FEB. 22 2021 - 13:06h Photomuseum Villa Manuelan, argazki & zinemaren historiaren topaleku Argazkigintzaren historia azaltzen du hiru gidalerrotan oinarrituz: lehena, argazkigintzaren garapen teknikoa; bigarrena, irudi fotografikoek komunikatzeko tresnatzat duten balioa; eta, azkenik, argazkigintza arte alorrean. Argazki & zinemaren topaleku bilakatu da Zarautzeko Photomuseum. Photomuseum-ean ikusgai dauden aspaldiko argazki-kamarak. Eli Txapartegi Ramon Serras eta Leopoldo Zugaza izan ziren, zalantzarik gabe, Zarautzeko Photomuseum-eko sorreraren protagonista nagusiak, aparailu eta irudi fotografikoez oatutako euren bildumak izan baitziren egitasmoaren oinarri. Argazki & Zinema Museoa du izena eta 1993ko irailean zabaldu zituen lehen aldiz ateak Villa Manuela eraikinean, urte batzuk geroago eraberritu zena eta oso-osorik Photomuseum-aren egoitza bihurtu zena. Helburua argi zuten, hasiera-hasieratik: arte eta teknika fotografikoa zein zinemagintzaren hastapenak ikertzea eta, batez ere, hedatzea eta jendarteari erakustea. Eta horixe izan dute xede harrezkero. Erakusketa iraunkorra Beraz, Photomuseum-ean sartzen denak argazkigintza eta zinemagintzaren historian zehar egingo du bidaia, batez ere, museoak eskaintzen duen erakusketa iraunkorrari esker. Bidaiaren abiapuntu gisa laugarren solairua aukeratzen duenak ‘Aurreargazkigintza eta irudia mugimenduan’ barrena sartuko da: ekialdeko eta mendebaldeko itzalak, itzal ezkutuak, itzalen antzokiak, miniaturazko kaxa optikoak, polioramak, irudi anamorfikoak, kaleidoskopioak, litofaniak, jostailu optikoak, taumatropoak, zootropoak, linterna magikoak... Hirugarren soilaruan, berriz, honako etapa hau ezagutu ahal izango du bisitariak: ‘Argazkigintzaren teknika, dagerrotipotik argakigintza dgitalera’. Beraz, argazkigintzaren teknikaren bilakaeraren berri izango du, kamera eta tresna fotografikoei esker, dagerrotipoetatik hasi eta argazki digitaletaraino (kamera iluna, grabatu kalkografikoak, litografiak, dagerrotipoak, ambrotipoak, albumininak, gelatino bromuroa, bromoleoak, fotogramak, argazkigintza estenopeikoa, argazki-handitzea, bat bateko argazkiak eta kolorea..). Tresnak ikusteaz gain, zenbait teknika eta arte-mugimendu gertutik ezagutzeko aukera ere izango du, zenbait argazkilari aparten lanen bidez. Generoak, estiloak, teknikak... Jarraian, bigarren soilaruak argazki-generoak jorratzen ditu; hau da, argazkigintzaren gaiak eta estiloak: erretratua, biluzia, paisaia, bodegoia, argazkigintza antropologikoa, argazkigintza eta arte plastikoaren arteko paralelismoa (land-art, surrealismoa, arte-kontzeptuala, abstrakzioa) eta argazkigintza artistikoak (collage eta fotomuntaiak). Dena dela, aldi baterako erakusketa-programa zabala eta kultur eta hezkuntza jarduera ugari antolatzen ditu museoak urtean zehar: proiekzioak, hitzaldiak, ikastaroak, liburu-aurkezpenak... Besteak beste, urteroko Argazki Bilera. Horrez gain, liburutegia eta hemeroteka espezializatua, liburu-denda eta pedagogia-zerbitzua ere baditu Photomuseum-ek. Izan ere, erakusketa horien bidez argazkigintzaren inguruko hamaika genero, teknika eta joera artistiko jorratu ditu museoak; hamaika ikuspuntu, egile ezagun zein hasiberrien eskutik.