NOV. 23 2020 - 19:03h Liher taldeko kideen ibilbidean itzuli bat Astelehenetako bazkalosteek izen propioa dute hilabete honetan Naiz Irratian: Liher. Haiek ari dira ‘Beste bat’ saioak egiten azaroko aste hasieratan eta horren aitzakian Iñigo Etxarri taldekidea etorri da ‘MusikHaria’ saiora bisitan. This browser does not support the audio element. Iker Gurrutxaga Donostia Aurten ‘Hemen herensugeak daude’ diskoa kaleratu bezain pronto izan genituen MusikHaria saioan Liher taldeko kideak. Sekulako lana zuten eskuartean: hitzekin eta marrazki ederrekin osatutako bideoak kantu bakoitzean, diskoa bazetorrela esanaz film laburra, ‘Teloia’ kantuaren bideo puska eta diskoaren istorioa kontatzen zuen liburuxka. Eta, noski, kantu indartsuz betetako diskoa ere bai. Euskal Herritik kanpora nazioarteko lau sariketatan 4 aipamen jaso ditu gaurdaino ‘Teloia’ kantuaren bideoak eta horrek poza ematen die, jakina. Baina dena ez da urre gorria izaten eta pandemiak zuzen-zuzenean eragin dienen artean Liher taldea goiko postuetan kokatzen da ezbairik gabe. «Alemanian harrapatu gintuen albisteak eta handik etxerako bidea hartu genuen. Burumakur, jakina. Lide zen guztiotan optimistena, baina hark ere gerora egin zuen behera. Frustrazio moduko bat badaukagu, hartu dugun lana eta egin dugun ekarpen guztia eginda 'Hemen herensugeak daude' diskoak ez duelako edukitzea nahi genuen bidea izan. Kalkuluak egin ditugu eta 55 inguru kontzertu geratu zaizkigu bertan behera. Eta, jakina, ez dugu horren kalte-ordainik ez diru-laguntzarik jaso», kontatu digu Etxarrik. Baina positibo eta umoretsu egon da MusikHaria saioan egin duen sartu irtenean. Taldekide guztien musika ibilbideari errepasoa eman diogu eta beren artean dituzten barne-lotura batzuk ere agerian geratu dira izandako elkarrizketa musikatuan. Berak ari dira orain astelehenetan Naiz Irratia musikatzen, ordea. ‘Beste bat’ saioetatik pasa dire Joshka Natke, Lide Hernando eta Iñigo Etxarri bera. Batek daki azkenekoan Ander Berzosak sartu-irtena egingo ote duen. «Interesgarria egiten zait musikari batek bere kantu kuttunak aurkeztea eta gomendio horiek zergatik egiten dituen entzutea. Hartara, hori egiteko aukera eduki dugu eta gustura ari naiz. Gainera, nire buruari bestela ere ariketa bat jartzen diot eta aberasgarria delakoan nago. Astero zerbait berria entzuten dut eta ‘Beste bat’ bezalako saioek horretarako ere lagundu dezaketela uste dut», azpimarratu du Etxarrik. Poza ematen du musikak eta batez ere rockak bizi duen egoeran horrelako jarrera duen musikari batekin topo egiteak. Betoz garai hobeak Liher taldeak egin duen lanak merezitako tokirainoko bidea egin dezan.