MAR. 12 2021 - 04:32h Interview Marina Lameiro "Dardara" filmaren zuzendaria «Pasioa daukazunean erraza da eromena irudikatzea; nik hortik aldendu nahi nuen» Berri Txarraken agurrak eragindako olatua film batean jasotzeko erronkaren aurrean kokatu zen Marina Lameiro (Iruñea, 1986) eta bere lanaren emaitzak espektazio handia sortu du. Estreinaldiaren atarian, sortze prozesuaz hitz egin digu, pasioz betetako bidaia baten kontakizuna egiteak dakarrenaz. Marina Lameiro Berri Txarrak taldeari Lekunberrin eskainitako muralaren aurrean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU) Iraia Oiarzabal Dardara. Oso ondo definitzen du Berri Txarrak taldeak bere ibilbidean zehar askotan eragin izan duena. Nola iristen zara proiektu honetara? Ideia haiena izan zen, azken kontzertua iragarri zutenean zaleen erreakzioa ikusita. Pentsatu zuten film bat egitea zaleei buruz, beraien inguruan sortzen den guztia erakutsiz. Omenaldi bat egin nahi zieten, 25 urtez ondoan izateagatik. Orduan nigana jo zuten, ideia asko gustatu zitzaidan eta askatasuna eman zidaten abiapuntu horretatik hasita nahi nuena egiteko. Esan nien ekoiztetxe handi bat beharko genuela. Proiektu honek mundu osoan zehar bidaiatu behar zuen eta horrek baliabideak eskatzen ditu.Dardararen kontzeptua zuk bilatu duzu edo denborarekin etorritako zerbait da? Denborarekin iritsi da. Txarra naiz izenburuetarako, oso zaila egiten zait. Hasieratik, proiektu honek izenburu ugari izan ditu. Navarra Arenan egin zuten azken kontzertuan teaser moduko bat aurkeztu zuten eta hor beste izenburu bat zeukan. Ikusi genuen eta ez zitzaigun gustatu. Dardara izan zen azkeneko momentuko zerbait; Gorka Urbizurekin pentsatzen genituen gauzak eta ikusi genuen honek biltzen zuela dena.Eztanda guztiaren osteko erreakzioa bezala... Hori da. Filma «Ikusi Arte» biran zentratuta dago, oso intentsoa izan zena. Herrialde eta kontinenteak igaro zituen. Zer zen zuk adierazi nahi zenuena? Film honetan nik gehienbat erreakzioz egin dut lan. Nire aurreko filmean denbora luzez lan egin nuen gidoian, esan nahi nuen horretan. Kasu honetan, aldiz, batera egin dudan gauza bat izan da. Egia da gauza asko irakurri nituela Epikuroren filosofiari buruz, baita momentuan presente egoteari buruz ere, budismo tibetarretik datozen kontzeptuak... gaur egun modan dagoen mindfullness hau baino askoz atzeragotik datorrena. Zoriontasunaz, zer gutxi behar duzun askotan zoriontsu izateko... Kontzertu batean zer gertatzen da? Jendea dagoela komunio moduko batean, eta momentu horretan ez dago beste ezer. Konektatzen duzunean eta benetan hor zaudenean disfrutatzen, ez duzu beste ezertan pentsatzen. Hori oso interesgarria iruditzen zitzaidan. Niretzako ere oso garrantzitsua zen ez erakustea zalean irudi estereotipiko bat. Zalea esan eta burura datorkizuna da nerabe eroa, oihuka... Eta ez da hori. Zalea izatea da pasioa eta horrek ez du zertan eromena izan behar. Zerbaitegatik pasio handia daukazunean erraza da eromena irudikatzea, baina nik horretatik aldendu nahi nuen guztiz.Aipatzen dituzun sentsazio horiek guztiak oso ondo enfokatuta daude zalearen begiradatik. Aniztasuna irudikatzen da. Nola heltzen zara horretara? Niretzako garrantzitsuena da grabatzen dudan pertsona eroso sentitzea eta konfiantza hori eraikitzea. Uste dut hori lortu dudala. Azken finean, kamera batek urduri jartzen zaitu, baina, badakizunean grabatzen ari zaizun pertsonak ez duela zure irudia modu okerrean erabiliko, erlaxatu egiten zara. Norbaiti zure irudiarekin “jolasten” uzten diozunean, nolabait esatearren, arrisku hori dago.Zaleen bizipenak lotu egiten dira Gorka Urbizuk egiten dituen hausnarketekin, bera baita filmeko protagonista nagusia. Nola gauzatzen da beste parte hori? Garrantzitsua zen Gorka bera ere irekitzea. Zure zaleei ari zara horixe egiteko eskatzen eta zu zeu ez bazara irekitzen ez zara maila berean kokatzen. Film honek izan nahi badu zaleei omenaldi bat, omenaldirik onena haien “idoloa” edo hain gustuko duten taldearen burua irekitzea da. Azkenean taldea uztearen erabakia Gorkarena izan da eta jende askok jakin nahi du zergatik. Agian ez da argi azaltzen, nik ere uste dut berak ez daukala oso argi, eta bere ezinegon guztiak azaltzen dira.Sortzen jarraitzeko asmoa ere argi adierazten du, kantu berri bat entzun daiteke filmean. Horretan badabil. Bai, esaten du ez dela geldituko, baina egia da beldurra ere bazuela jendeak pentsa zezakeelako egingo dituen gauza berriak bide horretatik joango direla. Abesti hori filmerako egin zuen. Nire arduratik esan nahi dut [barre egiten du] bere karrerak ez duela zertan hortik joan.Berri Txarrak sekulako fenomenoa izan da, batez ere azken urteetan. Nolakoa izan da aurretik taldean egondako gainerako kideekin harremana? Zer parte hartze izan dute? Aurreko taldekideak bakarrik Navarra Arenako azken kontzertuan ikusi nituen. Beste kideekin, David eta Galderrekin bai, asko, nahiz eta gero filmean ez den ikusten. Azken batean, filmean gauza asko geratzen dira kanpoan. Biran jende guztia oso jatorra izan zen nik zerbait eskatzen nuenean, baina haiek ari ziren hura bizitzen, ez film bat egiten. Zaleak grabatzen genituenean elkartzen ginen eta bazekiten horretan ari ginela. Baina taldearekin ez, ni ari nintzen grabatzen haien bizitzako momentu garrantzitsu bat eta ulertzen dut batzuetan agian ez duzula nahi hor kamera bat.Zerbait intimoa inbaditzen ari bazina bezala... Inoiz ez didate gelditzeko eskatu, baina ni neu nintzen uzten nuena une batzuetan. Agian gehiegi errespetatu ditut eta horregatik zenbait une falta dira? Izan daiteke. Niretzako garrantzitsua zen taldearen espazioa errespetatzea. Erabakia Gorkarena zenez fokua berarengan jartzea inportantea iruditzen zitzaigun, baina gainerako taldekideekin eta ekipo osoarekin oso giro ona egon da. Halako bira batek dakarran agitazio eta eszitazio guztia irudikatzeak zaila behar du. Zaila da. Niretzako, edo publikoarentzako, nahiko exotikoa izan daiteke Berri Txarraken furgonetan sartu eta grabatzea, adibidez. Bada, nik ordu asko eman ditut bertan bidaiatzen eta furgoneta horretan ez da gertatzen deus. Askotan, soinu probetan berdin. Azkenean, zineman, ez bada ezer gertatzen, aspergarria izan daiteke. Beste film mota bat egin nahiko banu, zerbait esperimentalagoa, agian zentzua luke, baina nik banekien honek izan behar zuela zaleek zineman ikusi eta gustuko izango duten zerbait.Ibilbide luzeko taldea da Berri Txarrak. Sentimendu pilaketa hori, euforia, nekea, urduritasuna, beharbada une batean intimitaterako behar hori... nola islatu? Jakinik, gainera, dagoen espektazioa... Pozik nago emaitzarekin. Agian gustatuko litzaidake biraren irudi gehiago izatea edo haien arteko zenbait momentu, baina kontziente naiz zaila dela. Honetan ere estereotipoan erortzeko arriskua dago, hau da, artistaren itxura konkretu bat ematearena? Alde horretatik, ez da egon momenturik nik ikusi dudana eta gero irudikatu ez dudana. Lasaia izan da, rollo txarrik gabea. Azkeneko kontzertuetan, agian, tristura gehiago. Badut beldur pixka bat, zaleen aldetik, agian espero dutelako irudi espektakularrak ikustea. Kontzertuen irudi asko, muntaketa azkarrarekin... kontzertuaren DVD bat izango balitz bezala. Eta ez dute hori aurkituko. Kredituetan bai, filmean ez dagoen dena jarri nahi izan nuen “subidoi” moduko bat izateko. Filmean badago emozioa, musika... baina gauzak adierazteko beste modu bat da.Eta zuri, sortzaile moduan, zer mugitu dizu barruan proiektu honek Prozesua oso polita izan da. Momentu gogorrak ere izan dira, batez ere muntaketan, covidaren kontuak harrapatu ninduelako. Batzuetan presionatuta sentitu naiz, baina ez inork presionatu nauelako, nire aurreko filmarekin konparatuz baizik; hura niretzat egin nuen, ez nuen ekoiztetxerik, inork ez zidan ordaintzen hori egiteagatik... Nire filma txarra bazen, kajoi batean gorde eta listo. Film honetan banekien porrot egiten banuen, porrot egingo nuela jende askoren aurrean. Emaitzarekin pozik nago. Uste dut filmak ateratzen duela estilo narratibo klasikoago bat, baina badauka zinemaren lengoaiaren esplorazioa ere. Uste dut gustatu ahal zaiola Berri Txarrak ezagutzen ez duen norbaiti eta oso zale den norbaiti. «La decisión de dejar el equipo ha sido de Gorka y mucha gente quiere saber por qué. Quizás no se explica claramente, yo también creo que no muy claro... y se explican todas sus inquietudes» «Emaitzarekin pozik nago. Baina batzuetan presionatuta sentitu naiz. Film honetan banekien porrot egiten banuen, porrot egingo nuela jende askoren aurrean» «Kontzertu batean zer gertatzen da? Jendea dagoela komunio moduko batean, eta momentu horretan ez dago beste ezer»