MAR. 09 2021 - 14:37h Grumeran, apala baina aberatsa Euskal Herriko Mendebaldeko ostertzean bada txoko berezi bat: Grumeran mendilerroa (Trianoko mendiak). Trapagaran, Gallarta, Muskiz eta Enkarterritik ezkutatzen da egunero eguzkia Euskal Herrian. Mendigune apala da Grumeran, baina beste askok baino historia aberatsagoa gordetzen du bere barruan. Mendigune apala da Grumeran, baina aberatsa. Andoni Urbistondo Grumeran mendilerroa. Paraje hauetan eraldatu zen Euskal Herria XIX. mende bukaeran. Burdin meatzeek txanponak ekarri zituzten, txanponek etorkinak, eta etorkinek egun Bilbo Handia bezala ezagutzen dugun hiriaren jatorria. Zugaztieta da garai oparo haietako azken aztarna. Meatze ustiaketaren ikur. Behinola meatze izan eta atseden leku eder bilakatu diren ur putzuen ate. Eta guztien jagole, Ganeran mendia. Handik dena ikusten da: Bilbo Handia, Abra dotorea, meatze izan ziren zuloak, Enkarterri, Kantabriako mendi zurituak... Guztiak goiz bakarreko txangoan ezagutzeko moduko altxorrak.Milioi pasa biztanle batzen dira Bilbo Handian. Haien arnas eta aisia iturri nagusia Pagasarri mendia da, baina gailur ezagun horretatik mendebaldera bada bilbotar eta bizkaitar asko erakartzen duen gunea: Zugaztieta herria (Trapagaran, Meatzaldea). Zugaztieta 400 bat metrora dago, eta Trapagaran herritik 7 bat kilometroko errepide bihurgunetsua gaindituz irits daiteke autoz Zugaztietara. Autorik gabe, Larreinetako funikularra ere erabil daiteke. Mende bat atzera, Zugaztieta inguruko burdina Bizkaiko Labe Garaietara eta Bilboko itsas portura eramateko erabiltzen zen errail hori, errepidean gora eta behera askoz denbora gehiago behar baitzen. Egun atrakzio turistiko garrantzitsu bilakatu da, eta ordu erdi eskaseko osteratxo gozoan Zugaztietaraino irits daiteke mendizalea. Zugaztieta ezaguna da bere babarrunengatik. Haiek dastatu aurretik ordu pare bateko txangoa egitea, onena. 3.000 biztanle ere izan zituen XX. mende hasieran, egun askoz gutxiago, baina euren historiari buelta eman eta jendearen bisita kopurua mantentzen jakin izan dute. Golf zelai dotore bat dute, baina Argalario mendi ezagunera joateko abiapuntu ezin aproposagoa ere bada. Argalario Barakaldoko, hiriburua ez den Euskal Herriko hiri biztanletsuenaren ikur da, bere antena festa eta guzti. Argalario eta Grumeran mendi guneen artean sumatzen dira meatze arrastoak ondoen, Zugaztietatik pauso batera. Mende bat atzera meatze izan, eta gaur ur putzu handi bilakatu direnak. Izen berezikoak, horietako bakarren bat: Parkotxa, El Ostion, Zuloko, Blondis... Arrantza eskolak badira horietako batzuetan.Zugaztietan dozenaka zikloturista elkartzen dira Magdalena plazako tabernetako batean. Plazatik gora La Lejana izeneko errepide estu bat hartu behar da, hilerrirantz. La Lejana malda ezaguna egin zen, urte batzuk atzera Euskal Herriko Itzuliko etapa bat bertan bukatu zelako. La Lejanatik kilometro pasatxora dago Peñas Negras edo Arribelzaga izeneko interpretazio zentroa. Bertan azaltzen dira, xehetasun handiz, meatzeek nola eta zenbateraino moldatu zuten eskualde honetako paisaia, eta bertan bizi izan zirenen bizimodua. Bista zoragarriak Interpretazio zentro horretan hasten da, hain zuzen ere, Triano mendietako txangorik ezagunena, zirkularra (492 metro). Toki berean hasi eta bukatzen dena, hamar bat kilometroko ibilbide erosoa osatu ostean. Seinaleak kolore morez margotuak daude, eta pista zabal batean egiten da bidea lehen ordu erdian, altuera aise irabazteko, dorre elektriko erraldoi eta soinutsu baten azpitik igarota. Mendebalderantz egiten da garbi, baina lepora helduta, kontrako norabidea hartu behar da, ekialderantz eta hegorantz egin. Pinar de la Papelera deitutakoa zeharkatu, eta jabetzerako lehen gailurrera iritsiko gara: Picomayor (742 metro). Iparhego, pinuek estaltzen dute, eta Picomenor eta Ganeran aldera izan ezik, ez du ikuspegi onik eskaintzen. Belaze gozoan beti, mendi lasterkarientzat paraje aproposak behar dute izan hauek, jende asko baitabil egurrean. Picomenor atzean utzita, Grumeran lepora iristen da. Bidegurutze garrantzitsua da hori. Bertatik Galdamesera joan daiteke pistaz, Zugaztietara buelta, edo mendi xenda polit batean barrena, mendikate honetako gailur nagusirantz jo: Ganeran (822 metro). Pinudi itxi batean egiten dira lehen minutuak, eguzki izpiak sartzera ausartzen ez diren pinudi garai eta itxia. Eta pinuditik irtetean, haizetea! Hegoa agintari dabil Trianoko mendietan, eta bidea zuzen egitea kosta egiten da babesik gabeko paraje irekietan. La Nevera Ganerandik gertu dagoen muinotik Meatzaldeko mendi zulatuetako zulo edo leizeak ikus daitezke ondo. Eta Ganerandik oso bista onak, inguruko mendi garaiena delako Eretza ezagunaren baimenarekin (887 metro, Grumeran mendilerroko tontor garaiena). Bilbo Handia eskuko hatzekin ukitzeko moduan ikusten da, ipar-ekialdera, eta hiriburuan Iberdrola dorre ezaguna, Bilbo eta Bizkaiko XXI. mendeko aberastasunaren ikur parekaezin. Hiriburua bera baino hobeto ikusten da Ezkerralde osoa, baita Getxo eta Algorta ere, ibaiaren eskuin arroan. Abra bera ere itsasontziz lepo dago, euren txandaren zain porturatzeko. Parez pare Eretza, Ganekogorta eta Pagasarri agertzen dira, eta horien atzean, Mugarrako hagina eta Anbotoko piramidea. Oiz etzana ere bai. Eta Gorobel tentea, hegora. Negua lehorra eta epela izan da Euskal Herrian, baina elur arrastoak ikus daitezke, oraindik Kantabriako mendikateko goi mendietan, Castro Valnera harroan, esaterako (1.747 metro). Zugaztietako eguzki goxora bueltatzea baino ez zaigu falta. Meatzeetan bizitza egitera, ematera etorri ziren haiek non eta nola bizi ziren jakiten saiatzeko kale buelta laburra egitea merezi du, XXI. mendeko gastronomia tentazioetan jausi aurretik.