SEP. 05 2021 - 09:45h Erdi Aroko Almendra Jauregi ikusgarriak, mendeetan zutik iraun duten dorretxe sendoak, hiria inguratzen zuten harresien aztarnak, antzinako bizimodua gogora ekartzen duten plazak, elizak... Gasteizko erdigune historikoak Erdi Arora bidaiatzera gonbidatzen du, almendra itxura duen iraganera. Santa Maria katedrala. Eguzki Agirrezabalaga ‘Nova Victoria’ sortu zenetik mila urte igaro diren arren, Gasteizko Almendra ibilbideak aukera bikaina eskaintzen du Erdi Arora bidaia interesgarria egiteko. Andre Maria Zuriaren plaza izan daiteke abiapuntu egokia. XVII. mendean eraiki zen eta garai batean bertan egiten ziren harresi kanpoko azokak. Plaza erdian Gasteizko Batailaren monumentua dago eta, handik hurbil, San Migel eliza eta baita Zeledonen omenez eraikitako estatua ere. Merezi du, benetan, plaza inguratzen duten miradore eta balkoiei minutu pare batez erreparatzea. Eta artea gustuko dutenek, berriz, asko gozatuko dute, seguruenik, San Migel eliza barruan, batez ere, Andre Maria Zuriaren kaperak XIX. mendearen erdialdeko tailu polikromatua baitu buru. Aihotz plaza izan daiteke hurrengo geldialdia, zeinean ikus baitaiteke hiriko ordezkariek zin egiteko erabiltzen zuten aihotzaren erreplika. ‘Epaiketaren plaza txikia’ izenarekin ere ezagutzen da, nonbait, bertan heriotza-zigorrak betetzen zirelako garrotez. Plazan dago Goiuri jauregia, 1539an eraikia. Eraikuntzaren fatxada kuriosoa da, «U» forma duelako, baina horrek badu arrazoirik: eraikuntza hiriko harresira eta lurraren desnibelera egokitu behar izan zen. Aldiz, barruan bizi omen den mamuaren istorioak ez du arrazoi logikorik. Arkupeak eta Kordoi Etxea Eta Aihotz plazatik, Arkupeak ikustera. Deigarriak hauek ere. Justo Antonio Olagibel arkitektoak diseinatu zituen XVIII. mende amaieran, honako helburu zehatzarekin: Erdi Aroko hiriaren eta Zabalgune neoklasikoaren arteko 23 metroko aldea orekatzea. Eta hori lortu ahal izateko arkitektoak egindakoa ikusi ahal izango du bisitariak, bereziki, ‘Hegaleko Arkupetik’ eta ‘Judizioko Arkupetik’ paseatzen duen bitartean. Hurrengo geldialdia Kordoi etxea izan daiteke, XV. mende amaieran egina, Juan Sanchez de Bilbao kristaututako judu aberatsak eskatuta. Sarrerako arkuan azaltzen den frantziskotarren kordoiagatik hartu zuen izena. Bertaratzen denak ikusi ahal izango du XIII. mendeko Erdi Aroko dorrea, izar-itxurako ganga ikusgarriarekin. Izan ere, Erdi Aroko merkatari-jauretxe erako arkitekturaren adibide urrietako bat da jauregia. Gainera, historiako gertaera garrantzitsuak bizi izan ditu eta, egun, erakusketa iraunkorra eskaintzen du, euskal altzari, pintura, eskultura eta antzinako zeramika lanez osatua. Bendaña jauregia ere ezin da kanpoan utzi Almendraren ibilbidean. XVI. mende hasieran dorre baten inguruan eraikia, Errenazimenduko jauregiak eta hari atxikitako eraikin berri batek bi museo hartzen dituzte beren baitan: Fournier Karta Museoa eta Arkeologia museoa. Hau da, BIBAT izeneko museo multzoa. Deigarriak dira, batez ere, arkuteria-patioa, fatxadako dorre zilindrikoa –jabeen handikeria ikurra– eta kartak egiteko erabiltzen zuten makineria zaharra. Ibilbidean aurrera eginez, Santa Ana kantoira iritsiko da bisitaria. ‘Zeru eta izarrez estalita’ izeneko murala ikusi ahal izango du; hau da, ‘Hiri margotua’ mural-ibilbidearen pieza. Santa Anak San Joakini emandako musuaren interpretazio modernoa omen da. Santa Maria katedrala Aurrera jarraituz, zenbait eraikin deigarri azalduko dira bidean: Gurutze Santuaren komentua –atarian Pasioaren eszena monumentala duena–; Gobeo-Caicedo etxea –Herreraren Barrokoaren adibiderik argienetakoa– eta, bereziki, Santa Maria Katedrala, XIII. mendeko eraikin baten gainean eraikia. Harresiari atxikita zegoen eta XIV. mendean hasi zen eraikitzen. Zalantzarik gabe, katedral zaharrean azken urteotan egiten ari diren zaharberritze lanak bisita gidatuen bidez aurrez aurre ikustea ezinbestekoa da, baina gaurko egoeraren eraginez, itxita dago. Gainera, katedralak berak ibilaldi berezia eskatzen du, ezinbestean, harri artean isil-isilik gorde duen historia benetan erakargarria delako. 2001ean lurpean egindako indusketa arkeologikoek XI. mende bukaerako antzinako harresi baten aztarnak azaleratu zituzten. Garai hartako dorre bat ere ikus daiteke. Montehermoso jauregia, kultur gune Eskoriatza-Eskibel eta Montehermoso jauregiak ere agertzen dira Erdi Aroko paseoan. Lehena ondoen kontserbatzen den Errenazimenduko jauregia omen da. Eta Montehermoso jauregiari dagokionez, berriz, kontuan hartu behar da, XVI. mendeko lehen laurdenean eraiki bazen ere, eraikina erabat eraldatuta dagoela. Egun, kultur-gune ezagun eta abangoardista da XIX. mendean Montehermosoko Markesaren eta Jose Bonaparteren arteko amodioen eszenatoki izan zena. Eraikin berean Oihaneder euskararen etxea dago, eukaltzaleen eta kulturzaleen topagune. Azken etapa Ondoren, ibilibidea San Pedro elizara hurbiltzen da. Eta, jarraian, Farolen Museora iritsi aurretik, hiru geldialdi eskaintzen ditu bidean. Lehena da Otxanda Andrearen Dorrea, egun Natur Zientzien museoaren egoitza. Bigarrena da Alameda markesaren etxea, 1731 eta 1735 bitartean eraikitako jauregi barrokoa. Eta, azkenik, hirugarrena, Alava-Eskibel jauregia da, faxadan ‘Guduen erlojua’ gordetzen duena. Nonbait, erlojua itsasontzi ingeles batek hartu omen zuen Trafalgargo Guduan. Buruileria plaza, Erdi Aroko nekropoli zaharra. Inguru hori izan liteke ibilbidea bukatzeko modu aproposa. Plaza inguratzen duten eraikinak Erdi Arokoak dira, honako hauek, besteak beste: Portaloia, Hurtado de Andatarren dorrea eta Gobeu-Gebara-San Joan jauregia.