NAIZ

Bilbon opera eskaintzeko bost urteko akordioa sinatu dute ABAO eta Euskaldunak

Euskalduna jauregiak eta ABAO Bilboko opera zaleen elkarteak bost urteko akordioa sinatu dute Bizkaiko hiriburuan opera programazio jarraia egon dadila bermatzeko. Orain artean sinatzen duten akordio zabalena da, beste bost urtera luza daitekeena.

Iñigo Iturrate Euskaldunako zuzendari nagusia eta Juan Carlos Matellanes ABAOko presidentea.
Iñigo Iturrate Euskaldunako zuzendari nagusia eta Juan Carlos Matellanes ABAOko presidentea. (NAIZ)

Euskalduna Bilbaok eta ABAO Bilbao Operak euren arteko «harreman ona eta sintonia» sendotu dute bost urterako kontratu bat sinatuz, beste bost urtera luza daitekeena. Ohar bidez azaldu dutenez, akordio honek bi erakundeek duela 25 urtetik duten loturari egonkortasuna ematen dio eta Euskaldunan opera entzuten jarrai dadila bermatuko du. Gaineratu dutenez, akordioak euren arteko «aliantza estrategikoa indartzen du, eta finantza segurtasun handiagoa ekarriko du bi erakundeen arteko harremanean».

Nabarmendu dutenez, Euskaldunak eta ABAOk hainbat urterako lankidetza arautzen duen akordio bat izenpetzen duten lehen aldia da. «Bi erakundeen arteko tratua erraztuko du egonkortasun honek eta kontratuak ABAO Bilbao Operaren espazioen eskuragarritasuna handitu egingo du gainera», jarri dute azpimarra, eta testuinguru honetan «publikoarentzat konplexuagoak diren ekoizpenak» eskaini ahalko direla aurreratu dute.

ABAO Bilbao Operak joan den larunbatean, urriak 19, estreinatu zuen bere denboraldi berria Euskalduna Bilbaoko Auditoriumean, ‘Don Pasquale’ operarekin. Maiatzaren 26ra arte luzatuko da denboraldi berria eta bost tituluz eta errezital batez osatutako programa izango du.