NOV. 05 2019 - 14:10h Kopenhage: Norrebro eta Vestebro, auzorik kosmopolitenak Azken hamarkadan eraldaketa sozial eta kulturala bizi izan ostean, Norrebro eta Vesterbro auzoek Danimarkako hiriburuaren izaera kosmopolita, kulturaniztun eta sortzaileena hezurmamitzen dute; batez ere uda partean, egun eguzkitsuetan. Kale bizi eta koloretsuak, Kopenhageko Norrebro auzoan. David Revelles/ Oscar Elias Eguzki distiratsuak, Kopenhagen apirila izanik ia biziki mediterranearra dirudienak, Sankt Hans Torv plaza argitzen du. Arratsalde erdian, agora honek, Danimarkako hiriburuaren mendebaldeko Norrebro auzoaren arima eta erdiguneak, giro bizi-bizia du: estilo handiko bizikletariak, eguzkitako betaurrekoak, minigona eta saskian lore-sortak dituztenak; iragarkietakoak diruditen haur ilehoriak gurasoekin eta plazako galtzadarrietan eserita berriketan ari diren gazte taldeak, muskerren pare eguzkiaren azken izpiak xurgatzen... Terraza ugari ditu plazak eta horietako batetik, auzoan bizi den gazte batek, Kare Mollek, entomologo begiekin jendearen joan-etorriari begira, bi esaldirekin egiten du auzoaren erradiografia. «Norrebro Kopenhageko auzo multikultural, alternatibo eta toleranteena da, besteak beste, hemen aniztasuna delako elkarbizitzarako eszenatoki bat eraikitzeko zutabe nagusia», dio estilo handiz kafe espresa dastatu bitartean. «Hiriburuko jenderik ireki eta toleranteena da», ziurtatu du Karek. Eta hala da, agian; izan ere, hemen erraza da bertakoek bisitariari nondik datorren galdetzea, eta, batez ere, ea hiria gustuko duen. Daniarrek besteek eurei buruz pentsatzen dutenaren gaineko jakin-mina izaten dute. Besteengan bilatzen dute modan daudela baieztatuko dien ispilua. Kopenhage berriaren ikurraNorrebro, hegoaldeko Vesterbro bezala –tolerantzia, bizitasun eta joera berriei dagokienez, anaia duen auzoa–, Kopenhage berriaren ikurra da. Haize freskoa dira hain hiri tradizional, formal eta perfektuan. Hori dela-eta, auzo hauek, benetakoak, izaera propioa dutenak, hiriburuaren eraldatzeko grinaren adierazpide bihurtu dira azken hamarkadan.Kulturen Babel Norrebro Danimarkako hiriburuaren historia zailaren puska bat da. 1852. urtera arte herri independentea izan zen, langile herria, erdigunetik urrun dagoen eremu honetan kolera izurriteetatik babesteko tokia aurkitu zuena. Auzoa neurrigabe hazi zen hamarkada gutxi batzuetan: 1852an 10.000 biztanle zituen eta 1901ean 105.000. Gerora, XX. mendeko 60ko eta 70eko urteetan, immigrante oldeak iritsi ziren bata bestearen atzetik –turkiarrak, thailandiarrak, pakistandarrak...–, egungo auzoaren oinarri den hizkuntza eta kulturen amarauna. Bere janari-dendaren mostradore atzetik, Shumi Felekek, somaliar jatorriko 22 urteko gazte eta gauez Erizaintza ikaslea denak, bere aita 1977an hirira iritsi zela dakar gogora. «Ez zekien hitzik ere danieraz eta ingelesez ere apenas, baina bere lekua aurkitu zuen hemen, harrera egin zion toki bat eta, ia herrixka giroan, bere familia aurrera ateratzen utzi ziona». Egun oraindik, auzoko jendeak herri txiki bateko partaide balira bezala ezagutzen du elkar. Sankt Hans Torv, topagune bereziaIzaera horren adierazgarri da Sankt Hans Torv. Auzokideen topagunea baino askoz gehiago da, eta atzerritarrek eta beste auzoetako hiritarrek auzoaren fisionomia urbanoa ezagutzeko atea; hortik abiatuta aurkitu ohi ditu bisitariak bertako plazatxoak, Skt. Johannes bezalako eliza politak, parkeak eta arabiar musikak girotutako liburu-dendak... Norrebroren muina, halere, Norrebrograden dago, bertako kale nagusia eta auzo berriaren metafora bikainena. Merkataritza ardatz honetan barneratzea, auzoa iparraldetik hegoaldera zeharkatuz, bost kontinenteetan zehar zentzumenak gozatzeko bidaia bat egitearen parekoa da; hori bai, bidaia-txartelik gabe eta jakin-mina pasaporte bakar izanik. Fruta exotiko, barazki eta jakien azoka honetan artista eta diseinatzaile berrien tailerrak eta vintage denda ugari ere badaude.Babel multietniko, gazte eta, ia beti, harmoniko eta integratzailea. Halakoa da Norrebro. Izan ere, errespetua eta integrazioa auzoko legea diren arren, batzuetan hori hankaz gora jartzen du itzalean dagoen ezinegon batek. Esaterako, 2007an Norrebro gudu-zelai bihurtu zuten istiluak gertatu ziren, hiriburuko agintariek «hirian azken hamarkadan gertaturiko istilu larrientzat» jo zituztenak.Ez zebiltzan oso oker. Bi egunetan, 650 atxilotutik gora, kiskalitako autoak, molotov koktelak, harrikadak eta gas negar-eragileak izan ziren protagonista okupa gazteen eta Poliziaren arteko liskarretan. «Gudu hori Ungdomshuset gazte gunea utzarazteak eta ondorengo eraisteak piztu zuen. Arrazakeria arazoak eta xenofobia Auzoaren bihotzean zegoen eta 1981etik zegoen okupatuta», oroitu du Karek, azkenaldian nazionalitate desberdineko banden artean izandako tiroketek eta indarkeria oldeak kezkatuta dagoela gehituta. «Nahiz eta agintariek droga trafikoak eta prostituzioak eragindako liskarrak direla ziurtatzen duten, horien atzean daniarren eta immigranteen arteko arrazakeria arazoak eta xenofobiaren berpiztea dagoela uste duenik ere bada», azaldu du. Norrebroko biztanleentzako ezin saihestuzko txokoetako bat, zalantzarik gabe, Assistens Kirkegaard hilerria da, daniar kulturako pertsonaia ezagunen azken babeslekua, esaterako, H. C. Andersenen idazlearena edota hilerriaren izen bereko filosofoarena. Berez, kanposantu bat ez da sofistikazioaren gailurra, baina, bertakoek beren berezko pragmatismo eta eskandinaviar estilo horrekin diotenez, jarrera kontua da dena. Eta azken hori soberan dute Magnus eta Jeanettek, arratsalde eguzkitsuak hilerriko hilobien artean ematea ohiko dutenek.Piknikean, xanpain frantses botila batek lagunduta smorrebrod ogitarteko tipikoa jaten duten bitartean azaltzen dutenez, beraiek bezala beste hiritar asko ere «atsedenalditxoa egitera, irakurtzera eta arroparikgabe belar gainean eguzkia hartzera etortzen dira bertara». Vesterbro: hegoaldea ere existitzen da«Turista asko Tivolin ordu batzuk eman eta gero ia deskuiduan iristen dira Vesterbrora. Baina auzoa ezagutzen dutenean, bertako giro bereziak eta bertako bizilagunen aniztasunak liluratuta geratzen dira eta ez dute erraz alde egiten», ziurtatu du Lars Steen unibertsitateko Filosofia ikasle gazteak. Harro mintzatzen da bere aberri txiki berriaz auzoaren erdigunean lagunekin pisua partekatzen urtebete daraman gaztea. Ez dabil oker. Tivoliren alboan –1843an ireki zenetik munduko jolas parke zaharrena delako hiriko ikurretako bat– Versterbrogade dago, Vesterbroko arteria nagusia.Duela hamarkada bat baino gutxiago Kopenhageko geltoki nagusiaren eta Frederiksbergen arteko ingurua prostituzioak eta droga trafikoak hartutako leku iluna zen. Egungo Vestebro iragan horretatik gero eta aldenduago dago. Anne Sofie Allarp idazle eta abokatuak, 12 1990etik 2008ra auzoan bizi izan zenak, Madrilekin alderaketa eginez honela deskribatzen du auzoa: «Duela hamabost urte, Vesterbro Madrileko Lavapies zen; gaur egun La Latina dela esan genezake».Bestalde, Luise Egemar 41 urteko kazetari eta musika sustatzaileak auzoaren biorritmoei pultsua hartzeko modurik onena Kodbyenerako bidea hartzea dela dio, Meat Packing District izenez ezagutzen dena. 1930eko eraikin funtzionalistetan, Kopenhageko geltoki nagusiaren eta Sonder Boulevarden artean hiriko hiltegi izan diren horietan, gaur egun janari organikoa eskaintzen duten jatetxe sofistikatuak, erakusketa aretoak, arte galeriak –Galleri Bo Bjerggaard kasu– eta modako lokalak daude.Luisek gutxik bezala ezagutzen ditu auzoak azken urteotan izan dituen aldaketak, 1996tik Istergade kalean lan egiteaz gain, bertan bizi baita. Ez da edonolako kalea; berau garai bateko sexu komertzioagatik eta egungo sex shop eta prostitutengatik –gehienak Ekialdeko Europa eta Afrikakoak– Danimarkako ezagunena da. «Auzora heldu nintzenean, apartamentuak oso merkeak ziren eta zaila zen sinestea Vestrebro, kafetegi bakar bat ez zegoen tokia, hiriburuko modako toki eta jende moderno edo coolaren helmuga bihurtuko zela. Alabaina, horixe gertatu da azken urteotan», hausnartu du.Metamorfosi sakon hori gertatu aurretik, Vesterbrohiriburuko txoko bat baino ez zen; hori bai, hiru toki esanguratsu zituena: Hiriko Museoa, Det Ny Teater edo Antzoki Berria –1908ko irekieratik tokiko antzerkiaren erreferentea– eta Radison SAS Royal hotel mitikoa, detaile txikiena ere –hasi bere urdin koloreko eta altzairuzko beira polarizatuzko fatxadatik eta Swan eta Egg aulki ezagunetan amaituta– Arne Jacobsen arkitekto eta diseinatzaileak sinatutakoa duena. «Eszenatoki urbano horri bertakoak prostitutekin, drogazaleekin eta mozkortiekin normaltasun erabatekoan bizi zirela gehitzen badiogu, horra auzoaren bereizgarritasuna», zehaztu du Luisek, iritsi berri batzuen jarrera kritikatu aurretik: «Iritsi berri diren hipster, moderno eta alternatiboak, lehen horiek auzotik kanpo geratzea nahi dute eta hori da eraldaketa honen alde txarra, horrek haserrarazten nau, mundu guztiak hemen egoteko eskubidea duela ahazteak. Jendearen aniztasun eta nahasketak egiten du berezi Vesterbro».Egun, Versterbrogaden gora eta behera ibiltzea da bere izaera berrituan barneratzeko modu onena, bertako arropa-denda politak, jatetxe etniko, tetegi, antzoki eta mundu osoko ile-mozketetan espezializaturiko ile-apaindegiak ezagutuz. Apurka, Kopenhageko «auzo gorriak» atzera egin du, nahiz eta aspaldiko ohiturek ere badituzten beren espazioak. «Vesterbrok ez du inoiz etsiko!» Ingerslevsgade, Geltoki Nagusiko trenbideetatik oso gertu, grafiti hau dago fatxada batean: «Vesterbro overgiver sig aldrig!» (Vesterbrok ez du inoiz etsiko!). «Bigarren Mundu Gerran jaio zen auzoaren lema da, Kopenhage naziek okupatu zutenekoa. Egun oraindik Vestebron erabiltzen den leloa», azaldu du Guillermo Sanjuan antropologoak, 2009tik auzoan bizi denak.Aita venezoldarra eta ama daniarra ditu Sanjuanek eta hemen bizi da, hiriburuan antropologia eta argazkigintza ikasketak amaitu zituenetik. Sanjuanek behin eta berriro begiratzen dio grafitiari, Vesterbroko gizaeta hiri-paisaia aztertzeko darabilen begiradarekin; eta, zehazki, Halmtorvet plazari so egiten dio, horren gaineko antropologia bisualeko ikerketa proiektua baitu esku artean. Izan ere, Sanjuanek dioenez, bai hiritarren imaginarioan bai errealitatean, Vesterbro drogazaleen, prostituten eta droga-saltzaileen kokagune izateari uzten ari zaion arren, ondare hori oraindik presente dago Halmtorveten –ez hain bistan eta hain era dramatikoan, baina bizirik–. «Halmtorvet auzo gaiztoaren ikur bihurtu da, bere prostitutekin, alkoholzaleekin eta kalean botatako xiringa eta kondoiekin –argudiatu du–, Kopenhage snob eta diseinuzkoan kasta ukiezina baitira».Vesterbron berrikuntza prozesua etenik gabe aurrera doa. Hala ere, Luise ziur da Vesterbrok ez duela inoiz nortasunik galduko. «Oraindik bizi-bizirik dago langile klaseko auzoaren betiko izaera eta Vesterbroren benetako arrakasta, alegia, ahulenen, langile klasearen, haurrak dituzten familien, ikasleen eta auzora iristen den jende dirudunaren elkarbizitza baketsua. Guztiak elkarrekin bizi dira, bizkar eta bizkar, arazorik gabe, Norrebron ez bezala, gazteekin, arrazakeriarekin eta erlijioarekin zerikusia duten istilurik gabe. Hemen jendeak kale zati bat hartu eta bertan loreak landa ditzake. Nik uste jendea benetan zoriontsua dela Vestebron.