GAIAK

Ro taldearen ‘Athalase’: bizitza baten ziklo desberdinetan bidaitzeko diskoa

‘Athalase’ du izena Azkoitiko Ro post-rock taldearen diskoak. Mimoz osatutako 5 kantu, denak instrumentalak.  Pandemiaren zurrunbiloak harrapatu ditu, baina larunbat honetan oholtzara igoko dira Sara Zozayarekin batera Matadeixen, aspaldi jarri zen sold-out kartela.

RO Taldea

This browser does not support the audio element.


Azkoitiko Ro taldea MusikHaria saiotik pasa da beren azken lana aurkezteko, ‘Athalase’, 5 kantuz osatutako diskoa. Hitzik gabe, musika instrumentalarekin sentimendu ugari transmititzen du Urola bailarako taldeak: «Gustatzen zaigu bidaiatzea, pasarte ezberdinetan ibiltzea: lasaitasunean, amorruan, maitasunean....» esan digu Iñigo Gonzalez ‘Gontxalo’ taldeko gitarristak.

Post-rock instrumentala egiten dute Ro-koek, baina baditu metal ukituak ere. Ro-renak letrarik gabeko kantuak badira ere, ez pentsa hitzek garrantzirik ez dutenik. Kantu bakoitzaren izena, mimoz egindako aukeraketa da. «Euskara zaharreko hitzak dira, Resurrección Maria de Azkueren hiztegitik hartutakoak», azaldu digu Gonzalezek.

Beren etxea den Matadeixen entseatzen dute, makina bat ordu pasa dituzte pedalak eta sintetizadoreak probatzen amestutako soinu hori aurkitu arte. Ro taldearen kantu bakoitzaren atzean lan handia baitago: entseguak grabatzen dituzte, etxean entzun, gustagarriaren aukeraketa egin, eta hori guztia hari mutur bezala erabiliko dute hurrengo entseguan kantua garatzen jarraitzeko.

Lana hor ez da bukatzen baina. Zuzenekoei garrantzia handia ematen baitio taldeak, eta ez da lan erreza izaten lokalean erabilitako 11 pedal horiek gero zuzenekora eramatea, eta hor dago koxka, hor dago erronka. «Diskoko kantuetako batek 11 minutu inguru ditu, eta kantu horrek esfortzu eta kontzentrazio handia eskatzen du zuzenekoan, abesti horrek lan handia eman digu» kontatu digu ‘Gontxalo’-k. Perfekzioa maite dute, eta klaketa erabiltzen dute kontzertuetan «musika mota honetan denak behar baitu bere lekuan».

Pasa den martxoaren 27an kaleratu zuten 'Athalase' diskoa, beren bandcamp orrialdean eskuratu daitekeena. Iker Amenabarrek (baxua), Gorka Alcaldek (gitarra), Josu Usobiagak (bateria), Iñigo Gonzalezek (gitarra) eta Mikel Iraetak (teklatua) osatzen dute taldea. 2017ko hasi zuten musika taldearen ibilbidea eta 2018ko ekainean etorri zen ‘Ilhunbean esan-eginak’ lana. Martxoan kaleratu zuten lan berria, eta ‘Gontxalo’-k kontatu digu jada, badituztela kantu berriak sortzeko hainbat ideia.