JUL. 27 2021 - 11:05h Little Bighorn, erresistentzia indigenaren bidean AEBen mendebaldearen konkistaren gertakari historiko garrantzitsuenetakoa da Little Bighorn-eko bataila. Zineman behin baino gehiagotan erakutsi da. Ipar Amerikako jatorrizko herriek XIX. mendean izan zuten garaipenik esanguratsuenetakoa izan zen, handik gutxira zurien aurka askatasuna galdu arren. Little Bighorn-en eraikitako monumentua. Urtzi Urrutikoetxea Little Bighorn-en bertan ikus daiteke nola eraldatu den memoriaren gune hori urteetan zehar, zurien armadaren memorial militarista bat izatetik, txeieneak eta lakotak ere (siux baino nahiago dute lakota izendapena) aintzat hartzen dituen gune bihurtzeraino. Baina hori ibilbidearen amaieran dator. Gunearen sarreran, aparkatu eta berehala, Ameriketako Estatu Batuetako bandera handi bat, gurutze zuriak lerro-lerro ordenatuta, eta oroitarri bat «Yellowstone barrutia etsai indiarrez garbitzen ari zirela eroritako soldaduen omenez». Izan ere, Yellowstoneren arroan dago Bighorn; Missouri ibaira isurtzen den ibairik luzeenetakoa da, eta haren bideari jarraituz iritsi gara, edozein bidek izan dezakeen iturburu zoragarrienetik abiatuta. Estatu Batuetan –eta munduan, diotenez– izendapen hori jaso zuen lehen parke nazionala izan zen Yellowstone, artean lurralde hauek guztiak eremu federalean sartutako estatuak ere ez zirela, eta lakota, txeiene, arapaho eta beste herri batzuk oraindik libre zebiltzala bisonte taldeen ehizan. Munduko lekurik txundigarrie etakoa da Yellowstone, ur-jauzi, baso eta geiser ezagunak miresten egunak eta egunak eman litezke. B ide honen amaiera izateko ere leku e zin hobea da, ekialdetik mendebalera eginez gero, baina gure abenturak ekialderantz garamatza, Yellowstone ibaiari jarraiki. Wyoming eta Montana arteko mugalde menditsuan eta zelai zabaletan bisonte taldeak dabiltza bidearen erditik, ibaira edo belardietara bidean edo larreetan bazkan. Halaxe doa bidea Montanan barna Billings hirira eta I-90 errepidera heldu arte. AEBetako bide luzeena da: ia 5.000 kilometro ditu Atlantikotik Pazifikoraino, Bostonen hasi eta Seattlen amaitu. Montanan, Crow erreserban barna doa errepidea: ia Euskal Herriaren erdia da azaleran, baina hamar mila biztanle inguru dira; gutxi izan arren, hizkuntza osasuntsuen daukaten herrietako bat ere badira. Atera kontuak nola diren besteak. Bakerako deia Crow Agency da erreserbako «hiriburua». Hemendik abiatzen da txeieneen erreserbara eta Dakotara zuzenean doan errepidea, eta bidegurutze berean dago Little Bighorn-eko batailaren monumentu nazionala ere. Leku honek oso leku berezia dauka estatubatuarren memorian. Custer’s Last Stand da askorentzat: Custer jeneralaren azken borroka izan baitzen. Zalditeriako Zazpigarren Erregimentuaren burua estatubatuar zuri askoren heroi eta mitoa izan zen, eta ‘Botak jantzita hil ziren’ (Raoul Walsh, 1941) bezalako filmek kondaira hori handitu zuten. 145 urtetan aldatuz eta egokituz joan da mitoa, horratik, eta zurien heroia bertako herrien militar ankerra ere bada. Museo txiki batean 1876ko testuingurua azalduta, oinezko ibilbidea hasten da. Ibaiaren meandroak ikusten dira goitik, eta lakoten eta txeieneen kanpalekua irudikatzen duzu, milaka tipi ibaiaren beste aldean, askatasunean bizi nahi zuten andre-gizonak, eta filmek goraipatu arren historiako porrot handiena jasan zuen Zalditeriako Zazpigarrenaren erasoaren bideari heltzen diozu. Marcus Reno ofizialak ez zuen ibaiaren hegoaldetik prestatuta zeukaten erasoa burutu: jarrera defentsiboa hartu zuen, eta batailaren nondik norakoa aldatu zen. Zaldi Eroren gerlariek iparraldetik jo zuten orduan, Custerren mendeko soldaduen artean izua zabalduz, azken garaipeneraino. Ibilbidean, Estatu Batuetan hain ondo azaltzen dakiten gisan ezagutu dezakezu ekaineko egun hartan gertatutakoa, eta geroztik ere nola aldatu den historiaren interpretazioa. Solemnitate guztiz, 1876ko guduaren uneak bizitzeko aukera berariaz prestaturiko gunea da, baina bataila hartan galtzaile baina gerra nagusian irabazle izan zirenen omenaldi soil izatetik, alde guztiak aintzat hartzeko urratsak egin dituzte azken urteotan. 250 soldadu estatubatuarren eta haien crow gidarien omenez egindako monumentuarekin batera, borroka hartan hildako 75 txeiene, arapaho eta lakotei ere leku egitea erabaki zen duela 25 urte, izan zen protestarik orduan ere supremazista zurien aldetik. Bost urte lehenago gune honi buruzko erabaki garrantzitsuenetakoa hartu zen: Custer jeneralaren izena kendu zion Kongresuak, eta batailarena bakarrik geratu zen. Ibilbidea biribiltzen laguntzen dute, inondik ere ‘Zazpi su-tribuen’ (Oceti Sakowin, lakoteraz), monumentuan dauden azalpenek, eta Zaldi Ero edo Zezen Eseriren inguruko argibideek. Aurretik, hilarri zuriak ageri dira behin eta berriz zelaian, banaka edo multzoka, soldadu estatubatuarrak edo haren aliatu crowak hilik eroritako lekuan. Gorriak badira hilarriak, borrokan hartan bizia galdutako txeiene edo lakota gerlarienak dira. Borroka zelaia utzita, iluntzen ari du, oskorria zeruan. I-90a hegoalderantz doa, Wyomingera bidean, handik Hego Dakotarantz jotzeko. Buffalo herrian gelditu gara gaua igarotzera, euskal komunitate txiki bat dauka herriak eta Johnson konderriak, eta ikurrinaren gainean eratu zuten bertako bandera, honaino etorritako artzain baxenabartarrak gogoan. Black Hills Little Bighorneko bataila da, zalantzarik gabe, gerra indiarretako azkena izan zen mendekurako aitzakia eman zuen gertaera: Wounded Knee-ko sarraskia, 1890ean. Bospasei orduko bidea da autoz, eta erdian, Black Hills mendiak. Azken gerra ekarri zuen azken promesa hautsia izan zen. Ezaguna da formatua: lehen kontaktua eta istiluak zurien eta indiarren artean, indiar herriei askatasuna eta lurraldea eman dien bake hitzarmena AEBekin, eta handik gutxira estatubatuarrek agindutakoa hautsi. Custer jenerala agertzen da horrelako uneetan historian, Gobernuak agindutakoa urratu eta indiarrak zapaltzeko unean. Fort Laramieko hitzarmena hautsi eta hegoaldeko txeieneen sarraskiaren buru izan zen 1868an, eta handik gutxira Black Hills lakoten mendi sakratuetan urrea zegoen mezua zabaldu zuen kolono zurien artean. Gaur egungo Hego Dakota, Wyoming eta Montana estatuetako mugan dago Black Hills mendikatea, eta mundu osoan ezagun diren Rushmore mendia da euretako ezagunena. Lakota herriaren bihotzean eta estatubatuarren aurkako erresistentziaren erdigunean, lau presidenteen aurpegiak zizelkatu zituzten, betiko gogorarazteko noren mendeko lurraldea zen. Rushmorera baino lehen, ordea, beste mendi monumentu bat ikustea erabaki dugu: handik gertu dago, izan ere, Zaldi Eroren omenez zizelkatzen ari diren mendia ere. Oso sentimendu kontrajarriak sortzen dituen lekua da, berez hain ederra den lekua txikitu baita horrelako oroitarri erraldoiak eraikitzeko. Hala, mendiak utzita, muinoak lautada bihurtzen dira, Badlands-etako paisaia sinestezinera iristen zarenerako. Nomadland filmak ere famatu ditu hutsaren sinonimo diren eremu hauek; lehorrak, eta haizeak eta urak higatuta. Hauxe da Pine Ridge-ko erreserbako ataria ere. Estatu Batuetako lekurik kolpatuena da, bazterkeriak bere esanahirik larriena hartzen duen lekua. Horregatik, bisita errespetuz eta, ahal dela, bertako gidariekin antolatuta egitea komeni da, lehen eskutik ezagutzeko bai historia, bai egungo egoera. Eta miseriarik gogorrenaren erdian, nola pizten diren lakoterazko haur eskola bezalako mirariak. Wounded Knee Hala jakin dugu Black Hills-ekin 15 urte lehenago gertatu bezala 1889an AEBek berriz ere hitzarmen bat hautsi eta Badlands eremua ere kendu zietela oglala lakotei. Little Bighorneko batailaren ostean, Kanadan erbesteratu ziren batzuk, eta astiro-astiro itzuli zirenen artean, izpirituen dantza (Ghost Dance) hedatuz joan zen Badlandsen, bisonteak itzularazi eta hildakoen arimekin bat egiteko erritu izpirituala zen, baina ezjakintasunak eta arrazismoak bat eginda, Estatu Batuetako gobernuak debekatu egin zuen dantza ere. Lakotek eutsi egin zioten, dantza baino ez zen, arbasoekin lotura izpirituala, sinkretismo berezi bat, ez besterik. Baina askoz gehiago zela ulertu zuten zenbaitzuek: Zezen Eserik dantza hura matxinada bihurtuko zuelakoan, atxilotzeko agindua eman zuten, haren bila joan zirenean tiroka hil zuten. Handik bi astera, WoundedKnee (ha kpéÓpiWakpálalakoteraz) ibaiaren inguruan zegoen kanpamendua inguratu zuen Zalditeriako Zazpigarrenak. Ordu gutxira, ia 300 lakota ume, emakume zein gizon hilik zeutzan. Ezin kontraste handiagorik aurki Little Bighorneko solemnitatearen eta detaile txikienarekin egindako monumentu baten eta Wounded Knee-n ia oroitarririk ere ezin aurkitzeak ematen dizun sentipenarekin. Erresistentzia eta turismotik urrundutako memoriarako gunea da hau, Estatu Batuetan beste inor baino gehiago jipoitu duten herriaren bihotzean. Baina horregatik ere, merezi du honainoko bideak, filmetako iruditik errealitatera dagoen jauzia ulertzeko.