerrenda batean sartu berri da ere lehen aldiz: Billboarden country abesti onenenen zerrendan, alegia.

New Jersey langilean jaioa, Amerikako proletario eta herritar xumeen ahotsa bihurtuta, Bruce Springsteenek «dirutza pilatu» du hainbat hamarkadatan «bere sustraiei kantatuz», irakur daiteke ‘Forbes’ aldizkarian. Zenbat diru du? Aldizkariaren arabera, 1.100 milioi dolar.

‘Greetings from Asbury Park, N.J.’ (1973) lehen lanetik, ‘The Bossek’ 140 milioi album inguru saldu ditu mundu osoan, eta bere biografia bestseller mailara iritsi zirn liburu-dendetan. Amets amerikarraren ezbeharren abeslariak 20 Grammy sari eta Oscar sari bat irabazi zituen ‘Streets of Philadelphia’ (1994) lanarekin.

‘Born in the USA’ eta ‘Dancing in the Dark’ kanta indartuen egileak bere ondarea handitu ahal izan zuen 2021ean, bere katalogoko eskubideak Sonyri saldu zizkionean, 500 milioi dolarren truke.

Halere, bere sustraiei eutsi egiten die eta ‘E Street Band’ bere jatorrizko taldeari leial jarraitzen du ere. 2025. urtera arte luzatuko den nazioarteko biran sartuta daude egun, buru belarri.

Nazioarteko bira burutzen ari da The Boss. Argazkian, uztailaren 19an Stockholmen eman zuen kontzertua. (MAGNUS LEJHALL / AFP)

Beste albisteen protagonista izan da Springsteen egun hauetan. Hobe berandu inoiz ez baino, esaten ohi den bezala, 74 urte dituenean mugarri garrantzitsua gainditu duelako bere ibilbidean: bere ibilbidean lehen aldiz Billboardeko country abesti onenen zerrendan sartzea lortu dbabaituituu. Hau Zach Bryani artista gazteari esker lortu du, ‘The Great American Bar Scene’ diskoko ‘Sandpaper’ abestian kolaboratu duelako Springsteenek.

Izan ere, diskoak zerrendako 26. postuan egin zuen debuta, eta hori erabat berria da The Bossentzat. Hori nahikoa ez balitz, Springsteenen lehen country arrakasta bihurtzeaz gain, kanta honek Billboarden 100 abesti onenen zerrendara itzultzeko aukera eman dio. Hain zuzen ere, azken 15 urtetetan lortu ez duena.

‘Sandpaper’-ek 71. postua lortu zuen ‘Hot 100’ zerrendan, eta zerrenda honetan sartu zen Springsteenen azken gaia ‘Working on a Dream’ (95. postua) izan zen 2009an.