«Jainko bakoitzaren izaeran sakondu dut musika sortzerakoan»
Amalur, Ilargi, Mari, Ortzi, Ekhi eta Gaueko bezalako jainkoak dira Xabi Olkoz Quartet-en ‘Eguzkilore’ ikuskizunaren protagonistak. Mitologiarekiko eta musikarekiko, jazzarekiko bereziki, duen grina batu ditu proiektu honetan Olkozek.
Xabier Olkozen lehenengo proiektu pertsonala da ‘Eguzkilore’. Berea da hasierako kontzeptua eta musika ere berak idatzia da. Zazpi musika pieza sortu ditu ikuskizunerako eta ikus-entzunezko batekin osatzen da obra. Ordubeteko ikuskizuna, etxeko txikienei zein adineko ikusleei zuzendua.
Jazz musika eta mitologia ditu ardatz Olkozen proiektuak. Musikagilearen pasioetako bi. «Hasiera batean, itxuraz, ez dute harremanik bi gaiek. Ohiko errepertorio klasikoa izan ez dadin buelta bat eman nahi izan nion», kontatu dio NAIZi.
Olkozek (bateria eta perkusioak) ondorengo musikariak ditu bidelagun proiektu honetan: Jon Zufiaurre (saxo tenorea); Bernardo San Martin (pianoa eta teklatuak); eta Jorge Sanchez (kontrabaxua).
Amalur, Ilargi, Mari, Ortzi, Ekhi eta Gaueko bezalako jainkoak ditu ardatz Xabi Olkoz Quartet-en ‘Eguzkilore’ ikuskizunak. Jazz doinuz jantzita datorren Eguzkiloreren elezaharraren kontakizuna da. Uztailaren 27an 12.00etan Zugarramurdiko kobazuloa bezalako kokagune bereziak hartuko du.
Pertsonaia bakoitza agertokian jokoan sartu aurretik, kontestualizatu egiten du Olkozek bere inguruko informazioa emanez. «Kondaira ahoz kontatzen da eta ondoren musikaren bidez istorioan sakontzen dugu», esan du. Ion Jimenezek atondu ditu Olkozen jatorrizko testuak eta Ainara Ortega jarri dio off-eko ahotsa.
Ilunetik argira
«Eguzkilorek ekarri gintuen giza mundura. Kondairak kontatzen du ilunpetan bizi ginela eta Amalurri eskatu geniola argiren bat ekar zezan, etxetik kanpora atera ahal izateko. Ilargia sortu zen horrela, baina tarteka desagertzen zenez eta Ekhi agertu zen orduan. Gauez ere, bera ezkutatzean, etxera bueltatzen dira eta horregatik beste erregu bat egin zuten. Eguzkilore sortu zuen Amalurrek. Handik dator gizakiok etxeko sarreran eguzkilorea jartzeko dugun ohitura. Ondorioz, numenak eta izpiritu gaiztoak ez ziren etxera sartzen. Gaur egunera arte iritsi den sinesmena da», adierazi du Olkozek.
Gauaren ilun beldurgarritik, egunsentira eta ama lurraren goxotasunera. Hauxe ikusleak ikuskizunaren bidez egingo duen bidea. «Gaueko ilunpetan ibiltzen da. Musikaren bidez plazaratu nahi izan dut bere izaera. Armonia ilunagoak entzun daitezke berari dagokion zatian», azaldu du.
Txikitatik musikaren inguruan aritu da Olkoz. «Betidanik, ez dut beste ezertan lanik egin», dio. Perkusio eta bateria irakaslea da hainbat musika eskolatan, Tafallan, Irurtzunen eta Etxarri Aranatzen.
Mitologiarekiko interesa ere aspaldikoa du. «Gustukoa dut natura. Hainbat erlijio sortu dira historian zehar baina nik nahiago dut horien aurreko pentsaera. Kasu honetan euskal mitologia da, baina Europa mailan ere gauza bera gertatzen da. Ekhi, Ilargi... eguzkia edo ilargia ez zenean erraldoiekin eta pertsonaia mitologikoekin bizi ziren gure arbasoak. Ortzi, Mari eta Amalur bezalako pertsonaiak ere agertzen dira ikuskizunean. Jainko bakoitzaren izaeran sakondu dut musika sortzerakoan», esan du.
«Bada jazza ulertezina egiten zaionik. Nire helburua zen nire ingurukoek ere gustukoa izan zezaten nahi nuen». Nola eraman asmoa musikara? «Inguruko musikariek bezala sustraietatik edan dugu. Euskal folkloretik jaio dira melodia ia gehienak, kasu askotan ahaztuta daudenak. Horiez gain badaude oso ongi antzematen direnak, bertso doinuak, dantza doinuak... horren atzetik ibili naiz bueltaka», kontatu du.
Musika pieza herrikoiak bildu ditu Olkozek, «mitologiarekin gertatu bezala ahoz aho transmititu direnak; ez dute autore jakinik».
Diskoa
Tafallan ikusi zuen argia ikuskizunak 2022ko apirilaren 29an. «Oso ongi joan zen. Hasieran deserotasuna sentitu zutela aipatu zidaten ikusle batzuek. Nik hori bilatzen nuen. Izan ere, historiako hasierako bizipenak ez dira onak, gizakiak ez ziren gustura bizi. Horixe transmititu nahi nuen artearen bidez. Badirudi lortu dudala. Argiago amaitzen da, bolero erromantiko polit batekin. Txarangen melodia batetik sortutakoa da, Euskal Herrian kalejiran jotzen dena. Hil ziren lagun batzuei omenaldia egin zitzaien eta nik nire omenaldi propioa egin izan nien. New Orleanseko eragina duten musikak entzuten dira amaieran; denetarik dago», dio.
Orain berrekin diete emanaldiei. «Estreinatu genuenetik diskoa grabatu bitartean hainbat emanaldi egin genituen baina beste proiektu batzuetan ere bagenbiltzan. Orain gogo gehiagoz hartu dugu», esan du.
Musika hainbat lekutan jo eta gero grabatu egin zuten otsailaren 9an Gaztelupeko Hotsak disketxearen Errabal zigiluan. «Eurekin harremanetan jarri ginen, gustatu zitzaien eta argitara emateko aukera luzatu ziguten. Eta orain diskoaren aurkezpenaren biran gabiltza. Diskoan testua ere badaude. Jendeak etxean lasai irakur ditzazke kantuak entzuten dituen bitartean eta sentsazio ezberdinak sentitu».
Zugarramurdiko emanaldian kokagunearen berezitasunetara moldatuko dute ikuskizuna, aldaketa batzuk sartuz.
Musikak egoera zaila
«Udan bai, sorten dira jazz emanaldiak, baina neguan batere ez». Hauexek bere hitzak Euskal Herriko jazz zirkuituaz galdetzean. «Altxerrik Donostian ateak ixtea oso latza izan da. Bilbon Jazzon eta Dazz Gasteizen badaude, eurekin harremanetan gaude, ea dataren bat ateratzen den. Iruñean Garazi tabernan asteartero daude emanaldiak baina besterik ez. Jazz jaialdi handiak egiten dira baina txikientzat ez dago inbertsio publikorik. Eta ez dago zirkuiturik. Ez beste musikatan ere. Oso-oso gaizki ikusten dut. Antzerki mailan badaude laguntzak, zirkuituak ere... baina musikarentzat laguntzak urriak dira», dio etsipenez.
Erakunde publikoetako arduradunei «Seguritate Sozialaren alorrean zeozer egitea» eskatuko lieke. «Artiston erregimena ezberdina da. Agian alta ematen duzu kontzertuaren egunean, baina entseguak hiru egunetan egin dituzu. Intermitentziaren figura dute Frantzian, adibidez. Irakurri dut artisten estatua mugitzen ari direla baina gauzak beti airean geratzen dira. Musikariok alta emateko erraztasunak ematen eskatuko nieke, prest gaude ordaintzeko. Pertsona fisiko batek ez izatea enpresa bat sortu beharra».