APR. 27 2021 - 13:05h Euskadiko Orkestra eta Kalakan diskoa eta zuzenekoak prestatzen ari dira Euskadiko Orkestrak eta Kalakanek bat egingo dute gure musika tradizionala bildu eta zabaltzea helburu duen proiektu batean, bi hanka nagusi izango dituena: batetik, Elkar diskoetxeak udazkenean argitaratuko duen disko baten grabazioa; eta, bestetik, udazkenean antolatu den zuzeneko kontzertu sorta. Egunotan orkestra eta hirukotea Miramonen elkartu dira. (Maialen ANDRES / FOKU) NAIZ DONOSTIA Egunotan Euskadiko Orkestra eta Kalakan hirukotea Miramonen elkartu dira maiatza eta ekainean gauzatuko duten euskal tradizioko hamabi kantaren grabazioaren lehen entseguak egiteko. Jagoba Astiazaranek egin ditu kantu horien orkestrarako moldaketak eta Elkar diskoetxearen zigilupean udazkenean kaleratuko da diskoa. Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Donibane Lohizune eta Donostian aurkeztuko da proiektua urria eta azaroan eskainiko dituzten zuzeneko bost kontzertutan. Orkestraren Miramongo egoitzan elkartu dira astelehenean eta gaur, asteartean, grabatu eta aurkeztuko dituzten kanta horien lehen entseguak egiteko, Juanjo Ocon maisuaren batutapean. Grabazioa maiatza eta ekainean gauzatuko da eta urrian merkaturatuko da, aipatu aurkezpen kontzertuen bezperatan. Aurretik ere arituak dira elkarlanean Euskadiko Orkestra eta Kalakan. 19/20 denboraldiko abonu-kontzertuetan Euskadiko Orkestrak Gabriel Erkorekaren ‘Zuhaitz’ obraren Euskadiko estreinaldia egin zuen Kalakanekin batera, Juanjo Menaren zuzendaritzapean. Kalakan osatzen duten Jamixel Bereau, Xan Errotabehere eta Bixente Etchegarayek hainbat instrumentu jo zituzten obra honen baitan, txalaparta, alboka, txirula eta adarra kasu. Lanak oso bestelako bi soinu-mundu uztartu zituen: batetik, ahozko tradiziotik etorritako abeslari-solistak eta, bestetik, orkestra. Xalbadorren hitzak Oraingoan, proiektu berri honekin, ildo horri jarraipena emango diote, orkestrak hainbat urtez abian izan duen KlasikAT ekimenaren baitan. Duela bi hamarkada baino gehiagotik egitasmo honen bidez Euskadiko Orkestrak apustu irmoa egin du ohiko errepertorioetatik haratago doazen edozein generotako musika ekoizpenaren alde. Hirukoteak argitaratu dituen hainbat kanta orkestraren mintzairara ekarri ditu Jagoba Astiazaran konpositoreak, tartean, euskal kantagintzan aski ezagun diren ‘Iruten ari nuzu’ edo ‘Kantuz’. Kalakan taldeak erabili ohi dituen hainbat instrumentu tradizionalek ere presentzia nabarmena izango dute diskoan, txalaparta, txirula edo alboka esaterako, zeintzuk beste instrumentuekin batera orkestran txertatu diren. Horretaz guztiaz gain, Xalbador bertsolariaren hainbat hitz jasoko dira, propio proiektu honetarako sortu diren piezetan, baita Mikel Laboa eta Joxean Artzeren ‘Txoria txori’ kantaren bertsio guztiz ezberdin bat ere.Guztira hamabi kanta hartuko ditu barne diskoak. Horien artean hiru erabateko estreinaldiak: Kalakan beraren ‘KLKN’ izenekoa; eta Xalbadorren hitzak eta doinu anomimoak dituzten ‘Arantza’, ‘Egun bakea zutaz’ eta ‘Ez nuen uste’ abestiak.