GAIAK

Neuronak eta irudimena astintzeko etxeko esperimentuak proposatu ditu Elhuyarrek

Apirilean izandako arrakastaren ondotik, maiatzean ere #NikEtxeanEsperimentuak egutegia argitaratu du Elhuyarrek. Astelehenetik ostegunera erronkak izanen dira egunero, eta, ostiraletan, ikertzaile gazte batekin solasaldia.

Elhuyarren maiatzeko egutegia, etxean egiteko esperimentuekin. (ELHUYAR)

Lau asteko zientzia eta teknologia erronkak proposatu ditu Elhuyarrek #NikEtxeanEsperimentuak egutegian. Irudimena eta neuronak astintzeko balioko dute erronkek. Denetariko ekintzak daude: `mezu sekretuak´ enkriptatu eta desenkriptatu, hologramak sortu, barazkietan dauden margoak erauzi, motorrik gabeko hegazkinak eraiki, munduko bitxikeriak behatzeko proposamenak egin, txorientzako jantokiak prestatu, txoriak identifikatu... Den-denak etxean dauden baliabideak erabiliz eta etxetik bertatik gauzatu daitezke.

Elhuyarren Bizilaberen webgunean dago egutegia eta informazio guztia.

Orokorrean 10-15 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak dira, baina familian zientzia eta teknologia jarduerak bultzatzeko asmoz, gurasoak haur txikiagoekin ere erronkak egitera gonbidatu dituzte.

Ikertzaileekin solasaldiak, gazteak inspiratzeko

Maiatzeko egutegian, plan berezia proposatu du Elhuyarrek ostiraletarako.Bizitza errealean zientziaren eta teknologiaren munduan lanean ari den ikertzaile batekin eginen da hitzordua, ikertzailea bera eta bere jarduna hurbiletik ezagutzeko, eta, profesionalak ezagutuz, gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna indartzeko.

Astero euskal ikertzaile baten sekretuak miatuko dituzte: haien gaur egungo proiektuen berri izanen dute, haien bizitzak gertuagotik ezagutuko dituzte, une honetan egiten ari direna egitera iristeko bidearen inguruan ere galdetuko diete eta, batez, ere, bizitako anekdota interesgarrienak ezagutuko dituzte. Gazteentzako inspiratzaileak izan daitezkeen elkarrizketak dira, ikertzaile horien pasioa eta ezagutza transmititzeko asmoa dutenak.

Egiten dutenarekiko pasioak biltzen ditu

Honakoak dira maiatzean elkarrizketatuko dituzten ikertzaileak. Lehena, Maitane Alonso Monasterio, Zientzia Azokako parte-hartzaile izan zena eta orain bere asmakuntzarekin munduan zehar dabilen Sudupeko gaztea. Medikuntza ikasle gaztearen bizitzaz jakin nahian, horretaz galdetuko diote lehenik. Ikerketa da bere pasioa eta orain bizi dugun egoerarako aholkua ere eskatuko diote.

Bigarrena, Naima El Bani Altuna, Artikoan azken urteetako klima aldaketa ikertzen dabilen geologo bilbotarra da. Klima aldaketak gaur egun nola eragiten digun azalduko du.

Hurrengo elkarrizketatua, Itziar Garate Lopez, urrunago joanen da. Beste planetetako atmosferak ikertzen ditu astrofisikari zarauztarrak.

Azkenik, Lorea Argarate Zubia telekomunikazio-ingeniaria, musikaria eta Big Dataren apasionatu bilbotarra ezagutuko dute gazteek. Zenbat datu ematen ditugu nahi gabe telefono mugikorra erabiltzean? Gomendioak eskatuko dizkiote.

Laurak biltzen dituena egiten dutenarekiko pasioa da.

Apirilean bezala, egindako zientzia eta teknologia erronkak sare sozialetan zabaltzeko gonbita luzatu dute antolatzaileek, #NikEtxeanEsperimentuak traola erabiliz.