MAR. 01 2021 - 13:55h EHZ jaialdiak 25. urteurrena ospatuko du uztailaren hastapenean Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 25. edizioa antolatuko da uztailaren 2, 3 eta 4ean. Covid-19aren kontrako neurriak betetzeko ikusleak jarrita egon beharko dira, ez da akanpalekurik izanen, eta dena kanpoan eginen da. Baldintza horiek bete ahal izateko herria baten xeka ari dira antolatzaileak. Aurten Euskal Herria Zuzenean jaialdiak ekitaldi guztiak kanpoan egin beharko dira.(BOB EDME) Idoia Eraso 2021ean Euskal Herria Zuzenean uztailaren 2, 3 eta 4ean egingo dela erabaki zen larunbatean Baionan egin zen biltzar nagusian. Pandemia dela eta joan den urtean antolatu ezin izan zen 25. urteurrena, aurten eginen da, Covid-19aren kontra ezarriak diren neurriak betez. Gobernuak ezarritako baldintzak bete eta zein herritan egin daiteken aztertzeko, herriko etxe ezberdinekin egon dira harremanetan antolatzaileak. Egungo egoera kontuan harturik, jaialdian ekintza guztiak eserita egin beharko lirateke, ezin izanen litzateke akanpalekurik egon, ezta ostaturik ere. Baina hemendik eta uztailaren hastapenera egoera aldatuko dela jakinik, momentuan ezarriak diren neurrien araberako antolaketa eginen dutela azaldu du EHZ-ko talde motorreko kide den Lukas Iriartek. «Ahal den neurrian betiko formatoa atxiki nahi dugu», baieztatu du. Neurri bakoitzaren araberako konponbideak bilatzen ari dira, esaterako akanpalekurik ez denez izanen, herri ezberdinetatik autobusak antolatzea pentsatu dute. Ekimen guztiak kanpoan eginen dira, eta horri egokitu dakioken espazioaren bila ari dira. ‘Covid-19 brigada’ ere antolatuko dute, gune ezberdinak desinfektatzeaz arduratuko dena, baita maskarak eta gel hidroalkolikoa denen eskura emateaz. Programa Normalean antolatu ohi den programan aldaketarik ez da izanen, hau da, hiru eremutan banatuko dira ekimenak: kontzertuak, antzerkiak eta zuzeneko adierazpen artistikoak, eta eztabaidagunea. Baina oraindik ez dira programa bera zehazten hasi. 2017an EHZren antolakuntzaz arduratzen zen aurreko belaunaldiak bere parte-hartzea uzten zuela eman zuen jakitera, eta dei berezia egin zien gazteei gidaritza har zezaten. Krisi momentu hori iraganda, jaialdiaren inguruko dinamikak berriz indarra hartu du. Orain arte talde eragilean hamar pertsona ari ziren, eta larunbatean ospatu zen biltzar nagusian taldekide gehiago ere bildu ziren. Komisio ezberdinetan ere, bost eta hamar pertsona artean biltzen dira, jaialdiaren dinamismoaren seinale. Oraindik jaialdiaren antolaketa abiatzen ari bada ere, erabaki batzuk jada hartzen hasiak dira. Esaterako ohi bezala aurresalmentak ere eginen dira, eta sarrera erosiko duen pertsona orori pandemiari aurre egiteko osasun neurrien berri emanen dieten dokumentua banatuko da.