OCT. 10 2021 - 18:00h Beraien burua zauritzen duten haur eta nerabeen kopurua gorantz doa Aurreko urteekin alderatuz, 2019-2021 bitartean ia «bi aldiz» haur eta nerabe gehiagok beraien burua nahita zauritu dutela kalkulatu dute. Gazteen arteko autolesio kasuek gorazko tendentzia izan dute azken urteetan, baina adituek pandemiak egoera larritu duela ohartarazi dute. Osasun mentalaren nazioarteko egunaren harira Gasteizen «memoriagune» bat ezarri du Osasun Publikoa Aurrera plataformak. (Endika PORTILLO/FOKU) NAIZ Katalunian azken hamar urtetan zehar osatzen joan diren ikerketen arabera, bertako gazteen %11,4k beraien burua zauritu dute, gutxienez, bizitzan behin. Europan, aldiz, egoera are larriagoa da, datuen arabera beraien burua inoiz autolesionatu baitute gazteen %27,6k. Autolesioen maiztasunaren zergatia ulertarazteko, Vall d'Hebron ospitaleko psikiatria zerbitzuko arduraduna den Marc Fererrek azaldu du ebakiek «efektu desblokeatzailea» dutela. Hori horrela, ebakiek gazteek «barruan daramaten tentsioa askatzen diete eta hankak lurrean mantentzen dizkiete», argitu du medikuak. Zentro honek, Espainiar estatuko eta Europako beste batzuekin batera, autolesio zantzuekin larrialdi zerbitzuetan artatzen dituzten gazteen kopuruaren goranzko joera nabaritu du pandemia aurretik. Izan ere, 2014 eta 2017 bitartean, %21eko igoera bat kalkulatu zuten kausa honetako kontsulta pediatrikoetan. 2019 eta 2021 bitartean, Ferrer damu da hazkundea «ia bikoitza» izan dela. Ebakien atzean, hainbat eragile edo faktore daude: familiarteko, lagunarteko edo eskolako giroa, sare sozialek eragindako presioa, aldaketa bizkorrak dituen gizarte bat, eredu kapitalista eta adin txikikoei oso gaztetatik ezartzen zaien presioa, besteak beste. Faktore hauei itxialdiak eragindako distantzia soziala gehitzen bazaie, adiskidetasun harremanak funtsezkoak diren nerabezaroa moduko bizi etapa batean, ondorioa «heltze prozesuaren traba bat» da. Honek blokeo emozional batera bideratu ditzake gazteak eta bertatik askatzeko xedez, autolesioetara jo dezakete batzuek. Ferrerek droga kontsumoarekin alderatu du norbere buruari min egitea: «Eraginkorra da era bizkor batean askatzeko, baina epe luzera arazoak eragiten ditu». Izan ere, espezialistak ohartarazten du errepikapenak suizidio saiakeretarako arriskua handitzen duela. Hori ekiditeko, osasun mentalaren zainketaren garrantzia azpimarratu du, gakoa baita trastornoak identifikatzeko ikerketa sakonak egitea.