GAIAK

Izotzean 2.500 metro igo dituzte egun bateko eskalada luzean

Hilaren 12an, Benjamin Ribeyre eta Leo Billon frantziarrek La Graven (Frantzia) dauden 400 eta 600 metro arteko bost bide edo integral kateatu zituzten. Alpinistok jardun gogor hori gauez amaitu zuten, eta, gainera, ekaitzak harrapatu zituen.


Isil-isilean izan da. Hedabideen lehen lerroetara iritsi gabe. Pioletak zein kranpoiak erabat zorroztu gabe. Horrela, ia oharkabean, igaro da Benjamin Ribeyre eta Leo Billon frantziarrek La Graven (Alpeak, Frantzia) egin duten jarduera. Eta uste dugu merezi duela alpinistok joan den 12an egin zutena aipatzea.

Jarduera berezia izan da oso, eta “La Grave Express” deitu diote. Lerroburu nagusia honakoa da: frantziarrok inguru horretako 400 eta 600 metro arteko bost bide edo integral eskalatu dituzte. Hots, bost bide kateatu zituzten. Denera, izotzean, 2.500 metro.

Bide horiek guztiak Emparis izeneko plateau-an amaitzen dira. Jakin bazekiten egun luze eta gogorra zutela aurretik, eta, neguan gaudenez, hasieran zein amaieran gauez eskalatu beharko zutela. Eta hala gertatu zitzaien. Hori gutxi ez, eta eskaladaren amaieran ekaitzak harrapatu zituen.

Luzea bezain gogorra izan den eskaladaren bost “izarrak” zerrendatuko ditugu: “L´integrale du Grand Clot” (III/5+, 500 m), “L´integrale des Moulins” (III/6, 600 m), “L´integrale des Galans” (III/6, 400 m), “Le Ruisseau du Grand Clot” (III/4, 500 m) eta “Caturgeas integrale” (III/4, 500 m). Guztiak ala guztiak 80ko hamarkadan zabaldutakoak. Guztiak ala guztiak garai haietako lehen lerroko alpinistek ireki zituztenak: François Damilano, Jean-Pierre Mottin, Xavier Cret, Jacques Carles...

La Grave izan da, beraz, protagonistok aukeratu duten ingurua. Izotz eskaladarako leku paregabea; izan ere, negu guztietan marra bertikal luze eta erakargarriak sortzen dira. Eskalatu dituztenak hego isurian daude, eta Emparis izeneko plateaun-an bukatzen dira. Errepidetik gertu daude eta oso agerikoak dira, baina eskalatzaile gutxi dira 500 metro luze diren bide horien aldeko apustua egiten dutenak. Eskalatzaile “normal” batek marra horietako batekin eguna egingo luke. Ribeyrek eta Billonek, aldiz, bost lotzea izan zuten helburu. Eta, aipatu dugun bezala, arrakasta lortu dute.

Jardun luze eta gogor horren ondoren, Billonek berak Alpinemag.fr eta GARAri hurbildu digu La Graven bizi izan zuen eskarmentua.

«La Grave Express»

«Hilaren 12a, asteartea. Goizeko laurak. ‘Grand Clot’ eskalatu aurretik, den-dena ondo antolatu dugu. 500 metroko eskalada, luzea, baina batez ere hirugarren luzearekin pentsatzen ari gara. Metro delikatuak dira, etenik ez duen labirinto bat da. Eta une oro, Damoklesen ezpata gure gainetik zintzilik. Nahiz eta aurreko bi egunetan goizeko lauretan jaiki den, Benjaminek ezin izan du gau motz honetan lorik egin. Bidaia handi baten hasieran gaude. Bidezidor izoztu hauen artetik bidaiatu behar dugu. Marra horiek guztiak 80ko hamarraldian sortu zituzten; François Damilano Alpeetan zehar bere motorrarekin bizkar-zakuan zintzilik zituen pioletekin ibiltzen zen garaiak ziren. Oso hotza da tenperatura, eta, iragarri digutenez, egun osoan bere horretan jarraituko du. Maiz esaten da mendian garrantzitsuena laguntasuna dela. Baina 50 metroko hodi batean sartuta zaudenean, aldeko eta kontrako argudioak daude.

»Benjamin ondo ezagutzen dut. Mendi gidaria da. Alpeetan jaiotakoa; La Graven ez, baizik eta Dromen. Baina, beste kontu batzuen artean, izotz eskaladarekin duen pasioak La Gravera ekarri du. Ni ere Dromekoa naiz, eta biok ala biok oso gazte ginela elkarrekin hasi ginen eskalatzen. Adibidez, Presles-eko horma gorrian bide bat zabaldu genuen. Ordutik, jarduera interesgarriak egin ditugu: Meijeko iparraldeko murrua edo Drus-eko iparraldeko horman dagoen ‘Pierre-Allain’ bidea. Biak ala biak neguan. Azken urteotan, aldiz, elkarrekin soka gerrira oso gutxitan lotu dugu. Alabaina, automatismoak eta batez ere gure arteko adiskidetasunak sokada eraginkorra izatera eraman gaituzte. Eta horren guztiaren froga eskalatu genuen lehen izotz-jauzia izan zen. ‘Grand Clot’ bidea igotzeko soilik 2 ordu eta 46 minutu behar izan genituen. Eta, gainera, gauez igo ginen.

»8.02. ‘Moulins’ marraren oinarrian gaude; hots, espero genuen baino ordubete lehenago. Azkenean, eguzkia atera da. Baina ez dirudi; izan ere, termometroak -12 °C markatzen du. Marra honen lehen lau luzeetan sokaburu joan nintzen. Eta hauek guztiak gainditzen soilik 40 minutu behar izan nituen. Ondoren, Benjaminek lekukoa hartu zidan. Igotzen ari garen bidearen zutabean sartu da: 60 metro eta 6 zailtasuna. Primeran eskalatu zuen, erdian atsedenik hartu gabe. Hartu genuen estrategia funtzionatzen ari zen. Azkar eskalatzeko era bakarra zen sekzioak banatu eta luze zailenetan (5. mailatik gora) sokadaren lidergoa aldatu. Gainerako luzeetan, soka erabat tenkatuta, ensamblean joan gara. Estilo horrek hartzen ari zaren kudeaketan eragin oso zuzena du. Zaila da jakitea zer arrisku hartzen ari zaren. Benjaminek esaten duen bezala, ez dago sekreturik. Sekzio zailenean sartu aurretik dena ondo aztertu, bertan sartu eta goitik atera. Eta hori egin zuen eskalatu genituen hiru luze gogorrenetan. Goizeko 10.30ean, ‘Moulins’-ekikoak amaitu genituen.

»Integral bakoitza egin eta gero, aurreko egunetan leku zehatz batzuetan utzitako kotxea hartu edo Mines du Grand Clot-eko ferratatik jaisten ginen. Hurrengo bidea “Galans” zen; hau, da, jarduera honen izar nagusia. Goizeko 11.30ean atseden pixka bat hartu genuen.

»Marra honen sarreran Delphinek utzitako zakua zabaldu, arropa aldatu eta termo batetik tea edan dugu. Hiru bide geratzen zaizkigu. Eguerdia izateko bost minutu falta zirenean, Benjamin ‘Galans’-etik irten zen. Harrigarria da, baina bi orduan eskalatu genuen. Ordurako, 1.000-1.200 metro patrikan genituen. Baina gure hankak zein bikiak leher eginda zeuden. Ferratan berriro sartu eta ‘Ruisseau du Grand Clot’-en gaude. Berriro, beste 500 metroko eskalada.

»Whatsappa piztu, eta arratsaldeko hirurak eta 17 minutu markatzen du. Bide hau 4. mailakoa da, eta ordu eta erdi beranduago amaieran gaude. Izotz-jauzi hau oso-osorik gutxitan egoten da osatuta. Beraz, gutxitan eskalatzen da. Aurreko egunetan, Benjamin bidearen oinarrian egon zen, eta erabat osatuta ikusi zuen. Bide horretan eraman genuen erritmoa oso ona izan zen.

»Plateau-ra berriro iritsi, 45 minutuko ibilaldia egin eta xedearen azken bidean sartzeko pronto ginen: ‘Caturgeas’, klasiko handi bat. Une horretan eguraldia aldatu zen. Arratsaldeko 6etan lehen urratsak egin genituen. Gaua zen. Bi ordu beranduago, marra hori zein xede guztia bukatu genuen.

»Bosgarren eta azken aldiz plateau horretara heldu ginen. Zortziak eta 22 minutu ziren, eta ekaitzak harrapatu gintuen. Atzean 2.500 metro utzi ditugu. Bost bide edo integral eskalatu ditugu. Ondo entrenatuta dagoen sokada batek bide horietako bat igo dezake egunean. Guk bost lotu dugu».