SEP. 02 2021 - 13:54h Srinagar, Kaximirko perla Kaxmir munduko gunerik gatazkatsuenetakoa da. Dena den, gezurra badirudi ere, imajina dezakegun paisaia eta kultura altxorrik zoragarrienetakoa gordetzen du. Hiri eder eta aktibo bat, aintzira liluragarri baten ondoan kokatua eta mendi berdez inguratua Himalaiako mendigunearen ertzetan. Srinagar da. Himalaiako mendigunearen ertzetan, inguru zoragarria da. Xabier Amoros Oskoz New Delhitik datorren hegaldian Srinagarrera iriste hutsak argi erakutsiko digu zein errealitate gordinarekin egingo dugun topo. Kaxmirrera hurbildu ahala, basoak eta mendiak gero eta gehiago ikusiko ditugu airetik. Bidaiaririk trebeenari ere eragiten dio ikuspegiak airetik Indiako Kaxmirko hiriburuan lurra hartu aurretik. Aireportura iristean, lurreratzeko pistan bertan, hesi eta barrikada militarrek lurreratzeko pista okupatzen dute. Adierazgarria oso. Indiako Armadak aireportua guztiz blindatuta du, eta tankeek lurreratze pistak ere hartzen dituzte. Ez ha harritzekoa ere, bidaiaria gerran edo etengabeko alarma egoeran dagoen lurralde batera iristen ari baita. Ez dezagun ahaztu: Kaxmirren sartzear gara, munduko gatazkagune aktiboenetakoan. Harrituta, hegazkinetik jaitsi eta giro guztiz militarizatua aurkitu dugu hasierahasieratik; tenperatura, giroa, berriz, New Delhin atzean utzitakoa baino askoz atseginagoa da... Kaxmir gatazka gordina jasaten duen lurraldea da. 1947an britainiar kolonia zaharra bi herrialde berritan banatu zen urtean hasi ziren amaierarik izan ez duten liskarrak. Pakistan (gehiengo musulmana) eta India (gehiengo hindua) sortu ziren. Une horretan ez zen Jammu eta Kaxmirren estatusa zehaztu. Laster gatazka armatuak hasi ziren eta bi herrialdeek euren tropak mobilizatu zituzten. Pakistanek Kaxmirren herena okupatu zuen eta Indiak gainontzeko bi herenak.Bi herrialdeek Kaxmirren gaineko kontrola berenganatu nahi izan dute ordutik. Bertako biztanleria nagusiki musulmana da eta Pakistanen eta Indiaren sorreratik bertatik gatazka ugari sortu dira lurrotan, inoiz itzali ez direnak eta gaur egun ere erabat indarrean daudenak. Horri guztiari nazioarteko hirugarren aktore bat gehitu beharko zaio: Txina. Izan ere, askok ez jakin arren, Txinak ere Kaxmirko zati txiki bat kontrolatzen du. Osagaiak, beraz, ezin hobeak dira gatazka iraunkorra, errepikakorra eta bortitza eten ez dakin. Srinagar eta Dal lakua Kontrola erabatekoa da Srinagar hiriburuan: militarrak nonahi ikusiko dituzu Kaxmir zapaltzen duzun unetik bertatik. Baina, oztopoak oztopo, zalantzarik gabe, Kaxmir bisitatzea benetako luxua da; aukera izanez gero, bidaiari orok bizitzan behin egin beharreko ezinbesteko bidaia horietakoa da. Srinagar hiri handia da oso, baina guk hiru ardatz nagusitan oinarrituko dugu gure bisita. Hiri Zaharra, Dal aintzira eta Mogolen Lorategiak. Srinagar Indiako Kaxmirko hiriburua izanik, bertan era zuzen eta bizian aurki ditzakegu tokiko kulturaren ezaugarri nagusiak. Horretarako hurbilduko gara Hiri Zaharrera, bertako arkitekturaz gozatzeko. Gune historikoa Hari Parbat gazteluaren oinetan zabaltzen da. Kaleko dendatxoek, etengabeko mugimenduak eta nonahi aurkituko dugun jendetzak berehala argituko digute hiriaren bihotzean gaudela. Kaxmirko arkitektura tradizionalaren laginak ere aurkituko ditugu, egurrez eta adreiluz egindako eraikin ederrak. Zoritxarrez, baina, kultur ondare hori ez dute behar bezala zaintzen. Askoz gehiago zaintzen dituzte meskitak. Eta erlijio ondareaz solas eginez gero, bi dira nagusiki bisitatu beharreko guneak: Jama Masjid –Kaxmirko meskitarik handiena– eta Khanqah-e-Moulla –kolorez betetako Kaxmirko meskita tradizionala–. Eraikuntzotan egurrean egindako lanak ikusgarriak dira zinez. Dal lakua Srinagarreko harribitxia da. Lakuaren inguruetan eta baita barruan ere jendea bizi da. Aintziran bertan, lurrok Ingalaterrako kolonia ziren garaiko house boat txundigarriak aurkituko ditugu; hori bai, «txalupa-etxe» ederretan ez ezik, jendea, denda, saltoki ibiltari, jatetxe, gasolindegi eta abarretan ere bizi da «ur gaineko hirian». Uraren gainean eraikitako hiria da, baina lakuari irabazitako eremuetan baratzeak ere badituzte. Milaka kilometrotara ere, Mexikon, antzeko guneak aurki ditzakegu, azteken garaitik nekazaritzarako erabiliak. Mundu erabat ezberdinak diren arren, antzeko soluzioak aurkitu dituzte batean eta bestean ur gaineko bizitza aurrera eramateko. House boat liluragarriak aparteko mundu bat dira Srinagarren. Kolonia ingelesaren garaiko ondare, egun turisten ostatu dira asko. Tamaina handiko etxe flotatzaileak dira, hotelen zerbitzu guztiak eskaintzen dituztenak gabarrotan. Zurez eginda daude eta apaindura oso landuak dituzte, baita izen exotikoak ere: Canberra, Aristotle, Quebec, Hong Kong, Royal Orchid... Shikara txalupak pasatzen ikuste hutsa ere benetan harrigarria da: bihotz itxurako arraunak eta kolore ikusgarriak dituzte ezaugarri. Txalupotan, esertzeko modua bera ere berezia da, ohikoena erdi etzanda joatea baita; hedonismoaren gailurra ote... Mogolen Lorategiak Kaxmir, eta bereziki Srinagar, udarako toki izan da urruneko garaietatik. Pentsa, Mogolen dinastian horrela zen dagoeneko. Garai horretakoak dira, hain zuzen, aintzira inguratzen duten lorategi ederrak. Mogolen Lorategi ospetsuak terrazadun muinoak dira, duela 400 urte Mogol dinastiako enperadoreek sortutako lorategi botaniko ikusgarriak. Izan ere, eremuotan, euren lurralde zabalaren hegoaldean, Agrako Taj Mahal enblematikoaren inguruan kasu, aukitzen ez zuten udako freskura aurkitzen zuten enperadoreek. Hainbat lorategi daude, eta den-denek dituzte ezaugarri ura, loreak, arbolaldiak, ikuspegi ederrak, eraikuntza historikoak... Parimahal Mughal Garden, Nishat Mughal Garden eta Shalimar Mughal Garden dira lorategi gomendagarrienak. Hori bai, kontuan izan sarrera ordaindu beharra dagoela. Koloniaren garaian, britaniarrak ere Dal lakuaren ertzetan biltzen ziren Indoko lautadetako bero itogarritik ihesi. Egun ere, Srinagarrek ez du oporleku izatearen izaera galdu, eta, gatazkaren gorabeherek ahalbidetzen dutenean, Indiatik iritsitako turista ugari hartzen ditu, bertako klima leunaz eta naturagune pribilegiatuaz gozatzera iritsiak guztiak ere. Srinagarri agur esateko unea iritsi da. Ladak aldera joanen gara jarraian, sentimendu gazi-goxo batekin joan ere. Hori bai, inoiz ez dugu ahaztuko eguzkia Dal lakuaren gainean nola jartzen den guztia laranja kolorez tindatuz.