GAIAK
Skye uhartea (GETTY IMAGES).

Eskoziako Highlands: gaztelu, haran eta lakuen lurraldea


Klanak izan dira Eskoziako Highlands-en historia idatzi dutenak, eta horien arteko gerren emaitza da bertako ondarearen zati bat. Ondare historikoaren baitan, gazteluak. Beste maila batean, ez garrantzi eskasagokoak, haran eta lakuak. Guztiak ere basatiak, denboraren joanaren adierazpide izanik.

Basatia da Eskoziako Highlands eskualdea (Lurralde Garaiak), giza presentzia urrikoa baina, era berean, paisaia eta historia aberatsekoa. Nahasita ageri dira filmetarako aproposak diren gazteluak eta oinezko bideak egiteko haran birjinak, goi lurretako hotzetara ohituak dauden behiak eta fauna eta flora autoktonoa duten lakuak. Horrek guztiak eta gehiagok egiten du erakargarri historian eskoziar eta ingelesen arteko hamaika borrokaren testigu izan den herritik, Stirling-etik, gora kokatzen den eremua.

Bertan dago, esaterako, Douneko gaztelua, ibilbideko lehen bisita, «Highlands-erako atetik», hots, aurrez aipaturiko Stirlingetik, ia 25 kilometrora geratzen dena. XIV. mendeko obra da –Albany dinastiaren agindupean eraikia– eta 30 metroko altuerako ate nagusiak agurtzen du bertaratzen den bisitaria. Gazteluen artean ongien kontserbatuen artean egoteak egiten du erakargarri, eta BBC-k ekoitzitako Monty Python taldearen telebista saioaren kokaleku izan da, besteak beste, baita oihartzun handiko ‘Game of Thrones’ena ere –Winterfell-eko jazoeren kokaleku bilakatuz–. Literaturan ere izan du eraginik gazteluak: Walter Scott-ek berak, adibidez, ‘Waverley’ (1984) bere lehen nobelako protagonista kokatu zuen bertan.

Gaztelua zehazki noiz eraiki zen ez da jakina eta, antza denez, amaierako itxura ez zen hasieran pentsatutako proiektuaren berbera. Emaitza, baina, egokia suertatu zen erabilera militarrerako, eta horregatik egin zuten beren bizileku Eskoziako hainbat errege-etxek. Elkarri lotutako gelen labirinto bat da eraikina, espiraleko eskailerak dituena; Eskoziako Erdi Aroko gazteluen artean osoena dela esaten da. Ez gaitezen engaina, baina: gazteluaren egungo traza 1970ean egindako konponketa lanen ondorioa da. Gutxienez, bi aldiz berreraiki zuten: XIII. mendeko Eskoziako Independentzia Gerren ostean –orduan hartu zuen gaur egungo itxura– eta 1880an, mende hasieratik guztiz hondatuta baitzegoen. Egun, Historic Scotland gobernu-agentzia arduratzen da eraikinaren mantentze lanez.

Bidean, natura

Douneko gaztelutik ia 70 kilometro ipar-mendebaldera eginda dabiltza erorian Falloch-eko ur-jauziak. Loch Lommond & The Trossach parke nazionalaren barruan kokatua, geldialdi preziatua da aipatu eremuaren baitako txangoan, mokadua egiteko batez ere. Bederatzi metroko altueratik erortzen diren urak bertatik bertara ikusteko parada dago, Woven Sound (Ehundutako soinua) deituriko esperientziari esker.

Ur-jauzira gerturatzen den burdinazko kaiola batean sartzean datza esperientzia, inpaktu bisuala ahalik eta gehien saihesteko eraikia izan den kaiolan, hain zuzen. Idazle, margolari eta argazkizaleen topagunea da Falloch-eko ur-jauzia, eta XIX. mendetik ezagutzen dira bertan kokatutako artelanak. Bada ur-jauziaren baitan luzatzen den 0,6 kilometroko oinezko ibilbide bat ere, eta arraunean ere egin daiteke ibaian behera Lommond aintziraraino.

Naturak eskainitako geldialdiaren ostean, beste gaztelu bat da Eskoziako Highlands-eko bidaiaren hirugarren geltokia: Eilean Donan. Uhartearen ipar-mendebaldean kokatua, esan daiteke Eskoziako gazteluen artean argazki gehien ateratzen zaizkiona dela. Setio eta eraso historia luzea dauka bere baitan. XX. mendearen erdialdean guztiz berritu zuten. VII. mendeko apaiz irlandar bati zor dio izena gazteluak.

Historia kontuek diotenez, kostalde berean dagoen Eigg uhartean erail zuten 617. urtean. Ustez, urte haietan jentil izaten jarraitzen zuten eskoziarrak katolizismora erakartzeko asmoz bidaiatu zuen Donanek Eskoziako mendebaldeko kostara, eta haren heriotzaren bi bertsio daude: batak dio piratek akabatu zutela; bestearen arabera, berriz, bera eta bere 150 jarraitzaile erretzeko agindua eman zuen garaiko piktoen erregina batek. Kontuak kontu, haren gorpua Arran uhartean lurperatuta dagoela uste da.

Beste edozein gaztelu baino gehiago agertzen da egutegi eta postaletan eta, zalantza gabe, herrialdearen eta, oro har, Eskoziaren ikonoetako bat da Eilean Donan. Bisitariek garaiko altzariekin hornitutako gelak bisita ditzakete, baita jakobinoen garaiko tramankulu, artefaktu eta abarrekin gozatu ere.

Claymore eskoziar ezpata preziatua eskuetan hartzeko aukera dago bertan, edota espioiak izatera jostatzekoa, preseski horretarako egindako zuloak baliatuz. Kanoibolak posizioan jartzeko aukera ere badago, begirada antzinako borroka-eremura zuzendu bitartean. Gazteluaren inguruak ere askorako ematen du, hegazti bizitza handiko tokia delako eta izurdeak ikuskatzeko apartekoa delako. Erromantizismoan sinesten duten horientzat, gazteluan bertan ezkontzak ospatzeko aukera ere bada.

Eilean Donaneko gaztelua utzi eta 30 kilometro eskasera Skye uhartea dago. Bereziki ezaguna da duen pasaiagatik, baina baita duen kultur historia eta ondareagatik ere. Jatorri bolkanikoa duen uhartea da, eta Mesolito garaiko gizakiaren aztarnak topa daitezke bertan. XVIII. mendean pairatutako goseteak bertako biztanleak larriki kaltetu zituen, eta egun 10.000 pertsona eskas bizi dira bertan.

Whiskiaren lurraldea da Skye –aipatzekoa Talisker destilategia, marihuana ukituarekin ekoizten duten edariagatik–, Eskoziaren historian hain garrantzitsuak izan diren klanen lurraldea. Klanen arteko borrokek ondare aberatsa utzi dute uhartean, gaztelu itxuran antzeman daitekeena, batez ere. Horien artean aipatzekoa, Dunvengan, Europa osoan luzaroen norbait bizi izan den gaztelua izateagatik. Beste hainbatek ez bezala, esku pribatuetan jarraitzen du egun eraikinak, MacLeod klanaren esku, hain zuzen; eurak dira XIII. mendetik bertan bizi izan direnak. Harri lehorrez eraikitako broch delakoak ere Skyeren bereizgarri dira, orain 2.000 urte inguru piktoek eraikitakoak. Nahiz eta ez den ziurra, adituen ustez, defentsarako erabili izan ziren.

Hegoaldera bueltan

Iparralderanzko joera amaitutzat eman eta hegoalderantz eginda, Skye uhartetik 230 kilometro ingurura eta Loch Lommond parke nazionaletik gertu, Glen Etive haranarekin egingo dugu topo. Oinezko ibiliak egiteko aproposa da, eta eskaintzen dituen bista eta paisaiek egiten dute erakargarri. Ez da bertan herrixkarik, espazio irekiak eta aire libreko edertasuna soilik aurki daitezke. Kings House (Erregearen Etxea) hoteletik hasi eta Etive lakura iritsi arteko 18 kilometro inguruko ibilbidea da oinezko bide ezagunena, Etive ibaiari jarraiki osatzen dena. Aintziraren inguruetan Ben Starav mendia (1.078 metro) aurkituko dute bisitariek, zeinak honen zein haranaren beraren ikuspegi zoragarriak eskaintzen dituen. Baina kontuz, bertara igotzea ez baita gomendagarria altuerei beldurra dietenentzat.

Harana harribitxia da argazkilaritza afizionatu zein zinema zuzendarientzat, eta asko dira eskaintzen duen egunsentiaz zein ilunabarraz gozatzera bertaratzen direnak. Ez da kasualitatea James Bond-en ‘Skyfall’ filma edota William Wallacen bizitzan oinarritutako ‘Braveheart’ bertan filmatu izana.

Bidaiari amaiera emateko, Inveraray, bere aintzira, zubixka eta portuarekin. Fyne lakuaren ertzean, XVIII. mendean eta Argyll-eko dukearen aginduetara eraiki zuten herria, aurrez bertan zegoen herrixka desegin ostean. Bertako gazteluko aulkian eseriko zen agintariaren patuari lotu izan zaio herriaren beraren etorkizuna ere. Bereziki aintzirak eman dio sona, ordea, Inverarayri. ‘Ardoaren lakua’ izenez ezaguna den honek 65 kilometroko luzera dauka, lakuen artean luzeena izanik. Ez omen da inoiz mahastirik izan bertan eta, itxura denez, izena merezimendu kontu bat da, aintzirara iristen den ibaietako bat –Abhainn Fíne– ibai errespetatua dela eta.

Ur kirolak praktikatzeko aproposa da, baita arrantzarako ere. Izurdeak, fokak eta abar bizi dira bertan, eta zenbait marrazo espezie ere agertu ohi dira uda sasoian. Lakuaz gain, Aray-ko zubia ere kuttuna da Inverarayn. Bi arkuz osatutako harrizko zubia da, gaztelurako bidea errazten duena. Egungo egiturak 1772an uholdeek txikitutako zubi militarra ordezkatzen du, eta Historik Scotland gobernu-agentziak herrialdean bisitatu beharreko monumentuen zerrendan dauka.