SPONSORED CONTENT

Urkabustaizko Merkatu Txikiaren laugarren edizioa ospatuko dute igande honetan

Arabako Urkabustaitz herriko Merkatu Txikiaren laugarren edizioa ospatuko dute igande honetan Izarrako plazan eta bertan, artisau ekoizleak eta herriko merkatariak elkartuko dira euren produktuak eskaintzeko. Bezperan, herriko natur-guneak ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du Udalak.

Aurten, denera, hamahiru postu jarriko dituzte Izarrako plazan.
Aurten, denera, hamahiru postu jarriko dituzte Izarrako plazan. (Aritz Loiola | FOKU)

Gorbeialdeko kuadrillako mendebaldean dagoen Urkabustaitz herriak bere Merkatu Txikiaren laugarren edizioa ospatuko du igande honetan (urriak 20), Izarrako plazan, goizeko 11.00etan hasi eta eguerdiko 15.00etara.

Udalerriko merkataritzari bultzada emateko helburuarekin sortu zen azoka honetan artisau ekoizleen eta herriko dendarien bederatzi postu jarriko dituzte, honako produktuekin: gaztak, artisau gozogintza, okela, Urkabustaitzen egindako garagardoa, okindegiko produktuak, belar dendako produktuak, bitxigintza artisaua eta Crochet arropa.

Aurten, berritasun gisa, herritarrei bigarren eskuko arropa edo osagarriak saltzeko aukera eman zaie eta lau postu jarriko dira arlo horretako eskaintza egiteko.

Aurreko urteetan ez bezala, aurten ez da Asteklimari lotuta egongo azoka, baina postuekin batera Udalak umeentzako ekintzak eta musika animazioa antolatu ditu goiz guztian zehar. Horrela, goizeko 11.00etan haurrentzako sormen tailerra zabalduko da eta eguerdiko 12.00etan Izenbarikuak txaranga abiatuko da kalez kale. Ordu erdi beranduago, "Maiteder" antzerki emanadia izango da publiko guztientzat.

Esan bezala, artisau ekoizleen, dendarien produktuen eta bigarren eskuko produktuen postuak eguerdiko 15.00ak arte egongo dira zabalik Izarrako plazan.

Beste zenbait ekitaldi

Azokaren bezperan, larunbat honetan (urriak 19) Lamioxineko urmaela eta Beluntzako ur jauziak ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du Udalak. Hitzordua goizeko 10.00etan izango da Udaletxeko plazan eta ibilbideak hiru ordu eta erdiko iraupena izango du. Itzuleran, hamaiketakoa izango da guztientzat.

Azkenik, datorren igandean, urriak 27, Urkabustaizko XIV. ganadu azoka ospatuko da Izarran. Bertan, behi, zaldi, ardi eta ahuntz aziendaren erakusketa egingo da, baita artisautza eta nekazaritza produktuen salmenta ere.

Urkabustaizko merkatu txikiko erakunde laguntzailea: Urkabustaizko Udala.