‘Begin’ lanarekin debuta egin eta lau urtera, Irati Bilbao durangarra ‘Bloom’ bigarren diskoarekin itzuli da. Bere errepertorioa, jatorrizko konposizioak estandarrekin konbinatzen dituena, ingelesezko, gaztelaniazko eta euskarazko abestiekin. Ostiral honetan aurkeztu du diskoa Bilboko Power Records dendan.
Azken boladan jazz eszenaren barruan izan den irudi garrantzitsuenetako bat eta proiekzio handienetakoa izan deuna da Irati Bilbaorena. Gaztelupeko Hotsak-en zigiluaren erreferentzietako bat da. Soraluzeko diskoetxe beterano hau euskal jazz-eszena berrian mugitzen ari denaren ahots adierazgarria da.
Artearen historian eta kultur kudeaketan graduatua izateaz gain, jazz musikari durangarra Musikenen hezi zen musikalki eta hori erabakigarria izan zen jazz musikara bideratutako ibilbide ederra definitzerako orduan. Bere proiektu pertsonala garatzeaz gain, beste hainbat proiektutan ere parte hartzen du, hala nola, folka aztertzen duen Sarrabete taldean; Ander Ertzilla eta Luigi Anselmiren Ekurun proiektuan; dantza saioetarako standarsak egiten dituen Bilbao Lindy Band bandan; edo Jazzbana Ensembleren ‘Bidai on, amona Braulia!’ ikuskizun familiarrean.
Oraingoan, bere proiektu pertsonalean beste jauzi bat eman du eta ‘Bloom’ diskoa aurkeztu du: Jazz klasikoa eta musika originala, sentimenduz eta teknikaz erdibana hornitua, arima soinuarekin lotzen duen eta arte bihurtzen duen hats sotila.
Zortzi abestiz osatutako lana da. ‘I Fall in Love Too Easily’ edo ‘Devil May Care’ bezalako klasiko estandarren bi birsorkuntza daude, zeintzuei Iratik bere ukitu pertsonala eman dien.
Baina lan honetan Iratik berak idatzitako abestiek hartzen dute protagonismoa. ‘The Tree’ Iratik Irlandan igarotako urtean oinarritzen da, zehazki, bere gelatik ikusten zuen zuhaitz handian inspiratu zen abestia idazteko. Diskoari izena ematen dion ‘Bloom’ kantak, «inspirazio falta dekogunean zernolako pazientzia izan behar dugun» jorratzen du. ‘Intimate’ abestia Isabel Coixeten serie bat ikusi ondoren idatzi zuen eta «maite ditugun pertsonekin konpartitzen dugun intimitateari» buruz hitz egiten du.
Marta Valdesen ‘¿Hacia dónde?’ boleroa ere sartu du diskoan, eta lanari amaiera ematen dio ‘Mendian Gora’ abestiak, jatorriz Imanol Larzabal abeslari eta konpositoreak eta Xabier Amuriza idazle eta poetak idatzitako konposizioa.
Durangarrak Mikel Nuñezen laguntza izan du pianoan, Fran Serranorena kontrabaxuan eta Aitor Bravorena baterian. Eta berrikuntza gisa, Alvaro Zarzuela tronboian eta haize konponketan, Xabier Arriola fliskornoan eta tronpetan, eta Haizea Martiartu saxofoian. Lehen mailako musikariek osatutako banda konfigurazio aparta da, produkzioari eta sonoritateari dagokienez dimentsio berria ematen diona lan honi. Oiartzungo Mecca Recording Studion grabatu, nahastu eta masterizatu zuen Mikel Ezeizak.
Azaroan izango ditu lehenengo kontzertuak. 21ean Barakaldo Antzokian eta 22an Iurretan. Otsailean Bilboko BBK Aretoan izango da.