APR. 27 2021 - 16:07h Kantabria mendikatea: hesi bat eta bi mundu hegora eta iparrera Euskal Herriko hegoaldean dago Kantabriako mendikatea. Bertakoek Kantabria esaten diote, izendegi ofizialak Toloño mendikatea dela badio ere. 800 metroko amildegi ikusgarria sortzen du mendikateak Arabako Errioxarantz; erpin zorrotz eta horma ikusgarriak daude bertan. 800 metroko amildegi ikusgarria sortzen du mendikateak. Andoni Urbistondo Kantabria mendikatea da Euskal Herriko paisaia eta klima gehien baldintzatzen duen mendi multzoa. Pirinioak, edota Gorbeia eta Aizkorri baino gehiago. Paisaia, klima, bizimodua bera... dena baldintzatzen du. Bi mundu ezberdin daude eremu honetatik iparrera, eta hegora. Iparrean, Arabako mendialdean, pagadiak dira nagusi, eta patata soroak. Hegoan, labore soro horiak, eta mahastiak. Bien jagole, Palomares erpin zorrotza, Arabako hirugarren gailur garaiena 1.446 metrorekin, baina herrialdeko dotoreenetakoa. Euskal Herriko hegoaldean dago Kantabriako mendikatea. Bertakoek Kantabria esaten diote, izendegi ofizialak Toloño mendikatea dela badio ere. Araba eta Errioxa banatzen ditu mendebaldean, eta Araba eta Nafarroa ekialdean, Kodes mendikatean dagoeneko. 40 bat kilometro da luze, eta hiru mendigune bereizi ditu: Toloño, mendebaldean; Kantabria mendikateko sektore zentrala, eta ekialdeko gunea, Lapoblacion haitzeraino. Ekialderago goititzen da Joar (1.414 metro), Nafarroako lurretan. Sektore zentralean daude gailur garaienak, harritsuenak. Denak daude Araban, baina iparrera geratzen den Araba, eta hegora dagoena, ez dira berberak. Ezta gutxiago ere. Iparraldean Arabako Mendialdea eskualdea dago. Hegoaldean, berriz, Arabako Errioxa. Zerua eta lurra, edo gaua eta eguna bezain ezberdinak. Iparraldean pagadi baso aberatsak dira nagusi, patata soro erraldoiak, eta 600-800 metro artean hedatzen den bailara estua. Urizaharra, Lagran, Bernedo, Kanpezu eta beste daude Arabako Mendialdean. Lerro zuzenean dozena erdi kilometrora dagoen Arabako Errioxa baino hezeagoa da. Kanpezun, esate baterako, Biasterin dituzten euri egunak bikoizten dira. Negua hotzagoa da, eta uda, samurragoa. Arabako Mendialdean ohikoa da neguan bailarak jantzi zuria izatea. Arabako Errioxan, aldiz, hotza lehorra da, eta izotza oso ohikoa da negu betean. Bestalde, uda oso beroa izaten da. Mahastientzako klima perfektua. Kantabria mendikatearen eraginez Euskal Herrira Europa iparretik iristen diren erauntsiek Kantauri isurialdean husten dute barrena aurrena, Lautadan eta Mendialdean gero, baina Arabako Errioxara iristeko 1.400 metroko mendi garaiak gainditu behar dituzte hodeiek, eta gehienetan, ez dute lortzen. Ohikoa da Arabako Errioxatik iparrera begiratu eta mendikatea lainoek bereganatuta ikustea. «Capa de cierzo», edo «capa de norte» esaten diote bertan egoera horri. Udazken hasieran kontrako egoera ere sortzen da. Alegia, Ebro ibai handiaren arrastoan sortzen diren behe laino multzo itxiak. Ebro Iberiar penintsulako bigarren ibairik luzeena da, 950 kilometro dituelarik, eta bere hezetasunak eta hego-ekialdeko haizeak habitat ezin hobea eratzen dute behe laino trinkoarentzat. Laino hori harrotu egiten da, jakina, eguzkiak indarra hartzen duen heinean, eta bere mugimendu horretan, argazki dotoreak uzten ditu Kantabria mendilerroan. Peña del Leon eta San Tirso estaltzen ditu erabat, eta Arabako Mendialderantz egiten duenean, mendikateko ipar isurialdean, desegin egiten da xaboi-burbuila balitz bezala. Lainoak, altuera galtzean, berotu egiten dira, eta hezetasuna galdu, desegin arte. Efektu bisual bitxia da, baina behe laino hori ez da Cruz del Castillo (1.431 metro), Larrasako Bost Hatzak (1.453 m) edota Palomaresera (1.446 m) iristen. Ezta handik mendebaldera dauden mendietara ere. Cruz del Castilloren eta Peña del Leonen artean dagoen Toro mendatetik igarotzen da lainoa. Garobel mendikatean, Urduñan, «bollo» izenarekin ezagutzen dute egoera meteorologiko hori. Arabako Mendialdean, aldiz, ez diote izen jakin bat ematen. Palomares: bi orduko bidea, ikuspegi aparta Cruz del Castillo eta Palomares dira Kantabria mendikateko ikurrak. Lagran edo Pipaondik abiatzen dira igoera ohikoenak. Arabako Errioxatik, Biasteritik Toro mendatera jo behar da, eskalada egin nahi ez bada. Lagran herritik soroetara daraman pista bat hartzen da. Kilometro pare bat egin litezke, zorua trakesten den arte. Azkar, ordu laurdenean, Laziturri iturriraino iristen da. Ega ibaia jaiotzen den guneetako bat. Ega San Adrianen hiltzen da, Nafarroan, Ebroren besoetan, 113 kilometro egin, eta besteak beste, Kanpezu, Lizarra edo Lerindik igaro ostean. Baso itxia du Kantabria mendikateak. Pagadi dotorea, pago luze eta sendoekin. Igotzen-igotzen, xenda estutu egiten da eta ezpelak ordezkatzen du pagoa. Galtzak eta mahuka luzeko kamiseta eramatea komeni, begetazioa oso hostotsua baita. 1.300 metroraino basoak apenas erakusten du argi-ilunik. Leiho txiki batzuk baino ez, Lagran herria ikusteko, bailaran. Ordu eta erdiko bidea egin ostean, ezpela desagertu egiten da, eta Palomaresko iparraldeko hormatzar handia begien aurrean azaltzen da. 100 metrotik gorako desnibela duten harkaitz bertikalak. Bide nagusiak ez du galbiderik. Hagin handi bat pasatzen da, amildegi handi samarra duena, eta berehala, bidegurutze bat. Ezkerrera, Erdiko Palomares eta Larrasarako bidea doa. Bide nagusia, pendiz handian, Palomares gailurrera. Beste hagin bat uzten da ertz batean, mendi gidek diotenaren arabera 100 urte baino gehiago dituena. Lau hankatan egin behar dira pauso batzuk, baina ez dago batere arriskurik, zorua lehorra badago. Zoru bustiarekin oso kontuz egin behar dira pausoak, irristatzea saihetsezina baita, ia-ia. Sari bikaina du zati malkartsu hori gainditzeak. Palomaresko zabala, 1.425 metrora. Behatoki ikusgarria da. Ekialderantz dago Erdiko Palomares erpin zorrotza. Urrunago, Larrasako Bost Hatzak eta Cruz del Castillo. Mendebaldera, berriz, Palomares horma, Recilla, Cervera, Eskamelo, Toloño eta beste. Hegora, Arabako Errioxa bere horitasunean hedatzen. Biasteriko Alde Zaharra ere ikusten da gailurretik. Azken ahalegina bakarrik falta da, hau da, gorago joan ezin den tokiraino iristeko. Baina tentuz egin beharreko zatia da. Izan ere, eskalada zati erraz bat gainditu behar da, II. graduko zailtasunekoa. Ohiturarik ez daukanak komeriaren bat edo beste izan dezake, baina pazientziarekin hiruzpa-lau pauso kateatu, eta hamabost metroko azken tximinia aise gainditzen da. Ebro ibaiaren erresuma Gailurretik ikusten den panorama ikaragarria da. Dozenaka kilometrotan ez dago Palomares baino gailur garaiagorik, Larrasa izan ezik (10 metro garaiagoa). Nahiko gertu, Errioxako gailur garaiena ikusten da, San Lorenzo (2.262 m). Moncayo ere ikusi beharko litzateke, baina behe laino harrotuak zeruaren urdintasuna zuriz jantzi du. Kondairak dioenez, Zaragozako Pilareko Andre Mariaren katedraleko dorreak ere ikusten omen dira Palomarestik, baina Ebro ibaiak, eta ibaiko hezetasunak eragindako behe lainoaren baimena behar da horretarako. Eta behe lainoak egun garbi-garbi batek baino askoz joko gehiago ematen du. Goiz guztian gordeta egon den Joar mendi biribildua lehen aldiz ikustea, adibidez, bere handitasuna aldarrikatu nahiko balu bezala. Gailurrean oroigarri bitxia dago: mendian ibiltzeko bota bat. Eta jendea, noski. Arabakoa, eta Euskal Herriko beste herrialdeetakoa. Efektu bisual kuriosoa da, jendea Palomaresen babesean ibiltzen ikusi, eta inguruko menditzarren artean gizakia zein ñimiño geratzen den. Batzuk Larrasa eta Cruz del Castilloko zeharkaldia egitera doaz. Ez dauka zailtasun teknikorik, amildegia gertu ikusten den zati pare bat baino ez. Emozio gehiago nahi duenarentzat, Kantabriako mendikatea eskaladaren paradisua da. Palomaresen bertan zailtasun anitzeko hainbat bide daude. Beste hainbeste Larrasako Hatzetan, edo Recilla eta Palomares arteko zeharkaldia egiteko. Azken bistadizoa Arabako Errioxara amiltzen diren hormatzarrei. Arabako Errioxako mahastien jagole. Arabako Mendialdeko pagadi eta patata soroen babesle. Horixe da Palomares.