Bi hilabete badira Chill Mafiak bere desegitea iragarri zuela eta, harekin batera, agur bira bat abiatuko zutela ere aurreratu zuten. Astelehen honetan, bira horren amaiera Bilboko CUBEC! aretoak hartuko duela jakinarazi duten, hamar orduko «festa handi batekin».
Hitzordua 2025eko martxoaren 28rako jarri dute, 20.30ean hasita, eta festak goizeko 6.00ak arte irautea aurreikusten dute. Oholtza euren ibilbidean zehar lagun izan dituzten zenbait talderekin partekatuko dutela ere zehaztu dute. Momentuz, Nerve Agent, Hofe x 4:40, Euskoprincess, Bengo, La Txama, Mirua eta Arepas alboan izango dituztela aurreratu dute.
Hitzordua ireki eta itxiko duten taldeei aipamen berezia egin diete: «Gau berezi hau irekitzeaz beste bi artista arduratuko dira; Puñales DJak jende guztia lehen minututik dantzan jarriko du eta Castelloko Metrika taldeak irekitze kontzertua emango du bere trap, elektronika eta malianteo nahasketarekin. Post-party-an ere erritmoa bermatuta dago, eta goizeko 6.00ak arte luzatuko da, Katza eta Bichos Raros-en DJ saioekin, besteak beste».
Kolaboratzaileen zerrenda izen gehiagorekin osatuko dutela ere aipatu dute.
Sarreren aurre-salmeta asteartean, azaroak 19, goizeko 10.00etan irekiko da SeeTickets bidez eta salmenta orokorra, aldiz, hilaren 21ean abiatuko da, ordu eta plataforma berean.
Hona hemen ZAZPIKAn Chill Mafiari asteburu honetan egindako elkarrizketa.