NOV. 09 2020 - 09:09h Dhaka, Bangladesheko hiritzar berezia Gutxik dute radar turistikoa, eta bertaratzen diren atzerritar gehienak ez dira turistak, lanak edo giza-laguntzak ekarriak baizik. Herrialde behartsu bateko hiriburu erraldoia da Dhaka, 20 milioi lagun baino gehiago dituen megalopoli kontrastez betea. Khan Mohammad Mridha meskita. Urtzi Urrutikoetxea Asko ez izan arren, berariaz Dhakara edo Bangladeshera bisitan datozenek –Asiako hegaldi kontuek bertan geldialdia egitera behartuta zein jende gehienak bisitatzen ez duen leku bat ezagutu nahian– oso hiri interesgarri eta bizia aurkituko dute. Jendetza. Aireportutik irtendakoan berehala emango digu begian zenbat jende bizi den Dhakan, Bangladesh guztia hemen balego legez. Eta ez, hiriburutik kanpo ere jendetza dago. Oso herrialde laua da, Asiako ibai nagusien ertzean: Brahmaputra eta Gangesek bat egin eta delta erraldoia sortzen dute, milaka ibaiadar eta uharterekin. Dhaka bera zertxobait goraxeago dago, Gangesek azken zatian hartzen duen Meghna-ra isurtzen den Burigangaren ertzean. Ibaia, hiriaren nortasunaren isla Ibaia da, ziur aski, hiriaren nortasuna ezagutzeko lekurik bikainenetakoa. Asteburu edo jaiegunean etorri ezean, sekulako buxadura harrapatuko dugu hiriko kale nagusietan ordu gehienetan. Eta halako batean, bestelako ikuspegia zabaltzen da; errepideak garrantzia galdu eta bestelako bideek hartzen dute garrantzia. Bangladesh, azken batean, ibaien ertzean eta ubideekin komunikatzen den herrialdea baita. Dhaka hegoaldean, Sadarghat-en, Buriganga ertzera iritsita, ikuskizuna erabatekoa da; gau eta egun txalupak, alde batetik bestera. Lemazainak trebe mugitzen du lanabesa, zango bakarrean kargatzen du pisua lema ezker-eskuin beste ontzietatik bereizi eta arraun mugimenduz, ibaiaren korrontea baliatuta beste alderaino iristeko. Eta ilunabarrean mugimendua handituz doa. Zorroak zamatu, ontziak prestatu, lotarako edo jateko lekuak egokitu, eta etengabe abiatzen dira ura garraiobide nagusi duen herrialde honetako ontziak, hiriburura lanera, ikastera edo senideekin egotera etorri diren milaka, milioika lagun herrira itzultzeko. «Hemendik sartu nintzen ni ere Dhakara, eta datorren astean hemendik hartuko dut ontzia nire herriraino joateko», dio Alik. Gogotsu dago. Ez da gutxiagorako: «Hilabeteak dira ez naizela umearekin egon. Emazteak haurtxoaren argazkiak bidaltzen dizkit eta bizkor ari da hazten». Lan pixka bat gehiago eginda, familia Dhakara ekarri ahal izatea espero du. Ibaia beltz ageri da Sadarghat inguruan. Bapore-ontzi erraldoietan ahal den lekuan egokitzen dira bidaiariak, saltzaileek batetik bestera egiten dute jauzi, eta lekua usain, kolore eta esperientzien eremu itzel bihurtzen da. Ilunabarrean joan zein eguerdiko berotan, beti egongo da jendea. Ibaia zikin dago, ezin uka, baina jende ikuskizuna munduan beste leku gutxitan ez bezalakoa da. Tolerantzia nagusiIbaitik iparralderantz hedatzen da Dhaka, batez ere, dozenaka kilometrotan aireporturaino eta iparraldean dauden Gulshane bezalako aberatsen auzuneetaraino, beren hotel garesti eta britainiar kolonialismotik hartutako aberats-klubetaraino. Dhakako hiri zaharra Sadarghat-eko moilaren atzean dago, azoka eta kalexka estuz beteta, baita gutxi espero litekeen arrosa koloreko Ahsan Manzil jauregi dotorearekin ere. 1872an hiriko lurjabe aberats batek eraikia, Lord Curzonen egoitza izan zen garai kolonialean, eta gainbeheran egon bazen ere, 80ko hamarkadan berritu zuten; egun, zinez ikusgarria da. Inguruan, berriz, Hindu Street edo Shankharia bazarra dago, duela 300 urte etorritako shankhari artisau hinduen produktu distiratsuekin (bitxiak, urrea eta abar). Ez du duela hamarkada batzuetako bizitasuna, baina, halere, oso interesgarria da, bai azoka gisa, bai kultura hinduista ezagutzeko eta, bidenabar, herrialde musulman honen bereizgarrietako batez jabetzeko: jarrera irekia eta erlijioaren gainetik bestelako balioak egotea. Bangladesh izenak, izan ere, Bengala dakar gogora; bengalar musulmanak dira bertako biztanleak, eta hizkuntzaz eta kulturaz Indiako Bengalako biztanleekin dute harreman estuena. Dhakatik Kalkutara, esaterako, Maitree trena dago astean lau aldiz; bisa izanez gero, bi herrialdeetan eta mugaldean murgiltzeko aukera paregabea da 10-12 orduko tren-bidaia. Hala, hiri zaharretik iparralderantz, Dhaka erdialdera bidean irteten armeniar eliza bat dago, eta handik hurbil Sitara meskita bitxia. Boro Katra eta Chata Katra mughal estiloko eraikin historikoak zail samarrak dira aurkitzen, taxilari askok ere ez dakite ondo alde zaharreko zein gunetan dauden, etxe ugariren artean galduta. Inguruko Khan Mohammad Mridha meskita txikia hiriko eraikin ezagunenetakoa den Lalbagh gotorlekuaren antzekoa da. Sadarghat ibaiertzarekin batera bisitariek gehien bisitatu ohi duten lekua da. Pixka bat gehiago urrunduta, berriz ere hinduismoarekin egin dugu topo Dhakeswari tenpluan. XII. mendeko eraikinak dira, eta Bangladeshko komunitate hinduistaren erreferentzia nagusietakoa; hemen bai, oso ohikoa da familiak egunpasa, otoitzean eta elkarrekin bilduta ikustea. Azkenaldian eraso jihadistaren bat izan dela-eta, handia da segurtasuna tenpluaren inguruan, baina esan bezala, bangladeshtar gehienen jarrera irekia eta zabala da, eta ilea ezkutatzeko ardurarik gabe, sariak janztea askoz ohikoa da hijabarekin ibiltzea baino. Independentziaren oroimena Jarrera ireki horrek oinarri sendoa du atzean, bengalar nortasuna alde batetik, eta Pakistanen zapalkuntzaren memoria bestetik: Indiako 1947ko partizioan, India musulmanaren baitan gelditu zen Bangladesh, orduan “Ekialdeko Pakistan” izenez, harik eta mende laurden beranduago, gerra anker eta odoltsu baten ostean, Islamabadetik bereiztea lortu zuten, Indiaren laguntzarekin. Hori dela eta, Delhi-rekiko hurbiltasuna eta Pakistanekiko errezeloa handiak dira historikoki herrialdean. Iragan horren memoria eta independentzia gerra biltzen duten monumentuak hiriko erdiguneko leku askotan daude. Liberation War Museum (Askapen Gerrari buruzko museoa) da horietako interesgarrienetako bat, eta museo nazionalaren zati handi bat ere horri eskainita dago. Suhrawardi eta Ramna parkeen inguruan daude Bangladeshko eta Dhakako bizitza politiko eta kulturaleko leku garrantzitsuetako batzuk: unibertsitateak eraikin dotoreak ditu, Curzon Hall, batez ere, eta lehen aipaturiko museoez gain, hizkuntza-mugimenduaren museoa eta Shaheed Minar edo hizkuntzaren martirien monumentua dago, 1952an urdueraren inposizioari aurre egin eta bengaleraren alde borrokatu ziren ikasleen alde (hura gogoan izendatu zen otsailaren 21a ama-hizkuntzaren nazioarteko eguna). Dhakako edozein lagunekin ibilita, erdialdean iparralderantz Dhanmondi auzunera eramango gaitu. Parlamentu modernoa dago han, eta inguruan ume zein helduak bainua hartzen egon ohi dira aintziran. Baina beste eraikin bat da ezinbestean bisitatzekoa: Bangabandu Bhaban Sheikh Mujib Bangladeshko independentzia buruzagi eta lehen presidente izanaren egoitzak herrialdearen tragedia biltzen du: han hil zuten militar kolpistek familia guztiarekin batera 1975ean, eta solemnitate osoz jasotzen da gertatutakoa. Irteeran, Dhanmondi lakuan oroitarria dauka presidenteak. Eguna urertzeko freskuran amaitzeko txokoa da, gutxi bisitatutako hiri eta herrialde interesgarri honetan bete-betean murgildu ostean.