APR. 02 2021 - 17:12h Marrakex: hiriko alde ezkutua Ukaezina da Marrakex ikusgarria eta exotikoa dela, benetan hiri miragarria, eta bertan, bisitari gehienentzat ezezaguna den alde bati erreparatu eta elkartasunez jantzitako Marrakex bat ezagutzeko aukera izan dugu. Benetan ikusgarria eta exotikoa da Marrakex. (GETTY IMAGES) Nuria Lopez Torres Marokoko Erresumako lau hiri inperialetako bat da Marrakex, Fez, Meknes eta Rabatekin batera. Sahararen eta Atlas mendilerro ederraren artean kokaturik, bidegurutze baten erdigunea bihurtu zen, eta merkatariek, martxantek, poetek eta bidaiariek geralekutzat hartu zuten aspaldi, duela hainbat mende. Izan ere, basamortuko hiriburua izan zen Marrakex, Timbuktu hiri mitikora zihoazen karabanek geldialdia egiten zuten lekua, eta gaur egun ere hortxe dirau behiala bideen eta kulturen gurutzagune izan zen hiri haren esentziak. Egunak aurrera egin ahala, Yamaa el Fna soinekorik koloretsu eta ikusgarrienak jantziz doa. Musikak, kantuek eta ahotsek plazaren bazter guztiak blaitzen dituzte. Bertakoak eta turistak nahasian dabiltza, berezko bizitza duen gune honen erritmo patxadatsua muineraino sar dakion uzten duen masa konpaktu bihurtzeraino. Yamaa el Fna Marrakexeko plaza nagusia da, eta medinako leku garrantzitsuena; zalantzarik gabe, hiri historiko honen epizentroan gaude. Izenaren jatorria ez dago argi, baina teorien artean zabalduenak dioenez, «suntsipenaren batzarra» esan nahi du, hortxe exekutatzen baitzituzten fedegabeak eta gaizkileak; halere, djemaa hitzak «meskita» ere adierazten du, eta kasu honetan, zerikusia izan lezake antzina inguruotan kokatutako meskita almorabide baten zabaldiarekin. Unescok 2001ean munduko kultura ondare immaterial izendatutako plaza hau, bere horretan, mikrokosmos bat da. Kulturgunea, konta ezin ahala pertsonaiari eta jarduera bitxiri lekua ematen diena: suge liluratzaileak, kontu kontalariak, nolanahiko sendabide miragarriak promesten dituzten petrikilo eta txerpolariak, musikari eta dantzari tradizionalak, henna tatuajeen egileak, gutun idazleak, akrobatak, dentistak hortzez eta haginez jositako mahaitxoan beren zerbitzuak eskainiz, urketariak... eta beste pertsonaia asko eta asko, zein baino zein deigarriago, Hollywoodeko produkzio handi batetik ateratakoak diruditela. Jarduera bizi eta zurrunbilotsuak zorabiatzeko puntuan jar dezake bidaiaria. Plaza zalapartatsuan Plazako giroa are gehiago bizkortzen da arratsean, brisa izpi batek eguratsa paseatzeko goxatzen duenean. Orduan, plaza zalapartatsuan bisitariak ugaritu egiten da, janari tipikoen saltzaileen etorrerarekin. Haragi errearen eta asmatzen zaila egiten zaigun espezien eta aromen usaina dakarren keak betetzen du inguru osoa. Eta postu horiek zabaldutako mahaiak berehalakoan harrapatzen dituzte marokoarrek nahiz turistek, eta plaza berriro bihurtzen da kolore eta zaporeen ikuskizun egundokoa. Goizean laranja zukua eta fruitu lehorrak salgai zituztenak aurkitu baditugu, oraingoan saltzaileen orgatxoak txitxi burruntziz bete dira arkume, txekor nahiz oilasko haragia erretzeko, orotariko espeziekin onduta, baita barazkiak, saltxitxak, txibiak, otarrainxkak eta arrainak ere; eskaintza zabal-zabala baitago aukeran, gustu guztientzako. Tipikoak dira barraskilo ezin goxoagoak, pikante samarrak, eskaintzen dituzten postuak, baina benetan huts egin ezin duena da mentazko tea Cafe de France kafetegiko terrazan, handixek zabaltzen baita ilunabarraren gaineko ikuspegi paregabeena. Horixe bai, zalantzarik gabe, egunari amaiera emateko modu bikaina. Iraganera bidaia, medinan Eragin arabiarreko herrialdeetan medina hitza erabiltzen dute hiriaren alde zaharrena izendatzeko. Marrakexeko medina almorabideek sortu zuten 1070ean, eta nomada horien hiriburu eta ardatz politiko bihurtu zen. XII. mendean harresia eraikitzea ezinbestekoa izan zuten kanpoko erasoetatik babesteko, eta horretarako, buztin gorrixka bat erabili zuten, egunean zehar, unean uneko argiaren arabera, ñabardura desberdinak hartzen dituelarik, eta hortik datorkio Marrakexi «hiri gorria» ezizena. Marrakexeko medinan dago Afrika iparraldeko zokorik handi eta durduzagarriena. Kolore deigarriko postuz eta saltokiz betetako kalexkek osatutako labirintoa da. Artisautzaren eta erosketen zale direnentzako benetako paradisua. Denetarik aurkitu dezakegu bertan, intsentsu eta espeziekin hasi, eta alfonbrak, lanparak, babutxak, arropa, tapizak eta larruzko gaiekin amaitu. Zerrenda amaigabea da. Tratutan aritzea arte bat da, eta hemen hori nagusitzen da, ezinbesteko bidelagun duen pazientziarekin. Erlojuaz ahaztu eta iraganerako bidaian barneratu behar. Marrakex bisitatu eta bertako zokoan ez galtzea Istanbulera joan eta bazar handian ez murgiltzea bezalakoa da. Autoek ezin dute sartu zokoaren kale labirintikoetan, baina ohikoa da bertakoak han barrena motozikleta txikietan ikustea. Halere, astoek bultzatutako orgak jarraitzen du izaten garraiobide ohikoena. Eszena harrigarriak eratzen dira, bidaiaria mila gau eta bat gehiagoko kontakizunetan azaldutako urruneko garaietara eramateko modukoak. Zokoa dendak eta merkatariak baino gehiago da, ordea. Gizarte bizitzaren erdigunea da; horretxegatik agertzen da behin eta berriro literatura tradizionalean. Kalez kale presarik gabe ibiliz, bisitariak larrugileak aurkituko ditu (ikuskizuna zoragarria da, baina usaina jasangaitza) edo tajin marokoar buztinezko plater tipikoa egiteko erabiltzen dituzten labeak. Behin postu gehienak biltzen dituzten kale nagusiak ibilitakoan, beste medina bat azaleratzen da, ezkutukoagoa eta bidaiariarentzat ezezagunagoa, askotan ez baita han barneratuko, artisau postu koloretsuekin alderatuta halako bizitasunik ez dagoelako hemen. Baina ez zaigu damutuko, medinaren bihotzean baitago Al-Kawtarelkarte eta kooperatibaren habia. «Paradisuaren ibaia» esan nahi du izenak, eta desgaitasunen bat duten emakumeen kooperatiba bakarra da Maroko osoan. Bidaiatzearen esperientzia aberasten duen ezer egotekotan, zalantzarik gabe, lekuko bertako pertsonekin kontaktua izaten da, eta are gehiago, kooperatiba honen moduko proiektu sozial eta solidarioak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen dutenean. Marokoko urre likidoa Merezi du, halaber, eguntxo bat hartu eta hiritik ateratzea eta inguruko parajeak ezagutzea, esaterako, Ourika bailara zoragarria, Marrakexetik 40 kilometro eskasera. Izan ere, bailara hau Maroko osoko ederrenetako bat da, eta ongien zaindutako bat, lur gorrixkako mendien hegaletara itsatsitako herrixkekin eta ur-jauzi politekin. Maroko landatarra, Marrakex beti jendetsu eta zalapartatsutik aldendua, bizitzeko ibilaldia. Baina berbereen lurraldearen parte hau ezaguna zerbaitek egin badu, argan olioaren ekoizpena izan da. «Marokoko urre likidoa» ere esaten diote. Onura asko eta asko ditu gure osasunerako, besteak beste, omega3 ugari izatea eta kolesterola murrizten laguntzea. Gordinik jatekoa da, ogiari edo entsaladari gehituta, ezin omen da kozinatzeko erabili. Nolanahi ere, eskaerarik handiena kosmetikoen industriak bereganatzen du. Hain zuzen, funtsezko gantz azidoen ehuneko handiagatik eta dauzkan tokoferolengatik, antioxidatzaileak direnez, kosmetikoak fabrikatzeko produktu erabilienetako bat da, kremak, emultsioak, bainurako gelak edo xanpuak, beste hainbat gauzaren artean. Ekoizpen prozesua, ordea, oso geldo eta neketsua da. Ourika herriko Tiguemine kooperatiba emakume alargunez osatuta dago, edota senarrek baztertu dituzten emazteez, eta argana artisau eran ekoizten dute. Gehienak analfabetoak dira eta ez dute beste inolako diru baliabiderik. Kooperatibak aukera leiho bat zabaltzen die nolabaiteko autonomia eta burujabetza ekonomikoa izateko, non eta landa eremuan, independentzia ekonomikoa izateko aukerak ia hutsaren hurrengoa diren lekuan. Kooperatiba 2003an sortu zen, eta gaur egun 55 emakumek osatzen dute, Ourikako lantegikoak eta Essauira herrikoak batuta.