MAR. 04 2021 - 12:44h ‘Printzesak eta printzeak’ kanta berrituaren bideoklipa kaleratu du Esti Markezek ‘Azal berritzen’ (Esti eta Mikel Markez, 2020) diskoko ‘Printzesak eta printzeak’ kanta moldatu eta berriz grabatu du Esti Markezek. Olatz Salvador eta Sara Azurza izan ditu horretarako bidelagun. NAIZ ‘Printzesak eta printzeak’ (‘Azal berritzen’, 2020) kanta moldatu eta berriz grabatu du Esti Markezek. Joan den otsailak 6 eta 10ean grabatutako bideoklip berria eman da ostegun honetan jakitera, era berean. Nagore Muriel Letamendiak egin ditu zuzendaritza, ekoizpena eta muntaia lanak bioklipean. Olatz Salvador eta Sara Azurza izan ditu bidelagun birmoldaketa honetan. Bideoan kantari biak azaltzen dira, eta baita Mikel Markez (gitarra akustikoak), Arkaitz Miner (gitarra akustikoak), Ander Zulaika (bateria), Ane Bastida (baxua) eta Julen Alonso (pianoa) ere. Alaia Martin bertsolariak idatzitako testua da ‘Printzesak eta printzeak’, eta bertsolari beraren hitzetan: «Maitasun erromantikoaren toxikotasunari idatzitako bertsoak dira; jendarteak bultzatzen duen familia eredua zalantzan jartzeko, zabaltzeko edota bestelako bizitza proiektuak garatzeko gonbidapena. Itxurakeriaren gainetik norberaren ahalduntzea eta askatasuna bultzatzeko asmoz idatziak». Aita-alabak iazko azaroaren bukaeran kaleratu zuten ‘Azal berritzen’ lana. Konfinamenduan sortutako abestiak dira, eta ametsen, existentzialismoaren, maitasunaren, «postureoaren eta desenkantuaren» inguruko gaiak jorratzen dituzte. Bertan hamar kantu batu dira, Esti Markezek sortutako bost eta Mikel Markezek sortutako beste bost. Hala ere, batak bestearen kantu batzuetan ere parte hartu dute kantari eta jotzaile gisa, eta hainbat kolaborazio ditu. Mikelek Markelez esanetan, diskoaren izena gaur egungo egoerari lotuta dago: «Dena dago aldaketan eta inoiz baino garrantzitsuagoa da azalberritzea eta egoera larrietara moldatzen jakitea aurrera egiteko».