SPONSORED CONTENT

Agurain eta Atarrabiako jaiak, datozen egunetako hitzorduak

Urriko lehen bi asteburuetan ez da jai ospakizunik faltako Euskal Herrian. Oraingo honetan, Arabako Agurain eta Nafarroako Atarrabia dira jaiak ospatuko dituzten herriak, larunbat honetan hasi eta urriaren 13a arte.

Aguraingo jaiek jende ugari erakartzen dute urtez urte.
Aguraingo jaiek jende ugari erakartzen dute urtez urte. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Agurainen larunbat arratsaldeko 19.00etan botako dute txupinazoa, oraingoan Sagarmin kultur elkartearen eskutik, eta jai egitaraua hurrengo igandera arte luzatuko da (urriak 13). Tartean, urriaren 8an (asteartea), Aguraingo azoka famatua egingo da (aurten, 629. edizioa), Ordizia eta Gernikakoarekin batera, Euskal Herriko zaharrena.

Baina esan bezala, herriko jaiak larunbat honetan hasiko dira (urriak 5) eguerdian egingo den txosnagunearen inaugurazioa eta gazte bazkariarekin. Arratsaldean, omenaldia egingo zaio Sagarmin Kultur Elkarteari, herriko tabernaren 40. urteurrena dela eta, eta 19.00etako txupinazoa bota ondoren, erraldoi eta buruhaundiak abiatuko dira Aguraingo musika bandak lagunduta.

Gauerako musika eskaintza zabala dago iragarrita: ETS eta La Excavadora taldeen kontzertuak, Garilak 26 taldearekin dantzaldia eta DJ Malandro.

Igandean, herriko blusek eta neskek lore eskaintza egingo diote Arrosarioko Ama Birjinari, ondoren vermouth dantzaldia izango da Los Tenampas mariatxiekin eta arratsaldean, besteak beste, batukada eta herri parrillada egingo dira.

Astelehena herriko adinduei eskainitako eguna izango da, asteartea azoka eguna, eta bi eguneko atsedenaren ondoren, egitaraua ostiralean itzuliko da (urriak 11), Aguraingo bolo txapelketarekin. Larunbatean (urriak 12) kalderete lehiaketa eta kulturarteko kalejira egingo dira eta igandean (urriak 13) herri kirolak, euskal dantzak eta bertso bazkari herrikoia izango dira, besteak beste.

Aguraingo jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Aguraingo Udala, Otxoa taberna, Sagarmin herriko taberna.

Atarrabiako Kiliki eta Erraldoien konpartsa kalez kale ibiliko da asteburuan txarangaren laguntzarekin. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Udal langileen txupinazoa Atarrabian

Atarrabian ere urriaren 13a arte luzatuko dira jaiak. Egitarauak 121 ekitaldi izango ditu, herriko kolektibo eta pertsona desberdinen partehartzearekin antolatutakoak eta herriko giroa alaitzen lagunduko dutenak.

Jaiei hasiera emango dien suziria larunbatean (urriak 5) eguerdiko 12.00etan botako dute. Aurten, Udaleko Obra, Lorategi eta Garbiketa Zerbitzuetako langileak izango dira txupinazoa botako dutenak, hala erabaki baitzuen herri-bozketan parte hartutako herritarren gehiengoak. Aukeraketa honekin, langile horiek herrian egiten duten lan ona eskertu eta saritu nahi izan dute.

Lehenbiziko asteburu honetan protagonismo berezia izango du Erraldoien eta Kilikien konpartsak, goiz eta arratsaldez irtengo baitira kalejiran, txistularien, gaitarien eta EZK txarangaren laguntzarekin.

Haur eta gazteek ere hainbeste maite duten zezen suzkoa ere egunero irtengo da, eta nahi duenak ere bigantxak izango ditu astelehen eta astearte arratsaldean. Gastronomia ekitaldiak ez dira faltako aurtengo jaietan. Horrela, asteartean saiheski-jate herritarra egingo dute eta ostegun arratsaldean patata tortilla txapelketa.

Hurrengo asteburuari begira, ostiral arratsaldean (urriak 11) pilota partida profesionalak izango dira (Gaskue vs. Eskuza eta Altuna-Martija vs. Peio Etxeberria-Zabaleta) eta gauean rock kontzertuak txoznagunean (Dupla, Alarma Morea eta Baizera taldeekin).

Larunbatean (urriak 12) txikien suziria botako dute Udaletxeko balkoitik, eguerdian kaldereteak izango dira Ultzama auzoan eta iluntzean, GazteDiberFest aniztasunaren jaia. Aurtengo jaiak amaitzeko, igandean (urriak 13) txistularien alardea, haurrentzako parkeak eta, gaueko 21.00etan, Gaixoa ni Udaletxeko plazan.

Atarrabiako erakunde laguntzailea: Atarrabiako Udala.