MAY. 04 2021 - 15:42h Belabarze: ur, elur, haitz eta zuhaitz Euskal Herrian Pirinio kutsu handia daukan bailararen bat badago, hori Belabarze da, Izaban. Hegoaldean 2.000 metrotik gorako harritzarra dauka zaindari: Ezkaurre. Iparraldean, Txamantxoia. Borda politez zipriztindua dago, eta, noski, goi mendietako elurrak jasotzen dituen Belabarze errekastoaz. Belabarzeren irudia. Andoni Urbistondo Belabarzek sekretu ikusgarri pare bat ere baditu: ur jauzi dotorea, eta Ibon haitzuloa (azken hau, berez, Belaguako bailaran). Izaba eta Pirinioetako lehen 2.000 metroko mendien paradisuan zaila da ibiltari eta mendizaleen bihotzean tokitxo bat lortzea. Ehun laguneko taldea hartuko bagenu, herenak Hiru Erregeen Mahaira joango lirateke. Hamabost bat Auñamendira, hamar Petretxemara, dozena erdi bat Orhi, Ezkaurre, Txamantxoia, Atxerito edo Kartxelara. Ale batzuk baino ez zaizkigu geratzen ehun pertsonako multzoa osatzeko. Eta horietako batzuk Belabarzeko harana aukeratzen dute. Gero eta jende gehiagok. Bizpahiru orduko txango erosoa delako. Gailur malkartsurik igo gabe, gailur tente asko ikusten direlako. Txangoa Izabako herrigunean bertan hasi eta bukatzen da, eta ibiltzen hasteko autorik hartzeko beharrik ez izatea erosoa da. 9,5 kilometroko ibilbideak apenas du 300 metroko desnibela. Bideak, tarteka, bat egiten du GR-11 ezagunarekin, Pirinioak Mediterraneotik Kantauri Itsasora zeharkatzen dituen bidearekin (Izaba-Zuriza zatia, marka zuri eta gorriak). GR-11 Zurizako mendatera iristen da Izabatik (Soriza, Izabako adindunen ahotan). Astia izanez gero, komenigarria da behatoki horretara joatea (1.270 metro). Oinez egiteko, joan-etorria askotxo da, eta onena, txangoa bukatu ostean, autoan bertaratzea, Izabatik 15 bat minutura. Izaba, abiapuntu ederra Izaba Erronkari bailarako herri populatuena da. Bisitari gehien jasotzen duena ere bai, noski, turismo azpiegitura aberatsa daukan azken herria delako. Hango harriztatutako kale malkartsuetan barrena ibiltzeak xarma ematen dio ibilbideari. Izabatik bertatik ondo ikusten da Larratza (Arrigorrieta) mendia, hegorantz. Telekomunikazio antena bat dauka gailurrean. Mendi haren magalean egiten du txangoak ekialderantz, beti ere Belabarze errekaren ezkerraldetik (eskuinaldean Izaba eta Urzainki elkartzen dituen pista dago). Herrian barrena bidea aurkitzen ez duenak badu alternatiba erraz bat. Urzainkitik errepide nagusitik etorrita, Izaba herri sarreran suhiltzaileen eraikina dago eskuinaldean. Baita hondakinak biltzeko hainbat edukiontzi ere. Bertan ere has daiteke txangoa. Estazio elektriko bat igaro behar da, eta 100 metroko malda pikoa igota, ibilbidea zehatz azaltzen duen informazio kartel bat topatuko dugu.. Bost minutuan Belengo ermitara iritsiko gara. Izeia da nagusi malkarretan, txoko hartako klima gogorraren adierazle. Kilometro eskasean bidexka pista bilakatzen da. Eta zaindari, Ezkaurretxikia mendiko haitz ikusgarriak agertzen dira (1.763 metro). Bidea erosoa da, desnibelik gabekoa ia. Belabarze errekaren soinua bakarrik entzuten da. Martxoa da, eta goietako elur ura hartu ezinik dator, emaritsu. Pistako bidea aspergarri egiten hasten denerako, bidezidorra agertzen da berriro. Pista eskumarantz doa, bidezidorra ezkerrerantz. Pista utzi eta errekaren bidea jarraitzeko haizpitarte polit bat zeharkatu behar da: Belabarzeko atea. Erronkariko biztanleek, antzeko pasabideei ateas esaten zioten, eta hizkera hori erabiltzen da egun: «Ateas de Belabarze» esaten diote ur jauzira bidean dagoen pasabideari. Esan beharrik ere ez, gaztelaniazko ateas hitz horren jatorria zein den. Izei eta ezpel basoa oso polita da, eta hamar minutuan, ibilbideko toki politenera iristen da: Belabarzeko ur-jauzia. Hiruzpalau metroko ur-jauzia da, handiagoa ur-emaria handiagoa den neurrian. Egurrezko zubi bat du, bustita dauden harrien gainean ez irristatzeko. Ura garden-gardena da, nola ez. Bainu bat hartzeko tentazioa ematen du, putzu handi bat baitago ur jauziaren azpian. Ura, baina, oso-oso hotza dago, eta kontuz ibiltzea komeni da. Ur-jauzitik bueltan, gorostiak eta lore batzuk agertzen dira. Udaberria iritsi da Belabarzeko basora, tenperatura oso goxoa da. Berehala, GR-11 bideak eskuinerantz egiten du, Zuriza mendate aldera. Ezkerrera hartu behar da, marka urdin-gorriak dituen bidezidor edo herri bidetik. Ordu laurden batean basoa desagertzen da, eta Belabarzeko harana parez pare agertzen da begi bistan. Atzealdean geratzen dira San Zolo eta Belabartsaitsa, zuhaizti itxiak ikusten utzi ez dizkigun bi erpin harritsuak. Lau kilometroko bailara dotorea Belabarzen dozena bat borda daude. Batzuk haziendak dira, besteak aisia bordak. Artzain batzuk bordak prestatzen ari dira, baina ardirik ez dago, momentuz. Elur gutxi dago, baina urteen joan-etorrian artzainek ondo ikasi dute maiatzak lan erdiak egin arte belarra ez dela indartsu sortzen Pirinioetako txoko honetan. Ardiak Bardean daude, Erriberako eguzkiaren epelean. Izabatik Zurizara doan errepideak zeharkatzen du bailara, baina lasaitasuna erabatekoa da. Isiltasunaren bailara dirudi. Belardian etzan eta orduak pasatzen uztea, aukerarik onena. Lau bat kilometro da luze bailara, eta alderik alde, kilometro erdia du. 1.100 metroko garaieran dago. Hegoaldean Ezkaurretxikia, Baines eta Ezkaurre handia ditu (2.045 metro). Ezkaurre ondo ikusteko, komeni da mendate ia bukaeraraino igotzea autoz, bere handitasunarekin gozatzeko. Mendate gainetik, gainera, Zuriza eta Taxerasko harana ikusten dira, Alano mendizerra ikusgarriarekin, Aragoin. 2.300 metrotik gorako mendia da, eta han elurra sendoa da. Ez hainbeste Txamantxoian, Zuriza mendatetik ikusten den erpin belartsuan. Ordubete eskasa geratzen zaigu Izabara oinez, behin bideari berrekin ostean. Bidea oso erosoa da. 100 bat metro errepidean egiten dira, baina berehala seinale urdin-gorriak ikusten dira. Hortik erreka-bide bat Belaguatik datorren errepideraino jaisten da 20 minutuan. Errepidera iristearekin bat dator eguneko azken ezustekoa: Ibon haitzuloa. Haitzartean gordetzen den ur putzu handia da, ura harrien artean sartu ostean. Haitzuloan barrena metro batzuk egin daitezke, baina oinetako egokiak eta kopetako argia derrigorrezkoak dira. Hiru kilometro eskas geratzen dira Izabara iristeko. Batzuetan errepide bazterretik egiten da bidea, besteetan bidezidor batetik. Seinale urdin-gorriei erreparatu behar zaie. Ordu erdian Izabako harriztatutako kaleetara iristen zara, goiz edo arratsalde bateko txango erraza burutu ostean.