«Pizpirri zen aitak, isolamenduan zegoenean, aurkitu zuen landaretxo bat. Estolda batetik hartutako landare txiki bat zen. Botila bat erditik moztu eta lurrez bete ondoren, hor hasi zen Pizpirri landarea hazten. Eta guk galdetzen genion aitari: ‘Zelan dago Pizpirri?’. ‘Ondo’, berak. Halako batean, vis a vis batean, atera genuen landarea, etxera eraman, eta handik gutxira Pizpirri hil zitzaigun etxean».
Mintzatu dena Amaiur Iragi da, Harriet Iragi euskal presoaren alaba; zirt edo zart egiten duen emakume bat, antzematen denez. ‘Pizpirri. Pozgarri eta pizgarri’ cd-a Amaiurren indarrak berak aurrera ateratako proiektua da, aita-alaben arteko eremu erabat pertsonala gainditu duena. Musikak dohain hori duelako, kartzelaren harresiaren gainetik aita preso baten eta bere alabaren arteko istorioa sustraitzea.
«Etxerako geldituko zen istorio hau, gero erabaki zen zabaltzea», argitu du Bilboko Biran ostiral honetan egin den aurkezpenean. «Kasu honetan, gure istorioa da, baina guraso bat preso duen edozein seme-alabaren istorioa izan zitekeen. Herri honek horrelako milaka istorio ditu, eta polita iruditu zitzaigun errelatoaren alde hori erakustea», aipatu du.
Cd-aren 2.000 aleko tirada egin da eta, lehenengo, Durangoko Azokan egongo da salgai. Web orrialde bat sortu dute, era berean.
Hamabost urteen bueltan, diskoa
‘Pizpirri. Pozgarri eta pizgarri’ hamar kantez osatutako cd bat da, bitxia oso. Atzean, sentipen asko dago. Amaiurrek: «Ni jaio nintzenetik aita espetxean egon da eta gure bizitza osoan zehar ibili gara gure artean bertsotan eta kantuan, hori izan baita gure harremanen zati handi bat. Diskoa da nolabait harreman horren islada. Nik 7 urte inguru nituenean hasi ginen kantu hauek sortzen: berak sortzen zituen, vis a vis-etan kantatzen genituen eta nik ere etxerako bueltan kantatzen nituen. Etxera egiten zituen deiak, 5 minutukoak, grabatzen genituen eta nik audio haiek gordetzen nituen, Gabonetan eta urtebetetzeetan, aitaren oparia izaten baitzen beti bertso bat. Duela 15 urte hasi eta espetxealdi osoan sortutako kantak dira».
Kantak eta bertsoak trukatuz lortu baitzuten zirrara-lokarria bizirik mantentzea aita-alaba hauek. Aitak kanta horiek onak zirela eta grabatu behar zituztela esaten ohi zion neskatoari, baina dena hor, lozorroan gelditu zen, duela pare bat urtera arte. Alegia, Amaiurrek audio horiek aurkitu zituen arte. «Zelako aukera polita, zelako oroitzapenak», pentsatu zuela aipatu du. Han hasi zitzaion sortzen aitari disko bat oparitzeko gogoa.
Urtebete behar izan zuen parte hartu duten musikari eta bertsolariekin harremanetan jartzeko, beste bat grabazioak gauzatzeko eta iazko Gabonetan aitari bere bizitzako ezustea eman zion. Parte hartu zuten musikoarien artean, izen batzuk ematarren, luzea baita zerrenda, Porrotx –Amaiurrek berarekin kantatzen du ‘Nor da Pizpirri?’– Iheskide, Uda, Xabi Solano, Roberto Moso (Zarama), Niko Vazquez (M.C.D. eta Motorsex), Des-kontrol, Eñaut Elorrieta eta bertsolari talde jendetsu bat (Unai Iturriaga, Oihana Iguaran, Igor Elortza, Alaia Martin, Miren Amuriza...).
Denen artean, mota guztietako gaiak eta estilo anitzeko hamar kantaz osatutako diskoa osatu zuten. Balada erromantiko bat dago, Eskorbutori eskainitako himno gogor bat, jaietako doinu alaiak Marijaia goraipatuz... Aitak eta alabak elkarrekin kantatzen entzungo ditugu kanta batean. Eta nola hartu zuen aitak opari hau? «Ez zekien ezer, dena sekretupean eraman nuen –alabak–. Gabonetan oparitu nion eta hiru egunetara alde egin nuen bidaia batera [aita hirugarren graduan dago egun]. Kristoren ezustea izan zen berarentzat, oso momentu berezia eta hunkigarria».
«Esker hitzik besterik ez dut parte hartu dutenentzat, kristoren lana egin dute ezer bueltan jaso gabe, bai artistek, bai diseinua egin duenak, bai masterizazioak...», eskertu nahi izan du Amaiurrek aurkezpenean. «Kantuen doinuak eta letrak bazeuden, audioetan grabatuta, eta taldekoek egin zutena izan zen bakoitzak hautatuko kanta musikatu. Guretzat da gure bizitza osoaren isla eta, gure harremanen indargune handia nola izan diren musika eta bertsoak, guretzat da gure bizitza osoko amets baten gauzatzea», argitu du.