
Gatibu taldeak ekainaren 7an Gernika-Lumon (Bizkaia) eskainiko duen ‘Azken Zoramena’ kontzertua Astrako aparkalekutik San Kristobalekora lekualdatu dute, «espazio handiagoa, erosoagoa eta seguruagoa», talde gernikarrak eta Haziberri kontzertu antolatzaileak jakinarazi dutenez.
Joan den abenduan iragarri zuten ‘Azken zoramena’, talde gernikarrak betirako agur esango duen urtean bere sorterrian eskainiko duen azken kontzertua, alegia.
Halere, antolatzaileek ez zuten «inolaz ere espero» kontzertuak izan duen erantzuna, eta, hasieran iragarritako Astrako aparkalekua txiki geratu denez, San Kristobalekora lekualdatuko dute. San Kristobaleko aparkalekua «espazio handiagoa, erosoagoa eta seguruagoa» izango da kontzertuaz gozatu nahi duten zaleentzat, Lurgorri auzoan kokatuta dagoen guneak 10.000 lagunentzako edukiera baitauka.
Horrela, sarrera gehiago ere jarri dira eskuragarri, www.haziberri.eus webgunean eta Gernikako turismo bulegoan. Datozen asteetan, gainera, ‘Azken Zoramena’ kontzertuaren kartela osatuko duten musika taldeak iragarriko dituzte, festa arratsaldean hasiko baita.
Gatibu taldeak agur esango duen urtean, ekainaren 7ko kontzertuak taldearentzat duen garrantzia azpimarratu dute, orain dela 25 urte Gernikan bertan sortutako taldeak etxean eskainiko duen azken kontzertuak «esangura berezia» izango duelako.
«Gernikak Gatiburi emandakoa eta Gatibuk Gernikari eskainitakoa batuko dira ekainaren 7ko gau magikoan, Gatiburen sustraietara joz, errepertorio eta izaera propioa izango duen kontzertu kañeroa osatuz», ziurtatu dute.

Muere Robe Iniesta, cantante de Extremoduro muy ligado a Bizkaia, a los 63 años

Robe Iniesta, el poder del arte

Illunbek kantuz hartu du berriz ere euskal musikaren bidea

2027ko urtarrilaren 10ean egingo dute Pantxoak eta Peiok ‘Azken dantza’
