JAN. 22 2021 - 00:00h Esporadak, Greziako altxor ezkutuak Greziako Zikladeetako uharte ezagunekin (Mikonos, Santorini...) gertatzen ez den bezala, Esporadek ezezagun izaten jarraitzen dute, hein batean komunikabideak ez direlako horren erosoak. Baina, zalantzarik gabe, merezi dute. Skopeloseko eliza berezia. (GETTY IMAGES) Enrique Sancho Kondairen arabera, lur hauetako biztanleak argonautak, ziklopeak eta zentauroak izan ziren behinola eta Greziako Panteoiko jainko hedonistetako batzuk, Dioniso, Apolo eta Hermes tartean, Olinpotik oso urrun ez zegoen uhartedi honetara etortzen ziren tarteka, gizakiekin denboraldi bat pasatzera. Tesalia kostako Esporaden xarmak liluratu egin zituen jainkoak eta, egun, Greziako altxor ezkutu eta ezezagunenetakoa da artxipelago hau. Tokikoek ez dituzte aipatu ere egiten begi bakarreko erraldoiak, ez eta zaldi-gizonak ere, eta ardoaren, artearen edo bidaiaren jainkoak beste zerbaitekin lotzen dituzte egun. Baina, galdetuz gero, lepo eta bizi hitz egiten dute tarteka bizilagun izaten dituzten pertsonaia ezagunen gainean, batez ere Meryl Streep, Pierce Brosnan eta ‘Mamma Mia!’ musikalaren bertsio zinematografikoa filmatzen jardun zirenean bertatik pasa ziren teknikari eta aktoreei buruz. Galdetu, bestela, Skiathos eta Skopelos uharteetako biztanleei. Zikladeetako uharte ezagunekin (Mikonos, Santorini...) gertatzen ez den bezala, Esporadek ezezagun izaten jarraitzen dute, hein batean komunikabideak ez direlako horren erosoak. Baina merezi dute. Skiathosen 44 kilometroko kosta eta 60 hondartza idiliko aurkituko ditugu –batez ere Lalaria eta Kukunaries zoragarriak– eta begetazioa ere ikusgarria da, Mediterraneoko pinuz osatutako basoez gain, mahastiak, fruta-arbolak eta olibondoak ere baitaude. Karaflitsanaka mendian dauden Evangelistria eta Deikundeko Amaren monasterioak derrigor ikusi beharrekoak dira, eta gomendagarria da Agios Jaralambos eta Kejriako Ama Birjinaren monasterioak ere ikustea. Hiriburuak uhartearen izen bera darama; bertan, teilatu gorriak eta atari loretsuak dituzten etxe zuriak dira nagusi. Kalexkak, balkoiak eta txokoetako polikromiak osatzen dute hiriaren xarma. Burtsi da leku ederrenetariko bat. Ghisiek XIII. mendean eraikitako gaztelu eder eta gotorra dago bertan eta handik hiriaren panoramika bikainaz goza daiteke. Halaber, bisitaldi interesgarriak dira San Nicolas eta Limniako Ama Birjinaren elizak, baita Alexandros Papadiamantis poeta heleniar maitatu eta ezagunenetakoaren museo-etxea ere. Canapiza eta Cucunaries Hiriburuaz gain, udarako aproposak diren beste bi hiri ere badaude uhartean: Canapiza eta Cucunaries. Iparraldean Castro hiri gotortuak erakartzen du arreta: egun hutsa dago baina oraindik ikus daitezke garai batean zutik zeuden 30 ermitetatik hiru. Txalupan ibilbide txikia egiteak ere merezi du, batez ere koba urdinetara joateko. Galazia Spilia izena duten kobazulo hauek ikusgarriak dira. Koben barnealdean urdina da nagusi, eta haizeak eta urak zizelkatutako formak benetan dira txundigarriak. Skopelos uhartea, bere aldetik, Skiathos eta Alonisosen artean dago. Pinuz eta begetazio itxi-itxiarekin estalitako uhartea da. Arkitektura tradizionalari, bertako eliza ugariei, uhartean barreiaturik dauden ermita zuriei, itsasoan amaitzen diren baso hertsiei eta hondartza zoragarriei esker, ametsezko oporraldietarako gune aproposa da askorentzat. Hiriburuak, Skopelosek, eskualde honetako uharteen arkitektura tipikoa du: bi edo hiru solairuko etxebizitza dotoreak, euren horma zuri eta teilatu gorri edo grisekin, eta guztiak kolore biziko leiho eta atez hornituta. Herriko puntu garaienean, antigoaleko akropoli baten gainean, XII. mendeko gaztelu veneziar baten hondarrak daude. Balkoiak, lorez gainezka Etxe zurien arteko kalexka estu eta dotoreetatik lorez gainezka dauden balkoiei begira goazela antzeman dugu herriaren xarma; eskailera eta aldapetatik gora goazela eliza edo ermita benetan txikiak aurkitu ditugu bidean. Ama Birjinaren, San Nicolasen, Deikundearen Ama Birjinaren eta San Anastasioren omenezko elizak ikustekoak dira eta ikur nabarmenak dituzte. Baina uhartearen xarma lehen aipatutako lorez jositako egurrezko balkoietan, kalexka estu eta dotoreetan, pasadizoetan eta jantzi tradizionalak soinean dituztela etxeen atariko harrizko eserlekuetan lasai-lasai dauden andreetan dago. Maneiatzeko erraza den ontzi bat alokatzea erabaki dugu errepidez helezinak diren ehunka senaia eta hondartzak ikusteko aukera izateko. Zalantzarik gabe, hondartza, eguzkia, patxada eta bakardadea maite dutenek egin dezaketen hautu onena da. Hori bai, Skopelosen ez da beharrezkoa hondartzara joateko errepidea erabiltzea, hiriburutik eta Lutrakitik etengabe irteten baitira uharteko ia hondartza guztietara joan-etorria egiten duten txalupa txikiak. Euren edertasunagatik, Panormos, Milia, Sares, Ayios Constantinos, Glisteri eta, batez ere, Castri, Limonari, Stafilos eta Velani –tradizio nudista handia du– nabarmenduko genituzke. Skyros eta Alonnisios Esporadetatik egindako bisitaldian derrigor ezagutu beharrekoak dira Skyros eta Alonnisos uharteak. Lehena artxipelagotik urrunen dagoena da, baita ezberdinena ere. Iparraldeko lurra emankorra da oso eta begetazioz estalita dago. Hegoaldean kontrakoa topatuko dugu: hareazko hondartzak eta Skiroseko zaldi atseginen –ez dute poney sonatuekin zerikusirik, baina txikiak eta sinpatikoak dira– egoitza diren mendi ikusgarriak. Uharte honetan apenas izaten da atzerritarrik, eta, beraz, egun lasai batzuk pasatzeko leku aproposa da. Kondairaren arabera, Akilesen babesleku izan zen Skiros. Amak semea emakumez mozorrotu eta Licomedes erregearen alaben artean eraman zuen, hartara alabatzat hartu eta Troiara bidaia zezan ekidingo zuelakoan. Lurralde honetan hil omen zen, baita ere, Atenaseko errege izandako Teseo. Mito ospetsuen kokaleku izan den uharte hau gune historiko eta arkeologiko garrantzitsua ere bada. Kontuan hartu behar da guztira 300 elizatik gora dituen uharte baten gainean ari garela hizketan. Ziurrenik, horietatik nabarmenena San Jorge da, uharteko patroiari eskainitakoa. Hiriburuko bista ikusgarriak dituen gune batean dago kokatua eta inguruan bada gaztelu ikaragarri handi bat ere. Bi eraikinek eta maldan barreiaturik dauden etxetxo zuri tipikoek koadro bitxia osatzen dute. Kalexka estuetan eskailera ugari daude, lurraren maila aldaketak horren nabariak ez izateko. Alonissos Skiathos eta Skopelosen ostean, Alonissos da artxipelago honetan garrantzia gehien duen uhartea. Begetazio itxia du honek ere, pinuak hondartzetaraino iristen dira zenbait gunetan eta Egeo osoko amildegi ikusgarrienak topatuko ditugu bertan. Hiriburu zaharra, Hora, lurraldearen hegoaldean dago, Mediterraneoko zeru urdinarekin talka egiten duen muino baten tontorrean. Arkitektura tipikoko herri txikia da, oso polita. Aldiz, egun bakarreko bisitaldia nahikoa da hiriburu zaharra ezagutzeko: 1965. urteko lurrikarak min izugarria egin zion herriari eta egun ez da inor bizi bertan. Hala ere, zenbait etxe berreraikitzen hasiak dira, batez ere atzerritarren ekimenez. Eta herria «hutsik» badago ere, egoera nahiko onean dauden zenbait etxetan kafetegi eta tabernek martxan jarraitzen dute. Uharte honetara iristen diren turista bakanak Patitirin geratzen dira, Alonissoseko portuan. Uharteko hiri nagusia da, arkitektura modernokoa. Hein handi batean Hora utzi behar izan zuten greziarrek eraikitako hiria da. Hiri gaztea bada ere, antigoaleko zenbait ohitura aintzat hartuta eraiki zuten; hala, esaterako, eraikinak anfiteatro bat osatuz eraiki zituzten. Aipatutakoari herriak paisaia natural ederrak dituela gehitzen badiogu, lekua benetan ikusgarria da: esmeralda koloreko urez blai dagoen portuak eta pinuz osatutako basoak bat egiten dute udako oporraldietarako ezin hobeak diren hareazko hondartzekin. Hondartza bikainez harago, Alonissos Itsasoko Parke Naturala da uhartearen erakargarri nagusia: 1992. urtean jaio zen itsas txakur fraideen kolonia eta zortzi uhartetxoetan bizi diren 33 hegazti espezieak babesteko asmoarekin. Basoko bizitzaren santutegia da, ohiz kanpoko edertasuna duen leku malkartsu eta bakartia, eta Mediterraneoan zein mundu mailan bakarrak diren ekosistemak daude bertan. Parkeko animalia eta landare espezie ugari endemikoak, ohiz kanpokoak edo babestuak dira. Tokiko geografian hainbat koba eta hondartza daude eta horiek dira itsas txakur fraideen egoitza. Uharte hauetan beste zenbait biztanle ere badaude, esterako narrastien familiako espezie bitxi bat, migrazioan dauden hegaztiak edota Ziklopearen Koban aurki ditzakegun krustazeo endemikoak. Inguruotan ur garbiek posidonia eta arrezife gune ikusgarriak estaltzen dituzte, hainbat arrain eta belaki espezieren bizitoki bihurtuz.