GAIAK

Webguneetan euskararen presentzia areagotzeko indarrak batu dituzte Elhuyarrek eta PuntuEUSek

Elhuyar eta PuntuEUS fundazioek web orriak euskaratzeko tresnak garatzen laguntzeko lankidetza-harremana sinatu dute astelehenean, ingurune digitalean euskararen erabilera areagotzea helburu. Lankidetzaren lehen ekimena Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoa WordPress atarian txertatzea izango da.

Jon Abril eta Josu Waliño, Elhuyar eta PuntuEUSeko zuzendariak. (@puntueus)

Elhuyar eta PuntuEUS fundazioek web orriak euskaratzeko tresnak garatzen laguntzeko lankidetza-harremana sinatu dute astelehenean, ingurune digitalean euskararen erabilera areagotzea helburu. Interneten Nazioarteko Eguna kari sinatu dute kolaboraziorako kontratua.

Akordio honen bitartez, «adimen artifizialean euskararentzat emandako aurrerapausoak baliatu nahi dira euskarak Interneten duen presentzia indartzeko».

PuntuEUS Behatokiak zabaldutako datuen arabera, Euskal Herrian 162.000 webgune inguru zeuden aktibo 2017an eta horietatik %16k baino ez zuten euskarazko edukia. «Orain, teknologia baliatuta, euskarazko edukia errazago eskaini ahal izatea da helburua», agertu dute fundazioek.

Lankidetza honen lehen ekimena Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoa WordPress atarian txertatzea izango da. Horretarako, plugin bat garatuko dute eta '.eus' domeinudun webgune guztien eskura jarri, azaldu dutenez. Honi esker, webguneen edukia automatikoki itzuliko da. Kontuan izanda WordPress atariaren mundu mailako erabilera-tasa %40koa dela, fundazioek egindako estimazioaren arabera, Euskal Herrian 65.000 webgune inguru oinarritzen dira teknologia horretan. Hala, ziurtatu dute «eragin-eremu» eta «erabilgarritasun» handia izango duela ekimenak.

Elhuyarrek eta PuntuEUS Fundazioak kanpaina berezi bat abiatuko dute euskarak '.eus' domeinua duten webgune guztietan leku gehiago har dezan.

Euskarari bere tokia

Josu Waliño PuntuEUSeko zuzendariaren hitzetan, «covidaren eraginez, zerbitzuen digitalizazioa areagotu egin da azken hilabeteotan; bereziki, merkatari zein enpresa txikiek beren eskaintza sarera zabaldu behar izan dute, negozioa digitalizatuz. Prozesu horretan euskarari tokia egiten lagundu nahi du PuntuEUS Fundazioak, gure gizarteak bizi duen transformazio digitalean euskaratik eraginez».

Jon Abril Elhuyarreko zuzendaria ere baikor agertu da: «Oso gustura gaude PuntuEUSekin batera eremu digitalean euskara zabaltzeko aukera daukagulako, eta urtetan garatutako euskarazko hizkuntza-teknologiak horrelako helburuak lortzeko aplika daitezkeelako».