Oihana Azkue
NAIZ Irratia. Paraleloan eta Zebrabidea saioetako gidaria
Interview
Juantxo Zeberio
Musikaria

«Guk badaukagu hemen gospel propio bat izugarri aberatsa dena»

Gabonetako kantuez osatutako diskoa da ‘Eguberri umama (basque christmas songs): deluxe edition’, Juantxo Zeberiok orain hamarkada bat sortu zuen proiektuari segida ematen diona. Abesbatza eta jazza batuta, Gabonetarako proposamen ezberdina ondu du tolosarrak.

Juantxo Zeberio, NAIZ Irratiko elkarrizketan.
Juantxo Zeberio, NAIZ Irratiko elkarrizketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Eguberri Umama: Deluxe edition’ disko berria kaleratu berri duzu. izenburu luze xamarra du, beharbada proiektuak berak ere soka luzea duelako?

Bai, azkenean proiektu honetako lehen diskoa duela hamaika urte atera genuen, ‘Eguberri Umama’, baina berez ‘Umama’ izena dator aurreko proiektu batetik, abesbatza eta jazz laukotea uztartzen zituen proiektu batetik. Penaz geratu nintzen zenbait kantu ez genituelako grabatu eta hamaika urte beranduago grabatu ditugu beste zortzi. ‘Deluxe edition’ jarri diogu besteen osagarria delako, ze edizioa agortua zegoen eta aurreko hamar kantuak eta zortzi kantu berriak sartu ditugu.

Gurean ohikoa ez den formatu batean jaso dituzu Gabon kantuak: jazz ukitu potentea dute eta gospelaren kutsua ere badute.

Bakoitzak egiten du dakien hori. Nik daukadan formazioa bada jazz sustraiak dituen zerbait. Esan behar dut normalean jazzaz hitz egiten dugunean jendeari beldurra sartzen zaiola; hitz horrek halako distantzia edo errezeloa sortzen du. Jazza da, ze azkenean inprobisazioa dago, kolore batzuk daude eta instrumentazioa jazzetik hurbil dago (saxoa, kontrabaxua, pianoa eta bateria), baina ez da exibiziorako egindako jazz formazio bat: Gabon disko bat entzuteko disko bat da, eta hala sentitzen dugu denok. Publiko zabalerantzan erraza eta egokia da disko hau.

Gurean ez da ohikoa halako disko bat topatzea. Erreferentziarik izan duzu?

Denok daukagu motxila bat, inork ez du ezer asmatzen, edan dugunaren ondorioa gara. Nik etxean banuen disko bat, gurasoena, ‘Holy Night’ zoragarri bat kantatua organo huts batekin, eta zuk esan duzun gospel kolore hori bazuen. Baina hamaika eragin daude, folketik ere badu adibidez.

Tolosan, abenduaren 24an kantura ateratzen gara urtero, Gabonetako egun politena da guretzat: 10.00etan gelditu, eta Tolosan bueltatxo bat ematen dugu berrogei bat lagunek (gehienak familiakoak gara, lehengusuak, hauen seme-alabak, bilobak...) Leaburura bazkaldu bidean, eta gero Tolosara itzuleran. Kantatzen ditugun kantu horiek, bizirik daudenak, nire galbahetik pasa eta jendeari eskaini nahi izan dizkiot. Kantu horiei guztiei omenaldi bat da disko hau.

Diskoan jaso dituzun 18 kantuen artean dago ‘Mesias sarritan’, Jesus Mari Jauregiren kolaborazioarekin. Berezia da zuentzat.

Bai. Hemen bi keinu oso ebidente daude: kantuaren sarrera gure belaunaldikoek Lou Reeden abesti batekin lotuko dute; omenaldi oso kontziente bat da, moldaketa egiten ari nintzela horrekin nenbilelako buruan. Bigarren omenaldia (eta bereziki pozik uzten nauena) Jesus Mari Jauregirena da: Tolosan, plazan, zortzikoan eta parrokian aritu den betiko bakarlaria da, niretzat zoragarria dena. Poztasun berezia sortzen dit, hor geldituko delako bertsio oso polit batean eta oso ondo grabatua. Niretzat bada herri musikan dabiltzan horientzat, eta bereziki Jesus Mari Jauregirentzat, omenaldi bat.

«Kantatzen ditugun kantu horiek, bizirik daudenak, nire galbahetik pasa eta jendeari eskaini nahi izan dizkiot. Kantu guzti horiei omenaldi bat da disko hau»

Hemezortzi kantu. Izenburu batzuk ezagunak ditugu, beste batzuk ez horrenbeste.

Ez da bilaketa etnografiko edo ikerketa lanik egon, normalean kantatzen ditugun kantuak dira. Bada baten bat berezia, ‘Zer zabiltzate artzaiak’ adibidez: Euskal Herrian hizkuntzarekin gertatzen den bezala, bost kilometrotan aldatzen dira kantuak eta badaude herri batean bakarrik kantatzen direnak. Hau da Ordiziako kantu bat. Nire emaztearen familiak jatorri ordiziarra du eta Gabonetan beti kantatzen dute. Ikertu nuen jakiteko nondik zetorren, eta egia da Ordizian bakarrik kantatzen dela. Eta azkeneko kantua, ‘Ur goiena, ur barrena’, bada bilaketa baten ondorioa. Gabon kantu gehienak Elizarekin lotuta daude: batek esaten zidan Elizak utzi digun onena kantu eta konposizioak direla, eta ados nago. Kantu asko Elizatik filtratuak izan dira, nahiz eta jatorriz ez diren Elizarenak.

Elizak berak ere hartu izan duelako askotan erritu paganoetatik.

Bai. Hor badago politikoki zuzena denaren kontu hori. Berdina pasatzen da feminismoarekin. Nik uste dut Nabokoven ‘Lolita’ debekatzea baino askoz interesgarriagoa dela berrirakurketa bat egin eta erakustea jendeari zer izan zen eta gizarte horretan nola bizi zen emakumea, eta erlijioarekin gauza bera: ezagutzea nondik gatozen eta gero bakoitzak analisi kritiko bat egitea.

Azken kantu hau kantu pagano bat da, eta Urdiainen oraindik ere presente dagoen ohitura batean kantatzen da: urte zahar gauenan hamabi kanpaikadak jotzen direnean, herriko gazteak joaten dira iturrira, iturriko lehen ura jasotzen dute pitxarrean eta joaten dira herriko etxera, herritarren artean ura banatu eta elkarrekin edatera. Oso polita iruditzen zaidan ohitura bat da. Abesbatzik ez duen kantu bakarra da. Oso soila izatea nahi nuelako, mantra bat bezala.

(Gorka RUBIO | FOKU)

Oñatiko Ganbera Abesbatza hartu duzu lagun diskoan. Grabaketa nola izan da? Batera grabatu duzue, non...

Zatika izan da. Nahiko zelebrea izan zen, ze hau udan grabatu genuen; Gabon kantak uztailean grabatzea nahiko... kafkianoa da. Lehenik oinarria grabatu genuen, kontrabaxua, pianoa eta bateria elkarrekin, Mecca estudioetan, eta gero beste hari laukotea, saxoa, tronboia, harpa, gitararren bat, ahotsak...

‘Birjina maite’-n, abesbatzei beste ahots bat batzen zaie, erregistro honetan entzun ohi ez duguna.

Bai, Malentxo Zeberio (nire alaba), Miruakoa, eta Ibil Bediko Amets Aranguren ari dira kantuan. Abesbatza bi modura erabil daiteke: bata da abesbatzaren formatu klasikoa, non melodia kantatzen den etabar, eta beste bat bada, kantu honen hasieran ikusten dena, dela gospel estilo hori: masa sonoro bat sortzen, harmoniak markatzen... Kantu honetako beste gauza nabarmen bat da lehen aldiz erabili dudala tronboia. Hau ere badator Billie Holidayren diskoetatik, asko erabiltzen dutelako eta niri asko gustatzen zait, baina inoiz ez nion heldu tronboiari halako formatu batean, oso delikatua delako. Eta oso pozik nago. Zangozako mutil zoragarri bat da musikaria, Miguel Moises, eta ahotsean Amets Aranguren. ‘Birjina maite’ denok ezagutzen dugu sopranoaren ahotsean, kantu klasikoa da, baina melodia hain polita izanda ere ez zegoen asetzen ninduen bertsiorik eta beste leku batera eramateko gogoa nuen. Ametsen ahotsak ni beste leku batera eramaten nau, askoz naifagoa, asko transmititzen duen ahots bat da.

Jolaserako esparru edo aukera bat izan da?

Niretzat jolasa ez badago ez dago musikarik. Jolasa ulertuta esperimentazio bezala, kolore ezberdinak bilatzea. Kantu bakoitza hartu, zureganatu eta zer eskatzen dizun ikusi; ahotsak, tronboia, harpa... jolas horren parte da hau guztia. Aniztasuna eman eta saiatu entzulea beste leku batera eramaten.

Harpa aipatu duzu; 2013koan ez zegoen. Alde handia dago bi diskoen artean?

Ni ez naiz berdina, baina kontzeptua antzekoa da. Jazz laukote bat eta abesbatza bat dira oinarria bietan, baina egia da entzule zorrotzak igarriko duela aldaketa.

«Euskal Herrian hizkuntzarekin gertatzen den bezala, bost kilometrotan aldatzen dira kantuak ere eta badaude herri batean bakarrik kantatzen direnak»

‘Gaueko Izar’ etxe askotako kantu kuttuna izango da. Horren bertsioa ere egin duzue.

Bai. Betidanik kantatu izan dugun kantu bat da. Hemen ere Malentxo Zeberio da bakarlaria eta abesbatzako kontzeptu klasikoagoa du, melodia eta harmonizazio batekin, eta gero nik irudikatzen dut izarrak, zerua... atmosfera bat sortzea.

Gabon kantuen disko bat izanda, badu bere garaia. Baina entzun daiteke urte osoan zehar. Binilo formatuan ere atera duzue, izan daiteke opari polit bat.

Bai. Egia da gero eta jende gehiagok ez duela CDa entzuteko aukera etxean, kotxe berrietan ere ez dago entzuteko aukerarik, baina Durangon harrera oso ona izan du diskoak. Dendetan badago eta zuzeneko salmenta ere ari gara egiten, Instagram eta telefono bidez. Musika oparitzea beti da gauza polita.

Gabon kantuak dira, baina nik beti aldarrikatzen dut euskal gospela, eta niretzat hau da gurea. Gabonak iristen dira eta leku askotan gospel kontzertuak iragarpen dira, eta guk badaukagu hemen gospel propio bat izugarri aberatsa dena, dela kantu hauena. Ugari daude eta gainera onak. Hau aportazio bat da bide honetan.

Konpainiarako disko aproposa da. Etxean lasai, goxo egoteko.

Bada disko honen helburuetako bat, jendea Gabon gauean edo bazkaria prestatzen ari dela, entzutea edo hor edukitzea, fondoko musika bezala. Bilatzen du hori: Gabon kanten disko bat da eta pretentsio hori besterik ez du. Lortzen badu hori, helburu nagusia lortu du.

Badituzue zuzeneko batzuk ere diskoa aurkezteko.

Bai, abenduaren 20an Tolosako Leidorren eta 23an Iruñeko Gayarren. Gainera, musikari guztiekin goaz, Oñatiko Ganbera Abesbatza, Tolosako Laskurain Abesbatza, Oñatiko Ganberako haurrak eta Iruñeko Paz de Zigandako haurrak ere bai. Eta formazio osoa: hari laukote bat, jazz laukote bat, tronboia... Kantu asko gizon ahotsekin entzun izan ditugu, eta kantu hauetan konturatuko dira emakumezko ahots asko dagoela; aldarrikapen bat egin nahi nuen. Abenduaren 20an zein 23an, kantu hauek denak entzungo dituzue, energia oso bereziarekin, jende asko dagoelako eszenatokian.