NOV. 30 2020 - 12:44h Xabi Bandini eta Chica Sobresaltok ‘Zalantza eta egia’ bideoklip berria sareratu dute Xabi Bandinik ‘BIBA!’ diskoko bigarren bideoklipa aurkeztu du, ‘Zalantza eta egia’, Chica Sobresaltorekin batera grabatu duena. «Agian nire ibilbidean gehien gozatu dudan ekoizpena izan da», ziurtatu du Bandinik. NAIZ Elkarrekin abesteko gogoz aspaldidanik zebiltzan Xabi Bandini eta Chica Sobresalto, eta lehenaren proposamen batek eman die horretarako abagunea. Kerobiako abeslari izandakoaren bakarkako ibilbideko bigarren diskoa da ‘BIBA!’ eta bertan bildu duen ‘Zalantza eta egia’ abestiaren bideoklipa aurkeztu berri du, Chica Sobresaltorekin batera. «Agian nire ibilbidean gehien gozatu dudan ekoizpena izan da», ziurtatu du Bandinik. Ekoizpenak ‘nafar zigilua’ duela ere baieztatu du, filmaketako lantaldea osatu dutenen jatorriari erreferentzia eginez: izan ere, Gorka Pastor-ek konposatu du abestia eta bideoklipa Zura Quartet-ekin batera grabatu dute. Horrez gainera, Iñigo Chalezquer da bideokliparen zuzendaria, Leire de Esteban aritu da arte zuzendari lanetan, Josu Erbiti eta Paxkal Etxepare grabazio eta nahasketetan eta Lur Larraza, aldiz, DeepSodakoa produkzio lanetan. Bandiniren hitzetan, «elkarlan bat izan da, taldekide guztiek eskatzen zitzaiena baino gehiago jarri baitute». Bandinik 2019. urte amaiera aldera argitaratu zuen ‘BIBA!’, bere bakarkako ibilbideko bigarren lana, eta sektoreak bizi duen egoera arantzatsuaren aurrean kalitatea lehenesteko erabakia hartu zuen, zaletuei aldian aldian ekoizpen berriak eskaintzeko konpromisoa bere eginez. «Egoera kultural txarra bizi dugu eta oinak lurrean jartzea dagokigula uste dut. Baina aurrera jarraitzea lortuko dugu esku gehiago batuz, horrela bakarrik saihestuko dugu mareak arrastaka eramatea», hausnartu du. ‘Zalantza eta egia’, Chica Sobresaltorekin euskaraz grabatu duen abestia da horren lekuko.