GAIAK

Trikuharri, bertakoa eta auzotarrei begirakoa

Donostiako Antigua auzoko taberna erreferente bilakatu da kalitatezko produktuekin eskaintzen dituen plater, entsalada eta errazioei esker

Aitzol Irazustak bederatzi urte daramatza, Iñigo Oruerekin batera, Trikuharri tabernan.

Antigua auzoko Matia kalean zabaldu zituen ateak Trikuharri tabernak 2012ko abenduan. Iñigo Orue eta Aitzol Irazusta auzotarrek beste taberna batean zuten lana utzi eta apustua egitea erabaki zuten. Ondo atera zitzaiela dirudi. Kalitateari garrantzia eman eta sukaldea fintzen joan dira, edonorentzako aukeraren bat duen eskaintza osatuz.

Ostalaritzan hilabete gutxi zeramatzan Irazustak taberna zabaltzea erabaki zutenean. Eskarmentu falta hori, ordea, lagungarri izan zaiela uste du. «Hutsetik hasten zara, ez datozkizu beste inertzia txar batzuk. Uste dut gure hasierako inuzentekeria positiboa izan zela». Bederatzigarren urtea osatze bidean, arrazoia eman diete denborak eta bezeroek.

Plater konbinatu nahiz ogitartekoekin hasi ziren, eta gutxika, plateretara bideratzen joan ziren: arraina, haragia, begetarianoa... Bertako sukaldaritza lantzen dute, nahiz eta ez den tradizionala, ezta fusioa ere. Sasoiko zenbait produktu baliatzen dituzte, baita ahalegindu ere gertukoak izan daitezen. Irazustaren esanetan, «genero aldetik onenetakoa legatza da. Bretxako Oianeder arrandegian erosten dugu eta ikusgarria da».

Hala ere, izarra txipiroiak dira. «Zortzi urte daramatzagu berdin egiten: plantxan egin eta nahasten ditugu urdaiazpiko, ziza eta piper berdearekin. Ezberdina da, genero onekoa eta jendeari asko gustatzen zaio. Ezingo dugu inoiz !».  

Lan gehien asteburuko menuarekin egiten dute. Eguerdian dute, 18 euroan, eta arduradunak «oso harro» daude, kalitateak salneurria gainditzen baitu. «Prezioa estutzen saiatzen gara, baina gauza on bat eskaintzen».

Astegunetan, berriz, ez dute menurik; platerak, entsaladak, errazioak... dituzte aukeran. Kartan, bi bolada dituzte: neguan, hotzari begirako platerak, eta, udan, freskoagoak. Saiatzen dira gauza berriak sartzen, nahiz eta aipatu txipiroiak edo masailak beti mantentzen dituzten. «Gehien ateratzen ditugunak dira».

Denborarekin sukaldea fintzen joan da eta, eskaintza, aldatzen. Gazteei begirako eskaintza zenez, garai batean pizzak zituztela gogoratu du Irazustak; haiek atzean utzi badituzte ere, bada edonorentzat zerbait. «Aukera bat badago ondo jateko prezio batekin, baina, aldi berean, ogitartekoak, sandwichak, hanburgesak edo zartaginak ere badauzkagu».

Berezko filosofia

Beraien balioetako bat «bertakoa eta bertakoaren alde» egitea da, auzoari ematea. «Antiguak bizitza handia dauka, Matia kaleak, berezkoa, eta, auzoari esker, Trikuharri da dena». Pandemia aurretik gero eta atzerritar gehiago etortzen hasi zen eta, ateak inori itxi gabe, talde antolatuekin lanik ez egitea erabaki zuten. «Filosofia kontua da. Lehenik euskaldunak gara; bigarrenik, jatorrak, ez dugu inor gaizki tratatzen, berdin da nongoa edo nolakoa den; eta hirugarrenik, bertakoak, auzotarrak».

Horregatik, akaso, une zailotan bezeroek babesa erakutsi diete. «Gu laguntzeko intentzioa dute, enpatia handia, eta aisiarako beharra. Arriskua dago gure herrian kultura izan den poteoa, pintxoak edo sozializatzeko guneak galtzekoa. Jendearen aldetik badago babesteko nahia».

Hilabete oso zailak izan dira eta Irazusta haserre dago «egoerarekin, ezjakintasunarekin, inprobisatzen aritzearekin, gobernuen erabaki okerrekin...» Sektoreak konpentsazio bat behar duela uste du.

Hamalau lankideko taldearen konpromisoari esker, aurrera egitea lortzen dute, «asko kostata» bada ere. Hala jarraitzeko anbizioa dute. «Gauzak hobetuko diren itxaropena, bai; beldurra, kristorena; eta zalantzak, izugarriak».