GAIAK

Facebookek eta YouTubek gorroto diskurtso gutxiago ezabatu dituztela salatu du EBk

Sare sozialetan salatu eta ondoren ezabatutako gorroto diskurtsoen batez bestekoa jaitsi egin da. 2020an salatutako diskurtsoen %71 ezabatu zuten, aurten, aldiz, %62,5.

Mugikor bat hainbat sare sozialekin. (Arun SANKAR/AFP)

Europako Batasunak urtero egiten duen sare sozialen eta gorroto diskurtsoen azterketak Facebookek eta Youtubek iaz baino gorroto diskurtso gutxiago ezabatu dituztela azaleratu du, eta hala salatu du EBk ostegun honetan. Ikerketan Youtube, Facebook, Twitter, Instagram, TikTok —estreinakoz— eta LinkedIn aztertu dituzte.

Oro har, erabiltzaileek salaketa jarri ostean sare sozialek ezabatutako gorroto diskurtsoen batez bestekoa %71tik %62,5era jaitsi da.

Ikerketa martxoa eta apirila bitartean egin da eta, ondorioztatu dutenez, iazko epe berberarekin alderatuz, gorroto diskurtso gutxiago ezabatu dituzte Facebookek eta Youtubek. Aztertutako denbora tartean 4.500 salaketa egon dira orotara eta Facebookek eta Youtubek ez bezala, Twitterrek eta Instagramek iaz baino gehiago ezabatu dituzte.

TikTokek, lehen aldiz ebaluatu duten sare sozialak, salatutako gorroto diskurtsoen %80 kendu du. Europako Batasunak nabarmendu du TikToken salatutako gorroto diskurtso gehienak xenofobia eta orientazio sexualarekin lotutakoak izan direla.

Sare sozialak era boluntarioan aurkezten dira Europako Batasunak bideratutako azterketara. Hala ere, Brusela sare sozialen eta gorroto diskurtsoen erregularizazio zorrotzago bat prestatzen ari da. Era honetan, erregularizazioa onartzen denean, sare sozialek isunak jaso ahalko dituzte ez badin badituzte gorroto diskurtsoen eta legez kanpoko edukien aurkako neurriak hartzen.

Hala, erregulazio berriak plataformak gardentasun handiagoa izatera behartuko ditu publikazioak erabiltzaileei iradokitzeko erabiltzen dituzten irizpideen inguruan.