SPONSORED CONTENT

Villabona, Astigarraga, Soraluze eta Mendaro jaietan murgilduko dira aste honetan

Asteazken hau egun seinalatua da Santio eta Santa Ana jaiak ospatuko dituzten Gipuzkoako herrietan: Villabona, Astigarraga, Soraluze eta Mendaro. Guztietan txupinazoa botako dute jai egitarauari hasiera emanez.

Villabonan zortzi egunez luzatuko dira jaiak, uztailaren 24tik 31ra.
Villabonan zortzi egunez luzatuko dira jaiak, uztailaren 24tik 31ra. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Villabonan, beti bezala, zortzi egunez luzatuko dira jaiak (uztailaren 24tik 31ra) eta jai batzordeak ekitaldiz jositako egitaraua prestatu du bertaratzen diren gozamenerako, hala nola buruhaundi, ipotx eta erraldoien kalejirak, Otsabi Fest sortzaileen gunea, musika kontzertuak, herri krosak, konpartsa herrikoia, xake jokoa, Erromeria Eguna larunbatean, pilota txapelketak, haur jolasak, kuadrillen bazkaria…

Aurten, Irrika Aisialdi Elkartea arduratuko da Santio jaiei hasiera emango dien erroskila igo eta txupinazoa jaurtitzeaz. Horrela, jai batzordeak Irrikak azken urteetan herriko haur eta gaztetxoekin garatu duen hezkidetza lan bikaina aitortu nahi izan du.

Bestalde, badira urte batzuk Santio jaiei amaiera emateko erroskilaren hileta egiten ez dela. Aurten, ordea, herritar talde batek, Santioei amaiera polit bat eman nahian, ekimen hori berreskuratuko du, hainbat berrikuntza gehituta.

Aurtengo jaietan ere herriko Mugimendu Feministarekin elkarlanean osatutako indarkeria matxistaren aurkako protokolo berezi bat egongo da martxan. Horrekin batera, 24 orduz arreta eskainiko duen telefono zenbakia ere erabilgarri egongo da, eraso matxistaren bat pairatu edo ikusiz gero, laguntza eskatzeko (697 11 66 11).

Villabonako jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Industrial Borobil, Villabonako Udala, Labegoxo, Iratzar Taberna.

Astigarragan asteazken arratsaldean botako dute txupinazoa, oraingo honetan Gaztelekuko gazte eta nerabeen eskutik. (Jon URBE | FOKU)

Astigarragan ere asteazkenean botako dute jai hasierako txupinazoa, oraingo honetan Gaztelekuko gazte eta nerabeen eskutik, beren 25. urteurrena dela eta, eta egitaraua bost egunez luzatuko da, igandera arte hain zuzen.

Lehen egun honetan herri bazkariak izango dira protagonista, Joseba Barandiaran plazan Gaztelekuko bazkaria eta Foru Plazan haur bazkaria egingo baitira. Arratsaldeko txupinazoaren ondoren, Gazte Asanbladaren txosna irekiera egingo da eta gauerako, zezen suzkoa eta kontzertuak daude iragarrita.

Osteguneko Santio egunaren ondoren, ostiralean Santa Ana eguneko azoka berezia ospatuko dute, Goldea eta Zipotza elkarteek eta Sagardoetxeak antolatuta. Joaldunek eta trikitilariek alaituta, baserrigintzako artisauak eta sagardo dastaketa izango dira, baita idi dema eta bertsolariak ere. Arratsaldez, herri kirol jaialdia eta pilota partida profesionalak izango dira.

Larunbatean gastronomia izango da protagonista, marmitako eta patata tortilla lehiaketekin, eta igandean erretiratuen bazkaria eta bertso jaialdia, besteak beste.

Astigarragako jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Zamalbide Albaitaritza Klinika, Astigarragako Udala, Lizeaga Sagardoak.

Soraluzen kanoikadarekin zabalduko dituzte jaiak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Soraluzen Santiago eta Santa Ana jaiak ospatuko dituzte asteazkenetik larunbatera. Aurten, herriko danborrada izango da berritasun nagusia, urte batzuetako hutsunearen ostean, indarberrituta itzuliko delako. Ostegun gauean izango da hori (uztailak 25) eta, 40 musikariren doinuei jarraituz, 150 partehartzailetik gora arituko dira kaleak erritmoz blaitzen.

Baina lehenago, asteazken arratsaldeko 19.00etan, kanoikada botako dute jaiei hasiera emanez eta ondoren Galtzagorri txarangaren kalejira abiatuko da, buruhandiak lagunduta. Osteguneko ekitaldirik nagusiena, aipatutako danborradaz gain, eguerdian izango den Txantreako erraldoi, kiliki eta gaiteroen kalejira izango da. Ostiralean presoen aldeko bazkaria egingo dute eta larunbatean Soraluzeko Arrozak ekitaldia eta batukada.

Musika arloari dagokionez, honako taldeen emanaldiak daude iragarrita plaza zaharrean: Tapia eta Leturia Band (asteazkena 24), Oihan Vega (osteguna 25), Zopilotes Txirriaos (ostirala 26) eta Goxua'n Salsa (larunbata 27). Eta Zubi Nagusian, berriz, honakoak: Malko, Zentzu Okerrak eta Kaparrak (asteazkena 24), Sheldon's Brothers eta Fan & Go (osteguna 25), DJ Santos (ostirala 26), Maracumbé, Partiperes, Etxepe eta M&M (larunbata 27).

Soraluzeko jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Goki erreformak, Soraluze Udala

Mendaron ere asteazkenean hasiko dituzte jaiak, arratsaldeko 19.00etan botako duten txupinazoa eta Katasorginaren jaitsierarekin. 2023an jaiotakoei Santanetara ongietorria ere egingo zaie pleno aretoan.

Ostegunean Santixago eguna ospatuko dute, ostiralean Santa Ana eguna, larunbatean Kuadrillen eguna eta igandean umeen eguna. Musika arloari dagokionez, honako taldeen emanaldiak daude iragarrita: Akerbeltz, Lisker, Beranduegi, Mugi Panderoa eta Oskarbe.

Mendaroko jaietako erakunde laguntzailea: Mendaro udala.

Ordizian, azkenik, pasa den asteburuan hasi zituzten jai ekitaldiak eta, bi eguneko atsedenaldiaren ondoren, asteazken honetan itzuliko dira, eguerdian botako duten txupinazo ofizialarekin, aurten, Ordizia Igeriketa, Ordizia Rugby eta Urdaneta ikastetxeko ordezkarien eskutik. Egun honetan ere ohiko asteroko azoka egingo da.

Aurtengo jaiak hurrengo larunbata arte luzatuko dira (uztailak 27), orduan ospatuko baitute santanazaleen eta kuadrillen eguna. Ohiturari jarraituz, Santa Anaren biharamunean, urte honetan ezkondutako bikoteek 1509tik egiten den aurreskua dantzatuko dute.

Gaueko kontzertuei dagokionez, honako talde hauen emanaldiak daude iragarrita: Rockalean (asteazkena 24), Golden Apple Quartet (osteguna 25), Los Tenampas (ostirala 26), Urrats eta London Orkestra (larunbata 27). Eta txosnagunean, berriz, hauexek: Hilerri, Arrixku, Katu eta DJ Atenenas (ostirala 19), DJ N-Lezz (larunbata 20), Stepi Selektah eta Bassagain Soinu Sistema (asteazkena 24), DJ Tintz (osteguna 25) eta Balantza erromeria, Mutiko eta Jon Ritter (larunbata 27).