GAIAK

Iparragirreren omenezko posta zigilua atera dute Uruguain

Iparragirre jaio zela bi mende betetzen diren honetan, Uruguain poetaren irudia daraman zigilua egin dute. Ideia diasporatik Euskal Herrira egindako bisita batean piztu zen, Urretxun ikusi zuten margolan bati esker, zehazki.

Iparragirreren omenez egindako zigilua. (Irekia)

Uruguaiko Posta Zerbitzuaren, Uruguaiko Euskal Instituzioen Federazioaren eta Urretxuko udalerriaren arteko elkarlanari esker, Hego Amerikako herrialdeak Jose Maria Iparragirre (1820-1881) euskal poeta eta musikariaren posta zigilu bat izango du, bere jaiotzaren 200. urteurrena dela eta.

Juan Pedro Arin Uruguaiko Euskal Instituzioen Federazioko presidenteak azaldu duenez, zigiluaren edizioak omenaldia egin nahi dio ‘Gernikako Arbola’ kantaren egileari, Uruguain bere bizitzaren zati bat eman baitzuen, eta euskal diaspora osoari.

Ideia diasporan barreiatuta dauden hainbat Euskal Etxeek Euskal Herrira orain gutxi egindako bisita batean piztu zen. Hainbat herri bertatik bertara ezagutu zituzten baina Urretxun bardoa omentzeko egindakoa izan zen bereziena. Antza danez, Uruguaiko ordezkariei arreta eman zien Lekuonak 1890ean margotu zuen koadro batek; bertan ageri da Iparragirre Ameriketatik bueltan, jada adindua zenean.

Poetaren jaiotzaren bigarren mendeurrena iristear zela ikusita, haren irudiarekin, eta bereziki aipatu margolana hizpide hartuta, zigilua eta zigilu-marka argitaratzeko martxan jarri ziren Uruguain.

Zigiluaren aurkezpen ofiziala Euskararen Nazioarteko Egunarekin egin zen. Bertan parte hartu zuen telematikoki Gorka Alvarez Lakuako Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendariak, Jon Luqui Urretxu alkatearekin batera.

Bere hitzaldian, Lakuako ordezkariak esan zuen «harro» egoteko modukoa dela Urretxurentzat ez ezik, Euskal Herria osoarentzat ere, Uruguaik Iparragirreren oroitzapen kolektiboa bizirik mantentzea bere jaiotzaren 200 urte betetzen direnean. Era berean, Uruguaiko euskal etxe guztiak zoriondu zituen diasporaren alde egiten duten lanagatik.