SPONSORED CONTENT

Nekazal eta abeltzain azokaren txanda, igande honetan, Urkabustaitzen

Aurreko asteburuan ospatutako merkatu txikiaren ondoren, nekazal eta abeltzain azokaren txanda iritsiko da igande honetan, urriak 27, Gorbeialdeko kuadrillako mendebaldean dagoen Urkabustaitz herrira.

Igande honetako azokan zaldi, behi, ardi eta ahuntz aziendak erakutsiko dira.
Igande honetako azokan zaldi, behi, ardi eta ahuntz aziendak erakutsiko dira. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Ohikoa den bezala, urriko azken igandean ospatuko du Urkabustaitz herriak nekazal eta abeltzain azoka. Aurten XIV. edizioa izango da eta, beti bezala, Izarran egingo da.

Jardunaldia goizeko 11.00etan hasiko da, abelburuak azokara egingo duten sarrerarekin. Urtez urte ikusmin handia sortzen duen ekitaldia da eta aurten ere horrela izatea espero da, eguraldiak laguntzen badu behintzat.

Ondoren, zaldi, behi, ardi eta ahuntz aziendak erakutsiko dira eta, horrekin batera, agroelikadura eta artisautza produktuak dastatu eta erosi ahal izango dira. Guztira, 45 postu jarriko dira.

Ohikoa den bezala, azokako egitarauan ez dira faltako goiz guztian zehar bolo txapelketa, musika animazioa Urkabustaizko musika eskolako trikitilari eta panderojoleen eskutik, egurrezko jolas erraldoiak, hurritz makilen lehiaketa eta herri kirolen erakustaldia, Oketa-Zigoitia herri kirol taldearen eskutik.

Eguerdian, Araban aurreikusita dauden makroproiektu energetikoen aurkako kontzentrazioa egingo da plazan eta ondoren, artisautza prouktuen zozketa egingo da aurtengo azokari amaiera emateko.

Udalak jakinarazi duenez, bestalde, igandean autoen zirkulazioa moztuta egongo da tren-geltokiaren eta okindegiaren artean, goizeko 7:30etik 16:00etara, azokara doazen pertsona guztien segurtasuna bermatzeko. Horrela, bizilagunei gogorarazi zaie ezingo dituztela erabili inguru horretako aparkalekuak eta garajeak.

Urkabustaizko nekazal eta abeltzain azokako erakunde laguntzailea: Urkabustaizko Udala.