JAN. 14 2021 - 00:00h Kubako erlijio gutxituak Ofizialki Kuba estatu laikoa da, gurtze askatasunarekin. Fede nagusiak katolizismoa eta erlijio afro-kubatarrak dira (santeria), hauek osatzen baitute uharteko fededunen %70. Badira, ordea, beste zenbait talde gero eta nabarmenagoak, erlijio gutxituak izanik, indartzen ari direnak. Ofizialki Kuba estatu laikoa izan arren, ortodoxoak, musulmanak, budistak, juduak… bizi dira Habanan arazorik gabe. Ura Iturralde Gaur egun, ofizialki Kuba estatu laikoa izan arren, ortodoxoak, musulmanak, budistak, juduak… elkarrengandik metro gutxi batzuetara bizi dira hiriburuan eroso, eragozpenik gabe bakean, beraien fedeari tinko eutsiz elkarlanean. Eguerdiko hamabiak dira Habanan. Ostirala izanik bere kale zaharkituak turistaz beterik daude, oinez ibiltzea ere zaila egiten da. Jendartean bada gaur deigarria den berezitasun bat: ehunka lagun norabide berean doaz astiro, Ekialde Hurbilean bizi balira bezala jantzita, meskitarantz. Kubako komunitate musulmaneko partaideak dira, islamaren arabera antolatuta eta araututa bizi direnak. Ostiraletan, Habana Zaharrean kokaturik dagoen Abdallah meskitan elkartzen dira ia guztiak, errezatzeko asmoz. Eraikina baino, errezorako gela handi bat besterik ez dirudi, bitan banatua, alde batean emakumeak eta gizonezkoak bestean. Bertan dituzte Koran liburu sakratuaren zenbait ale erdaraz. Hormak, kaligrafia arabiarrez apaindurik ditu, Palestinako banderako koloreak erabilita. Minarete txiki bat ere badu, kolonia garaiko eraikuntzen artean erraz nabarmentzen duena. Gaur egun 9.000 inguru omen dira uhartean musulmanak, hauetariko gehiengoa konbertsoak, Kubara ikasle kanpotarrak ailegatu zirenean islamera hurbildu zirenak. Oso harro erlijio hau aukeratu izateagatik, bi emakume gerturatu dira esker ona emanez. Nikab-a daramate jantzita. «Aminah eta Fatima dira gure izenak. Ni kubatarra naiz, Fatima, ordea, Costa Ricakoa. Orain dela urte batzuk erabaki genuen katolizismoa utzi eta musulman bihurtzea. Ez da batere erraza izan guretzat, gehienbat nikaba daramagun emakume bakarrak garelako. Ez gaitu inork behartu, gure erabakia izan da honela janztea. Gure familiek arazorik gabe errespetatu dute, katolikoak diren arren. Nahiz eta gaur egun herrialde honetan erlijio askatasuna erabatekoa den, mila dira egunero jasan behar izaten ditugun trabak eta irainak, kubatarrak ez baitaude batere ohituta. Neketsua egiten zaigu, kalean oinez, autobusean… mila begirada gure gain une oro. Aurpegia ere eskuekin estali behar izaten dugu, turistek argazkiak atera ez ditzaten. Ala eta guztiz Kuban komunitate musulmana egunetik egunera handituz doa, txiki geratzen zaigu gure meskita xumea, Saudi Arabiaren laguntzarekin gobernuak pentsatuta dauka handiago bat eraikitzea. Gu zain gaude, eraikin hau orain dela bi urte inauguratu zuten arren, ez gara guztiak sartzen». Meskitatik eliza ortodoxoetara Guztiz galarazita dago meskitan argazkiak ateratzea, bai kanpoan eta bai, zeresanik ez, barruan. Zaindari bat dago 24 orduz kanpoaldean inork debekua urratu ez dezan. Ez da musulmanek hartutako erabakia, Gobernuak ezarritako araua baizik. Ez-ikusia egin eta pare bat atera ditzaket erreportajea osatzeko. Gaiari buruz gehiago jakiteko asmoz meskita utzi eta oinez abiatu naiz eliza ortodoxo grekora iritsi arte. Metro gutxi batzuk besterik ez dira geunden lekutik. Mirako San Nikolas eliza txiki hau Fidel Castro komandanteak eta Greziako eliza ortodoxoaren buruzagiak inauguratu zuten 2004. urtean. Zuhaitzez beteriko parke txiki batean dago. Atea jo eta bertako apaiz nagusia agertu zaigu barrura sartzeko gonbita luzatuz, lasaiago hitz egin ahal izateko. «Hasiera batean eliza hau Greziatik Kubara iristen ziren marinelentzat izan zen sortua; gaur egun, ordea, gero eta gehiago dira bertara gerturatzen diren kubatarrak. Sekula ez dugu arazorik izan gure artean herrialde honetan erlijio desberdinak osatzen ditugun komunitateek. Elkarlanean ibiltzen gara eta Gobernuak aintzakotzat hartzen gaitu beti hartzen dituen erabaki guztietan. Bilerak egiten ditugu denak elkarrekin. Agian, ez nago erabat ados musulmanen janzteko erarekin, ez dira Ekialde Hurbilean bizi, Kuban bizi dira eta bertakoen ezjakintasunarengatik behin eta berriz irainak jasan behar izaten dituzte. Halere oso, ondo konpontzen gara gure artean. Ikus dezazun eta hitz egin duguna hobetu uler dezazun, aurreko parketik irten eta errusiar eliza ortodoxoa topatuko duzu parez pare eta bizpahiru kale harantzago sinagoga. Denok ezagutzen dugu elkar», esan dit apaizak. Parketik irten eta minutu gutxira dago Kazango Amaren errusiar eliza ortodoxoa. Izugarri polita, morrutik gertu, bere urre koloreko sei kupula eta fatxada zuriek aho zabalik uzten dute bisitaria. 2008an zabaldu zituen lehen aldiz ateak eta gaur egun Errusiaren eta Kubaren arteko harreman onen ikur bezala dago onartua. Ateak parez pare irekita daude, meza ematen ari dira. Otoitzean guztiak, aldare nagusiaren inguruko aulkiak beterik daude. Emakumeek zapi bat daramate buruan; gizonezkoek ez dute ezer berezirik soinean. Hemen ere paretan itsatsita dagoen kartelak argi dio debekatuta dagoela argazkiak ateratzea. Errusieraz izanik, ezin ezer ulertu eta, amaitu ondoren, sinagogara hurbildu naiz. Juduen garrantzia Bost tenplu nagusi ditu komunitate juduak Kuban. 500 bat familiak osatzen dute kongregazioa, hauen %80 hiriburuan bizi da gaur egun. Parean dagoena Adath Israel izeneko eraikin zaharkitu txikia da, uharteko sinagoga ortodoxo bakarra. Bertako buru den Yacobek zera jakinarazi digu sartu bezain aurki: «Komunitate hau hirurehun bat pertsonak osatzen dugu. Antolatzen ditugun ekintzetan aktiboki parte hartzen dugunak, ordea, laurogei inguru gara. Urteak igaro diren arren, ateak ireki genituenetik sekula ez ditugu gure esentzia, nortasuna eta erreferentziak galdu. Beti mantendu ditugu gure arbasoen tradizioak. Egunero errezoen ondoren gosaria dohain eskaintzen diegu parte-hartzaile guztiei. Astelehen eta ostegunetan autobusak antolatzen ditugu urruti bizi den jendea gerturatzeko, ondoren gure liburu sakratua den Tora zabaldu eta gaixorik daudenentzat bereziki egiten dugu otoitz. Ikus dezakezun bezala, asko dira antolatzen ditugun aktibitateak. Oraintxe bertan sabbat-aren ospakizuna prestatzen ari gara, iluntzean hasten delako. Halere, Kubako juduei buruz gehiago jakin nahi baduzu, hiriaren beste aldean dagoen Beth Shalom sinagogara joan beharko zenuke eta Fidel ezagutu, bera historialaria baita». Beth Shalom sinagoga, Vedado auzoan dago, Habana Zaharretik urrun. Izugarria da, uharteko handiena, ez dauka zerikusirik alde zaharrenekoarekin. Arkitekturaren ikuspegitik ere oso berezia da, hiriburuko eraikin garrantzitsuenetako bat dela baitiote jakitunek. 1955ean inauguratu zuten. 90eko hamarkadan berritu zuten, Gobernuaren diru laguntzarekin. Gaur egun liburutegia, ikasgelak, jatetxea eta ospakizunetarako areto nagusi bat aurkitu ditzakegu bertan. 10.000 ale baino gehiagorekin, liburutegia da Fidel historialariaren lekurik gogokoena. Ikusi bezain laster, aulkitik zutitu eta bere burua aurkeztu du: «Fidel Babani naiz, historialaria. Sinagoga honetan igarotzen ditut eguneko ia ordu guztiak, interesa duen guztiari gure historia kontatzen. Kubara iritsi ziren lehenengo juduak Kristobal Kolonekin ailegatu ziren, 1942an. XVII. mendean jada finkaturik zegoen komunitate judu garrantzitsu bat uhartean. Aipagarria izan zen ere kubatar juduen laguntza Jose Martik espainolen aurka bultzatu zuen independentziaren gerratean. Komunitatea nabarmentzen joan zen Europatik, XX. mendean, gerratik ihesi iritsi ziren pertsonekin. Iraultzaren garaian, aldiz, milaka lagun izan ziren Ameriketako Estatu Batuetara alde egin zutenak». «Nahiz eta garai haietan erlijioa debekatua izan eta fededunak zigortuak –gehitu du–, gaur egun egoera guztiz desberdina da. Kuban ez dago antisemitismorik. Erlijio askatasuna erabatekoa da, ez dugu inolako arazorik ez Gobernuarekin, ez gainerako erlijioekin. Oso bizimodu lasaia daramagu, gure fedeari jarraitzen diogu eta beste erlijioak errespetatu. Sarritan talde guztiak bilerak egiten ditugu Gobernuak deialdia egiten duenean. Batzuek diote Fidel komandantea izan zela Kuban erlijio guztiak bateratu zituena. Ez dakit berari zor ote diogun, baina egia da elkarri laguntzen diogula». Budismoaren bila Sabbat eguna hasi baino lehen, beraien antolakuntza lanak aztoratu gabe, Fidel agurtu eta nire bideari ekin diot. Oraingoan, inguruan omen dagoen zentro budista bat aurkitu nahian. Ez da oso zaila izan, kalean aurreraxeago eskuinera egin, eta segituan baitago Habanako Dojo Zen eraikina. Ez dauka berez inongo berezitasunik, bulegoak besterik ez dirudite. Kubako budista elkartea 1996. urtean sortu zen eta 2007an izan zen ofizialki onartua. Horretan zerikusi handia izan zuen garai haietan Daisaku Ikeda filosofo budista, idazle eta poeta japoniarrak uhartea bisitatu izanak. Komandanteak berak egin zion ohorezko harrera eta oihartzun handia izan zuen komunikabideetan. Elkartze historiko honek bultzatu zuen budismoa. Gaur egun herrialdeko hamaika probintzietan dago zabaldua, 350 familiak osatzen dute gutxi gorabehera. Bigarren solairuan Michel dago, bertako arduradunetariko bat: «Guk zazen-a praktikatzen dugu hemen goizeko 7.00etan egunero. Ikusten duzun bezala pare bat gela eta komuna besterik ez dugu, baina nahikoa da gure egunerokotasunerako. Ez dugu besterik behar. Bost edo sei pertsona elkartzen gara eta ni maisua izanda guztiok batera praktikatzen dugu. Oso eraginkorra da intuizioa garatzeko. Postura, arnasketa eta espirituaren jarrera dira aintzakotzat hartu behar diren hiru ezaugarriak. Saio bakoitzak ordubete inguru irauten du. Noizean behin erretiro espiritualak ere egiten ditugu. Uste dut orain dela urte batzuk ulergaitza zela budismoa Kuban, gaur egun, ordea, herritarrek onartuta dute beste edozein erlijioren antzera. Nahiz eta gehiengoa katolikoa izan, erlijio gutxitutzat hartzen ditugunak indartzen ari dira. Arrunta egiten zaigu jadanik ortodoxoak, musulmanak, juduak eta abar ikustea, eta beraien tenpluak bata bestearengandik hain gertu egotea. Herrialde honetan ez dira istiluak sortzen, erlijio arloan ez behintzat». Argiak piztu dira Habanako kaleetan, amaitutzat jo dut eguna Micheli eskerrak eman ondoren bere harrera onarengatik. Malekoitik paseotxo bat eginez logelara iritsi naiz, pentsatuz askotan irakurri izan ditudala artikuluak –Miamin bizi diren kubatarrek idatziak sarri– aipatzen dutenak Kuban ez dagoela erlijio askatasunik. Gaur ikusi dudanak kontra egiten dio, ordea, baieztapen horri. Goizetik gauera arte fede gutxitu nabarmenenak ezagutu ahal izan ditut eta baita bertatik bertara ikusi ere guztiek dutela beraien fedea praktikatzeko askatasuna, salbuespenik gabe. Indartzen ari dira, orain dela urte batzuk txikiak zirenak gaur egun komunitate handiak bilakatzen ari dira pixkanaka. Lekutan geratu dira erlijio adierazpen guztiak debekatuak izan ziren garaiak.