MAR. 18 2021 - 16:24h Euskal kantu tradizionalei musika elektronikoa gehitu die Kalakanek ‘Artizar’ disko berrian Bidea markatzen duen ‘Artizar’ak musika elektronikoa eta euskal kantu tradizionala elkartzera eraman du Kalakan taldea. Estilo aldaketa handi horretatik atera diren kantuak ezagutzeko diskoa taldearen webgunean eros daiteke, eta zuzenean lehen aldiz Donostiako Victoria Eugenian joko dute igandean. Kalakan hirukoteak disko berria aurkeztu du Donibane Lohizunen eta Donostian. (JON URBE/FOKU) Idoia Eraso Bost urte hartu ditu Kalakan taldeak disko berri bat argitaratzeko, eta denbora horretan aldaketa handia eman diote estiloari. Ohi bezala euskal kantu tradizionalak, ahotsak eta perkusioa oinarrian izanik ere, musika elektronikoa integratu dute ‘Artizar’ lan berrian. Hamasei kantu berriak zuzenean igandean estreinatuko dituzte Donostiako Victoria Eugenian, eta diskoa internetez eros daiteke, taldearen webgunean. Kalakan taldearen kantu berriak entzun dira azken urteotan, baina beste artistekin egindako kolaborazioak izan dira beti, 2015eko ‘Elementuak’ diskora arte egin behar da atzera taldearen bakarkako azken sormenak atzemateko. Denbora tarte luze hori bide berri bat atzemateko gogoetarako baliatu dute, Jamixel Bereau taldekideak argiki adierazi duen bezala: «Aldaketarako gogoa bagenuen, elikagai izpiritualerako beharrezkoa zitzaigun». Bixente Etchegarayrekin batera hirukotea osatzen duen Xan Errotabeherek, bere aldetik, azaldu du «ardatza beti berdina» dela, «baina gure musika nahasteko gogoa bagenuen» eta laburbildu du: «20 urteko sustraiak atxiki ditugu, baina janzkera aldatu dugu». Salto arriskutsua izan daitekeela aitortu du, denen gustuko izatea zaila dela jakinik, baina desafio gisara hartu dute: «Egin dugu kezkatu gabe, funtzionatuko duen edo ez». Bide ezberdinak aztertu ondoren, musika elektronikoaren alde jotzea deliberatu dute, horri esker beste toki eta girotan jotzeko parada izango dutelako, besteak beste. Orain arte beraien eremutik kanpo gelditzen zen estilo honi buruz ikastekoa izan dutela azaldu du Bereauk: «Errealista izan behar da ere, eta gu beste garai batekoak gara, musika elektronikoko gure erreferenteak 1990. hamarkadakoak dira, hori dela eta laguntza eskatu dugu». Bide horretan Pello Reparaz, Hugo Imakhoukhene eta Adrew Keelan izan dituzte lagun. Euskal kantuak Aldatu ez dena, taldearen oinarria izan da, euskal abesti tradizionalak baitira abiapuntu. Diskorako hautaketa egin dutelarik, «denak zentzu bat» daukala nabarmendu du Bereauk, «ezer ez da inozentea». Managerra duten Ritxi Aizpuruk azaldu duen bezala, «denak seriosak eta sakonak dira, pentsaketarako eta hausnarketarako ematen dutenak». Kantuak hautatzeko aldiro lehenago «ikerketa ttiki» bat egiten dute, ahaztuak izan diren obra batzuk atzeman eta jendearengana berriro ere hurbiltzeko. «Gure errepertorioa urrunago eraman dugu, belaunaldi gazteagoek ezagun ditzaten ere» jakinarazi du Bereauk, eta gaineratu du: «Anitzetan hierarkia kulturala bada, baina guk horrelakorik ez dagoela esaten entseatzen gara gaur egungo gazteei ere». Artizarra «Artzainek eta laborariek artizarra erabiltzen dute norabidea atzemateko, azken garaietan laino handia izan da eta hau gure itsasargia da» azpimarratu du Errotabeherek. Diskoaren izenburuarekin bat egiten duen izar baren imajina, berreskurapen historikoa xede duen Nabarralde elkarteak argitaratu lan batetik ateratakoa da. «Kendu nahi izan diguten historia ezagutarazteko idatzi zuten liburu batetik hartutako sinboloa da, baskoi arkaikoa da, erromatarren garaia baino lehenagokoa» azaldu du Bereauk. Oraingoz kantu berriak entzuteko bi aukera daude, taldearen zuzenekoetara hurbildu edo diskoa taldearen webgunearen bitartez erostea. «Guk beti defenditu dugu zuzenekoa, diskoa ez da etekin ekonomikoetarako soilik, jendea bultzatu nahi dugu kontzertuetara» aitortu du Errotabeherek. Aurreko diskoak deskargatzeko moduan badaude, baina oraingoz ez berri hau. Zuzenean oraingoz Donostiako Victoria Eugenian soilik entzuteko parada izanen da, eta sarrera guztiak jada salduak dira. Osasun egoera dela eta, oraingoz ez dute beste datarik, bereziki Estatu frantsesean zuzeneko adierazpen artistiko guztiak debekatuak direlako urritik, eta berriz baimenduak izango diren datarik ez dago oraindik.