MAR. 29 2021 - 17:34h Lakagigar, deabruaren bizkarrezurra 1783an infernuak ateak ireki zituen Islandian. Zortzi hilabetean zehar labak lur eremu zabalak estali zituen eta errautsek eta jarioek mundu mailako hondamendi natural bat eragin zuten. Baina, beste hainbatetan bezala, sumendiak atseden hartu zuenean, paisaia harrigarria utzi zuen herentzia gisa. Sumendiak atseden hartu zuenean, paisaia harrigarria utzi zuen herentzia gisa. Xabier Bañuelos Duela 783 urte ukatu zuten islandiarrek Odin jainkoa, Kristoren fedeari atxikitzeko. 1783ko ekainaren 8 hura igandea zen, eta, hortaz, herrixkako jendea tenpluan zegoen otoitzean.Bat-batean, zeruak orro egin eta laino trinko batez estali zen, Eguzkia ezkutatuz. Urrunean, garren argitasunak odolez tindatzen zuen Skaftá ibaiaren goiko bidea, Vatnajökull glaziarraren oinetan. Lurrak dar-dar egiten zuen eta, handik gutxira, inoiz ikusi gabeko laba emaria bidean aurrera zihoan, ozeanorantz, parean zuen guztia irentsiz. Igandea zen, Jaunaren eguna, baina bazirudien Satan zela lozorro luzetik esnatu zena, Lurraren barrun-beetatik atzeraka ateraz, bere boterea berresteko eta bere bizkarrezur latza erakusteko.Kondairak dioenez, arriskua ikusita, Jón Steingrimsson-ek, garaiko komunitateko artzainak, sermoia botaz aurre egin zion Infernuaren berpizteari. Era horretan, magma isuria etetea lortu eta tokia eta bertako biztanleak salbatu zituen. Gaur egun, Kirkjubaejarklaustur herri txiki eta lasaia da, Vik eta Höfn artean, erdibidean. Herrixka Ring Road-en, uhartea inguratzen duen N1aren, hegoaldeko zatitik gurutzatzen dutenek bidean geldialdia egiten dute, honakoak ikusteko: Systrafoss ur-jauzia, mendi-hegaletik behera doan errekastoa dirudiena; Systrastapi arroka bitxia, zeinak heresiagatik erretako mi moja dakarzkigun burura; eta Kirkjugólk-eko zutabe basaltikoen forma poliedrikoak, lurretik apenas altxatzen direnak eta eliza zaharren bateko lauzak zapaltzen ari garen sentsazioa ematen digutenak. Eta jakina, Fjaðrárgljúfur-eko arroila ederra. Mundu guztiak ez daki, ordea, arroilara garamatzan pista beretik joanda, 50 kilometroan zehar, fisionomia irreala duen paisaia berdingabea dagoela. Skaftáreldar-ek, hots, Skaftáren Suek, oinordetzan utzitako paisaia da; horrela izendatu zituzten bertakoek arroka trinko eta gorizko iturri haiek. Baina garai hartan Islandia hegoaldean bizi zirenak ez zeuden ikuskizunetarako. Izua begietan eta ariman iltzatuta, Steingrimsson-en hitzek lortutako mirariak lasaitu zituen. Alabaina, miraria, pirrikoa, gertatzear zegoen hondamenaren atarikoa baino ez zen. Móðuharðindin Jende haren ustez, seguru asko, magma Infernutik bertatik zuzenean ateratzen zen. Geologiaren arabera, arroka galdatua da, lurrazalaren goi-mantutik eta beheko zatitik datorrena. Bi pentsamolde horien artean, ezagutza da bitartekari, ustearen eta zientziaren artekoa, hain zuzen. Eta zientziak dioskuna da egun hartan gertatu zena erupzio bolkaniko bat izan zela; zortzi hilabetean zehar 14 kilometro kubiko laba basaltiko kanporatu zuen, 120 milioi sufre dioxido eta 8 milioi hidrogeno fluoruro, eta aurreko milurtekoko ingurumen krisi eta krisi sozial larrienetakoa eragin zuen. Grimsvötn-eko sumendi-ardatzean gertatu zen, eta 25 kilometroko pitzadura ireki zuen hego-mendebalderantz, non 130 kono azaleratu ziren bikain lerrokatuta, Laki-ko Kraterrak, Lakagigar. Vatnajökull eta Myrdalsjökull glaziarren artean dago, Eldgjá-ko arroila ikusgarritik gertu. Hasierako leherketa freatomagmatiko handiek 1.400 metrorainoko altuerako laba-iturriak eta 15 kilometro baino gehiagoko hodei toxikoak eragin zituzten. Glaziar eremu batean gertatu zenez, izotzaren urtzeak jökulhlaup bat ere eragin zuen; hau da, ur, arroka, lokatz eta errautsezko etorbide katastrofikoa. Lakiko pitzadura 1784ko otsailaren 7an baretu zen, baina Grimsvötn, erupzioan hau ere, urtebete gehiago egon zen aktibo. Larriena, ostera, gasez eta errautsez osatutako errezel toxiko handia izan zen, lehenbizi Islandia eta gero Europa osoa estali zuena. Islandian izen hau jarri zioten: Móðuharðindin, ‘Laino Gaizto’, itzulpen librean. Alimaleko inpaktua izan zuen. Airean esekitako pozoiari euri azidoak eta berehalako klima-aldaketa gehitu zitzaizkion; udan ezohiko beroa egin zuen, eta jarraian, ekaitzak eta tenperaturen jaitsiera izugarria. Uharteko abereen hiru laurdenak hil zirenez eta uztak suntsitu zirenez, aurrekaririk gabeko gosetea izan zen. Guztira, 10.000 lagun hil ziren, biztanleen %20. Ipar hemisferioko gainerako eremuan egoera ez zen hobea izan. Lakiko Lanbroak (Europan izen hori eman zitzaion) Britainia Handian bakarrik 20.000 hildako eragin zituen zuzenean eta zeharka, eta, esaten denez, hark eragindako uzta txarrek eta pobreziak bultzatu zuten, hein batean, Frantziako Iraultza. Munduko gainerako lekuetan, montzoiak aldatu egin ziren, eta El Niño-n anomaliak eragin zituen, eta Indiatik Txina eta Egiptoraino kalteak izan ziren; esaterako, Niloren ur-maila apala zenez ezin izan zen lurra erein eta biztanleriaren seiren bat hil zen. Guztira, hiru urteko mundu mailako krisia izan zen, eta guztira 6 milioi hildako eragin zituen. Edertasun aztoratua Paradoxikoki, gaizkia edertasunari lotuta etorri ohi da batzuetan. Nahiz eta egiari zor, gaizkia eta ongia kontzeptu etikoak diren, edertasuna eta itsustasuna estetikoak, eta beraz, subjektiboak, eta horrenbestez ez dieten prozesu naturalei eragiten. Gizakiarentzat onetik txarrera eta itsusitik ederrera pasatzen dena, edo alderantziz, naturarentzat mutazioa baino ez da. Ezaguna zen guztia aldatu zen. Lurra oihal bateko urradurak bezala ireki zen, krater eta arroka zarakar itxuran orbainduz eta profil basati, izugarri, latz eta puruak eraikiz. Labak lohiz bete zuen Skaftá harana eta ibaiaren bidea aldatu zuen, sakonera txikiko kanalen nahaspila sortuz, elkarren artean korapilatuz, itxuraz desordenatuta. Beltz sakonak ordezkatu zuen ezein bizitza forma, baina bizitzak tinko eutsi zion eta goroldio manta eta belar lanpas itxuran berpiztu zen, herabeki berdea aldarrikatuz. Bidea gorabeheratsua da. Aldapak igo ditugu, jaitsi, harri koxkorren gainean itzulikatu gara eta ibaiak oinez zeharkatu ditugu. Hori guztia hondamenaren erdian, non babes bakarra zerua dugun. Baina zailtasunak zailtasun, edertasuna dakusagu aurrean, edertasun arraroa, liluragarria, xarmagarria, magikoa, iragana ahaztu duena eta zalantzazko orainaldia bizigai duena. Umbralek idatzi zuen bezala: «Orainaldia tematia da. Orainaldia hor dago, hemen, mundua sortu zeneko lehen astean; edertasun aztoratua da, ez dakigu, ordea, iraungo duen edo desagertuko den». Kontrasteak bortitzak eta kaotikoak dira, baina nolabaiteko logika telurikoa dago kontrolik gabe mugitzen diren indar batzuen inprobisazioan. Saihetsezina denaren logika da, pragmatikoa denaren logika, bide errazenaren bila aurrera doan uraren logika, saihestu ezin dituen jauzietan behera. Eta aintzirak sortzen dira eta labazko kolada zabalak, bai eta ur-jauziak ere; esaterako, Fagrifoss-ekoa, zeinaren adats likido eta eroriak grabitatearen diktadurak orrazten dituen, argia irensten duten sakonuneak estaltzeko. Urrunean, ipar-ekialderantz, Tungnaárjökull, Skaftárjökull eta Síðujökull-en izotzezko mihiak dira nagusi zerumugan. Itsaso zuriak dira, nunatak izeneko mendi tontorrez zipriztinduak eta morrena sigi-sagatsuek zeharkatzen dituztenak; azken hauek Vatnajökull-en bihotzetik jaisten dira, kontinentean kasko handiena duen glaziarretik. Hau itsasora zuzen-zuzen joan daiteke edo desagertzeraino atzera egin dezake, atzean haran eta urmaelak utziz. Lakagigar-ek bere osotasunean dikotomian barneratzen gaitu, suntsipenaren eta sorkuntzaren arteko jokoan. Nahiz eta, berriz ere, naturaren terminoetan sorkuntza eta suntsipena ere ez diren kontzeptu absolutuak. Biak batean batzen dira: eraldaketa. Islandian egunez egun bizi dute hori, Umbralek deskribatzen digun une metaforiko horietako bakoitzean, «zeintzuetan gauza batek beste bat izan nahi duen eta izaten hasten den». Hau gehituko genuke guk: «Luzaroan izaten jarraituko duen jakin gabe».