OCT. 22 2021 - 14:18h Norbera maitatzearen aldarria egin du Afrika Bibangek ‘Ispiluaren aurrean‘ disko berrian Soularen bueltan sortutako lau abestirekin kaleratu du ‘Ispiluaren aurrean’ diskoa Afrika Bibang abeslari bizkaitarrak. Zuzeneko kontzertuak ere iragarri ditu eta lau hiriburutan izango da datozen asteetan diskoa aurkezteko lanetan. Ispiluaren aurrean jarri da Afrika Bibang disko berria sortzerako garaian. (Son AOUJIL) Iker Gurrutxaga Duela bi urte, munduan barrena ibili ostean, ‘Nomada’ (Airaka, 2019) izeneko diskoa kaleratu zuen Afrika Bibang abeslariak (Algorta, 1975). Bi urte beranduago lan berriarekin dator, ‘Ispiluaren’ aurrean deituriko lau abestiko lan laburrarekin. Euskaraz egiten den musika beltzaren erreferente nabarmenenetakoa da ezbairik Bibang eta bere sustraiei jarraika sortu disko hau ere, soula, r&b-ea eta Motown estiloaren zertzeladak dituen albuma. Huracan29 Bilboko estudioan grabatu eta Brightongo (Britania Handia) QM estudioan nahastu eta masterizatu du albuma. Horrez gainera, ohikoa duen moduan, letretan aldarrikapenerako tartea ere hartu du abeslari bizkaitarrak. Ekainean ezagutu genuen aurrerapen kantuan, ‘Emakumeak’ deiturikoan, bideoklip dotore eta guzti kaleratu zuena, argi eta garbi ikusi zen eta antzera jokatu du gainerakoetan ere. Izan ere, abesti horretan emakumeen prismatik bakoitza den bezala onartzeko aldarria egiten du Afrikak, hortik diskoaren izenburua ere. «Besteek pentsatzen dutena aintzat hartu gabe, norberak bere burua ondo maitatzeak ematen digu aurrera egiteko indarra», azaldu du Afrika Bibangek. Aurkezpen kontzertuak iragarri ditu dagoeneko algortarrak eta lehendabizikoa Bilbon izango da, urriaren 30ean, Bilborock aretoan. Atzetik, Gasteizko Malibún, azaroaren 5ean; Donostiako DOKAn, azaroaren 12an, eta, Atarrabiko Totem aretoan, azaroaren 14an, eskainiko ditu diskoa jendaurrean aurkezteko emanaldiak Afrikak. Diskoa autoedizioan atera du oraingo honetan eta eskuragarri dago ohiko plataforma digitaletan.