MAR. 21 2021 - 00:00h Getxophoto: Brooklynetik Nigeriara, planetaren ertzetatik bidaiatuz Gehienak emakumeak dira eta gehienek gaur egun puri-purian dauden arazoetan jarri dute fokua: Mexikoko desagertuen egoera, egungo gizarteetako nortasun kulturalak, sare sozialak, indarkeriaren ondorioak... Getxophoto jaialdiko «Open Call» deialdiaren irabazleak dira. «Warawar wawa» hitzek «Izarren semea» esan nahi dute aimaraz. Saint Exuperyren «Le Petit Prince» liburuan oinarritutako lana aurkeztu du Getxophoton River Claure boliviarrak. Argazkia: River Claure Lizarazu | Getxophoto Amaia Ereñaga Getxophoto jaialdiaren laugarren nazioarteko deialdiak inoiz baino proposamen gehiago jaso ditu aurten: guztira, 45 herrialdetako 331 proiektu. Lan asko Europatik (Estatu espainiarra, Estatu frantsesa, Alemania, Bretainia Handia, Italia, Grezia edo Portugal, besteak beste) eta Ameriketako Estatu Batuetatik iritsi badira ere, Nigeria, Iran, Irak, India, Bolivia, Japonia, Txile, Ukraina, Australia, Kuba, Brasil, Peru edo Mexikoko artistek ere parte hartu dute deialdian. Cristina de Middelek (Magnum Photos agentziako argazkilaria), Mariama Attahk (Open Eye Gallery argazkilaritza museoko komisarioa), Jon Uriartek (The Photographers’ Gallery aretoko komisario digitala) eta Gwen Leek (SIPF Singapurreko Nazioarteko Argazkilaritza Jaialdiko zuzendaria) osatutako nazioarteko epaimahaiak lau irabazle izendatu ditu eta hautatako lanen kalitatea eta aniztasuna nabarmendu ditu. Gaur egungo arazoak jorratzen dituzten lanak dira hautatutakoak, besteak beste, Mexikoko desagertuen egoera, egungo gizarteetako nortasun kulturalak, sare sozialak eta indarkeriaren ondorioak. Ondasunen metaketa indibidualak eta desberdinarekiko beldurrak gidatutako egungo munduan, partekatzeak, elkar ezagutzeak, berebiziko garrantzia du, bereziki distantziak areagotu dituen pandemia globalaren testuinguruan. Horregatik, irailaren 1etik 26ra Getxon Jon Uriarte hondarribiarraren zuzendaritzapean egingo den Getxophoto jaialdiaren 15. edizioan, partekatzearen ideiaren adiera berriak aztertuko dituzte. Horretarako, honako lan hauek aukeratu dituzte “Open Call” deialdiaren baitan: «Warawar wawa» (Bolivia). Warawar wawa edo “Izarren semea” (aymaraz) Andeetako kultura garaikidera egokitutako “Printze txikia” liburuaren birkontestualizazio ariketa da. Denbora luzez, Bolivia atzerriko narrazio “folklorizatzaileetara” murriztua izan da, eta begirada homogeneo horrek eragin nabarmena izan du boliviar iruditerian, herrialdeak bere burua pentsatzeko moduan. Proiektu honen egileak, River Claurek, bere identitate hibridoa partekatu nahi izan du, Mendebaldeko aztarnak besarkatuz eta ez ukatuz, baina, aldi berean, sustraietara ondo lotuta. «Recetario para la memoria» (Mexiko). Zahara Gomezen eta Las Rastreadoras del Fuerte elkartearen arteko proiektu kolaboratibo honek –gastronomikoa, fotografikoa eta soziala da aldi berean–, egun Mexikon ematen diren desagertze behartuetara hurbiltzen gaitu. Biktimen senideek desagertuen plater gogokoenak ezagutzera ematen dituzte errezeta liburu hunkigarri batean, janaria, bizirauteko beharrezkoa izateaz gain, identitatea eta historia ere baita. Sinaloako Los Mochis hiriko emakume talde bat da lan hunkigarri honetako protagonista. Batez ere emakumez osatuta dauden mota honetako elkarteak desagertuen bila aritzen dira. Hobi klandestino ugari aurkitu dituzte jada. «Enjoy House» (Ameriketako Estatu Batuak). Brooklynen bizi den Shelli Weiler artistaren lan honek, New Yorken eta Los Angelesen Instagram sare sozialerako egindako selfie “fabriken” ugaritzea dokumentatzen du. Influencer ezagunen saioetan barneratu eta artifizioaren puntu gorenean benetakotasun uneak erretratatu ditu; pertsonek inguratzen dituzten atrezzoetara egokitzeko duten moduan, beren buruak fabrikatzeko duten eran jarri du arreta artistak. «It’s all in my Head» (Nigeria). Oraingoz amaierarik ez duen Etinosa Yvonneren proiektu honek gatazka bortitzetatik bizirik atera diren pertsonen biziraupen mekanismoak aztertzen ditu, irudien bidez pertsona horien aurrera egiteko ahalegina erakutsiz. Gehienek bizitza berrietara egokitzea lortu duten arren, asko ez dira inoiz beren esperientziei buruz hitz egiteko gauza izan. Egileak egoera bortitzetatik bizirik ateratako pertsonen egoera mentala ezagutzera emateko eman zion hasiera egitasmo honi.