AUG. 19 2016 - 16:04h Mugarrien ibilbidea Ipar eta Hego Euskal Herria banatzen duen muga are gehiago zehazteko lanetan ari dira teknikariak, satelite bidezko teknologiaren bidez. Horrela, «milimetrikoki» finkatuko omen dute duela 160 urte ezarri zuten 276 mugarriko lerroa. San Martin Harria, 262 zenbakiduna. Last update: AUG. 24 2016 - 21:59h Gotzon Aranburu Nazioarteko mugak garai bateko kontuak omen dira Europan, «estatu» kontzeptua gaindituta ei dago. Hala esaten diete estaturik gabeko nazioei, burujabetasuna aldarrikatzen dutenean. Baina hori esaten duten estatu handi horiexek ezarri zituzten zehatz asko mugalerroak, eta ez dirudi ezabatzeko inongo asmorik daukatenik. Alderantziz. Ipar eta Hego Euskal Herrian, «milimetrikoki» finkatuko omen dute mugarriko lerroa. Bera eta Sara arteko muga mugan gaude. Harrizko mahai handi bat dago hemen, lau metro luze ingurukoa, «Mahain harri» zizelkatua daukana. Erdia Beran dago eta beste erdia Saran. Fazeria akordioak sinatzen dituzte mahai honetan, bost urtero, Berak, Biriatuk, Urruñak, Azkainek eta Sarak. Gaur, bi turista frantziar dabiltza mahaiari begira, gidaliburu bat eskuetan, eta adeitsu galdetu diote kazetariari ea zein alde den Espainia eta zein Frantzia. Haiek bezain adeitsu, bi aldeak Euskal Herria direla honek. «Ah, bon» erantzun dute, susmati, eta metro batzuk urrundu dira, harrizko monolito bati begiratzera, han zizelkatuta dagoen esaldia gustagarriagoa izango zaien esperantzaz. Bada berriro ere kale. «Paul Dutournier 1910-1998. Sarako auzapeza euskaldun abertzale baketsua. Pottokaren laguntzaile. Pottokarentzat mugarik ez» dio. Euskaraz soilik idatzita. Etsipen keinu bat eginda autoan sartu eta alde egin dute. Muga zer den definitu behar da Pottokarentzat mugarik ez. Eta pertsonentzat? Muga zer den definitu behar. Fisikoa, politikoa, mentala, ideologikoa… askotarikoa izan daiteke. Badaezpada ere, duela oraintxe 160 urte, Estatu frantziarrak eta espainiarrak mugarriz jostea erabaki zuten Lapurdi eta Nafarroa arteko muga, ez bi euskal lurralde hauek bereizteko, jakina, bi estatuak bereizteko baizik. Ondoren ekialderantz jarraitu zioten eginkizun berari, eta Pirineo osoan ezarri zituzten mugarriak, Kataluniako Mediterraneoraino. Hala, «Espainia» eta «Frantzia» noraino heltzen diren zehaztuta utzi zuten, harritzar hauek ematen duten sendotasunarekin. Ibaia eta mendiak, elementu geografiko hauek izan ziren mugaren trazaketa zehazteko gakoak. Gipuzkoaren kasuan, Bidasoa ibaia da mugalerro, zehatzago esanda ibaiaren kanal nabigagarriaren erdiko lerroa. Ez zuten izan, beraz, 1856an harririk jarri beharrik Gipuzkoan. Itsasoan ere ez, baina kalkulu geometrikoak egin beharra bai, Higerreko itsas muturretik Hendaiako Pointe Saint Anneraino lerroa marraztuz, Pointe des Dunes ere kontuan hartuta. Monolitoak ere altxatu zituzten, lerroen erreferentzia gisara hartzeko, esaterako Hondarribiko Javier Ugarte kalean dagoen «G piramide» geodesikoa. Bidasoako «Isla de los faisanes» –euskaraz Konpantzia irla– bi estatuen artean erdibitu zuten, baina azkenean uharte osoa urte erdiz Espainiak kudeatzea eta beste erdiz Frantziaren agintepean egotea erabaki zuten. Estatus berarekin jarraitzen du gaur egun ere. Mugarritzat jo daitekeen monumentuko plakak honela dio: «En memoria de las Conferencias de MDCLIX por las cuales Felipe IV y Luis XIV con una feliz alianza pusieron término a una empeñada guerra entre sus dos naciones». Kantauriaren itsasgora, muga Nafarroaren iristearekin batera topatuko dugu lehenenengo mugarria, Endarlatsa auzoan, Bidasoaren eskubialdean. Aldapa pikoan dago eta hobe bertara iristen ez saiatzea, irrist egin eta uretara erortzeko arriskua baitago. Zergatik puntu horretan zehazki? Horuntzaino iritsi izan omen delako Kantauriaren itsasgora. Badirudi, baina, Lastaolaraino baino ez dela ailegatzen. Egia esateko, aspaldidanik zeuden Nafarroako mugan arazoak, orduko ekonomiak eragindakoak. Arazo iturri horietako bat Iratiko basoa zen, bi estatuek interes berezia baitzuten horko arbolek emandako zura eskuratzeko, itsasontziak egiteko ezinbestekoa baitzen. Atera kontuak: gaur egun Pasaiako Albaolan egiten ari diren San Juan ontzia osatzeko berrehun bat haritz arbola beharko dituzte. Iskanbilak sortzen ziren beste eremua Aldudeak ziren, Kinto Real, kasu honetan behiek, zaldiek, ardiek… larrerako toki aproposa zutelako eta bi aldeetako nekazariek bereganatu nahi zutelako ahalik eta bazkaleku zabalena. 1856ko mugarritze honek zehatz-mehatz finkatu zuen bereizketa lerroa basoan barrena. Mugaren zenbait tokian oso garbi ikusten da zein izaera desberdintasun dagoen euskal lurretako betiko mugarrien artean eta 1856ko Baionako Hitzarmenean ezarritakoen artean. Adibidez, 56 zenbakidun mugarriaren ondoan beste bat dago, hiru alde dituena: batak Etxalar markatzen du, bigarrenak Baztan, eta hirugarrenak Sara. 1645ean eta 1767an egindako mugaketa lokalak dira horiek. 56. mugarriak, berriz, «Espainia» eta «Frantzia» bereizten ditu. Lapurdi utzita, Nafarroa Beherean sartzen da muga. Mehaxiako lepotik Iparlakoraino tartean muga gora eta behera doa, era arbitrarioan. Jacques Descheemaeker adituaren hitzetan, 76 zenbakidun mugarritik 91 zenbakiduraino «…la frontière semble n’obéir à aucune loi; elle ne tient compte ni du tracé de la nature ni de celui de la géométrie ou de la logique… Il serait fastidieux de noter les aberrations de la frontière qui erre à travers les rochers et les champs…». Esanguratsua lehentxeago ikusi dugun mugarri batek, 12 zenbakidunak, non bukatu duen kokatuta: Ibardin gaineko benta bateko aparkalekuaren eskaileretan. Kintoan, esan bezala, arazoak etengabeak izaten ziren, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia desberdindu zirenean hasita, 1512an Gaztelak Nafarroako Erresuma konkistatzearen ondorioz. Ordura arte bizilagunen arteko xestrak izan zirenak estatu-arazo bihurtu ziren eta onartu beharra dago 1856ko hitzarmenak bake dezentea ekarri zuela eskualde honetara. Ifar Kintoa eta Hego Kintoa Lege aldetik, bai Kintoa eta bai Luzaide «Espainian» geratu ziren mugarriak jarri ondoren, Luzaideko Ondarola auzoa «Frantziak» eskuratu zuen arren. Ifar Kintoa eta Hego Kintoa desberdindu ziren, eta fazeria –hitzarmen lokalak– eta alokairu bidez bai baigorritarrak eta bai baztandarrak, errotarrak eta luzaidetarrak baliatu daitezke horko baso eta larrez. Fazeria sistema hau mugalerro osoan erabiltzen dute bi aldeetako herriek, Madrilek eta Parisek ezarritako mugaren gainetik elkarlanerako eta onurarako baliogarria zaielako. Mugarrien arteko tartea ez da erregularra, ezta gutxiago ere. Adibidez, Arnegi inguruko hamabost mugarri elkarren oso hurbil daude eta lau kilometro baino gutxiago hartzen dituzte guztien artean, baina bi hurrengoen (196-197) arteko tartea zortzi kilometrokoa da, zati horretan Luzaide errekak egiten baitu mugarena. 206. mugarria paraje ikusgarrian dago, Urkulu mendiaren tontorretik gertu, aidoso asko. Hurrengoa berriz, oso bestelakoa da: harkaitzean zizeldutako 207 zenbakia eta gurutze bat. Alegia, mugarri guztiak ez dira gizakiak jarritako monolitoak, hainbat eta hainbat arroka naturalean egindako inskripzioak baitira. Beste bitxikeria bat mugarri bikoiztuak dira, esaterako Larraineko portuan dauden 237. eta 237. bis izenekoak. Itsasotik hasi gara eta iritsi gara ia bi mila metrora dagoen lehenengo mugarrira, hain zuzen ere Otsogorrigainekora, 1.922 metrora. Hemen hasten da Erronkariko zatia eta uren banalerroa. Berehala topatuko dugu Euskal Herriko mugarririk ezagunena, 262 zenbakiduna, San Martin Harrian, hemen urtero egiten den Hiru Behien Zerga ekitaldia. Bukatzear dugu mugarrien ibilbidea; azkenaurrekoa, 271 zenbakiduna, altuen jarritakoa da, 2.353 metrora baitago Añelarrakoa. Baina guztien artean bat aipatzekotan, zerrenda ofizialetik kanpoko bat aipatu behar, hain zuzen ere Larungo tontor harritsuan topatuko duguna, duela urte batzuk ezarria. Euskal Herriko mapa du zizelkatua eta lelo hau: «Nazio bat gara».