GAIAK

Ganekogorta: mendia hirian

Bilbok eta Bilbo Handiak osatzen dute Euskal Herriko gune biztanletsuena. Etxe orratzak, milaka herritar, industria, autoak, poluzioa... Milioi bat pasatxo lagun eremu txikian. Baina pauso batera natura basatia dago. Belardiak, haritz sendoak, eta mendi itxura duen mendigune zabala: Ganekogorta.

Bilboko bihotzetik etzan samar ikusten den mendia da Ganekogorta.

Ganekogorta. Bilboko bihotzetik etzan samar ikusten den mendia da, hiritik 5-7 kilometrora, lerro zuzenean, eta 1.000 metroko desnibelaren mugan. Hiruzpalau orduko buelta erosoa da Ganekogortakoa (998 metro).

Euskal Herriko biztanleriaren herena txoko geografiko txiki batean bizi da: Bilbo eta hiria inguratzen duten herri populatuak, Bilbo Handia esaten zaion eskualdea. 860.000 biztanle batzen dira han, eta porlana, asfaltoa eta etxe orratz festa nonahi ageri dira. Aisia, arnasa behar duen jendetza da, eta errutina, soinua, eguneroko erritmo astunetik ihes egiteko aukerak mugatuak dira. Artxanda, akaso, gertuen dagoena. Baina Pagasarri, ezagunena. Mendi izaera duen lehen gaina da, 673 metroraino goititzen delako, eta bertatik ikuspegiak hiria eta naturaren arteko kontraste gordina ezin hobeto erakusten duelako.

Ez alferrik, Pagasarrira hiritik bertatik igo daiteke, San Adrian auzotik, edo Miribillatik, ordubete pasatxoan. Horregatik, merezi du ahalegintxoa egitea, beste ordu eta erdiz, Ganekogortara iristeko. Mendi horrek ia-ia 1.000 metro dituelako, historia handia Bizkaiko mendizaletasunean, eta Bilbo Handia txikitxiki geratzen delako, lerro zuzenean 6-7 kilometrora bakarrik egonagatik. Goiz pasa aparta, Ganekogortatik hatzekin ukitzeko moduan ikusten baitira Sollube, Oiz, Durangaldeko mendiak, Gorbeia, Gorobel, Enkarterriko Kolitza eta Eretza, eta Castro Valnera erraldoia, jada Kantabria eta Burgosko mugan.

Datu ofizialik ez dago, baina Pagasarri izango da, ziur aski, Euskal Herrian jende gehien igotzen den mendia. Hiritik 5 kilometro eskasera dago, eta ordu pare batean izerdia bota eta egunerokoa arintzeko aukera ezin hobea da ehunka herritarrentzat. Egun, autoarekin asfalto eta pista zatar zati handia jaten zaio bideari, Larraskitu auzoan barrena Igertu aparkalekuraino (293 metro). Bidea ez da oso polita. Pista zabal bat, lehen ordu laurdenean, eta pista zatarra saihesten duen haritz basoa beste ordu laurden batean. Azken 10 minutuak pistaz egiten dira, berriro, Ganeta eta Pagasarri muinoak banatzen dituen leporaino iristeko.

Oinez bezala, mendiko bizikletan ere jende asko igotzen da Pagasarriko aterpera. Bidetik gora, bizikleta gainean doazenentzako debeku argia dago: beherantz doazela, ezin dute 15 kilometro orduko abiadura gainditu, gorantz jende asko joaten delako eta istripuak gertatzeko arriskua handia delako. Pagasarriko lepoa leku ederra da. Ganeta eta bere antena itsusiak mendebaldera, eta hainbat mahai eta eserleku, lasaitasunaz gozatzeko. Aterpea ere irekita dago, eta jakina, Euskal Herrian mendia eta hamaiketakoa binomioa elkartzen badira, arrakasta ziurra! Pagasarriko aterpean Miguel Unamuno eta Blas Otero idazleek mendiari idatzitako poesiak ere irakur daitezke!

Mendi «bozineroa»

Pagasarriko lepotik garbi ikusten da Gane-txiki edo Biderdi ertzaren silueta (877 metro). Haren atzean dago Ganekogorta, ia mila metrora, eta ordubete pasatxoan aise irits daiteke Pagasarritik, bide gozoan barrena. Ganekogortaren esanahia garbia da: gainean dagoen korta edo lur zatia. Historia handiko mendia da. Bizkaiko bost mendi «bozineroetako» bat. Alegia, XV. eta XVI. mendeez geroztik Batzar Nagusiak deitzeko erabiltzen zen gailurretako bat, euskal adarrarekin deiadar eginez. Gorbeian, Bizkaiko gailur garaienean jotzen zen aurrena, eta beste lau menditan, ondoren: Oiz, Sollube, Kolitza eta Ganekogorta. Turuta jo ostean, sua pizten zen gailurrean, kea urrutitik ikus zedin. Herritar orok parte har zezakeen Batzar Nagusietan. Turuta entzun osteko ilargi aldaketan egiten zen batzarra. Pasa den ekainaren 3an Oiz mendian irudikatu zen Bizkaian oso errotua dagoen tradizio hau, eta 2019an Ganekogortak hartuko dio lekukoa, ekaineko lehen igandean.

Hemen hasi zen, gainera, Euskal Herriko gailurren lehiaketa, 1914an. Ez zeukan lehiakortasun izpiriturik, urtebeteko epean hamabost mendi igotzeko erronka baizik. Norberak nahi edo ahal zuen denboran, baina urtebetean. 1915. urteko azken egunean, erronka osatu zuten hamalau mendizaleei “Ganekogorto” izena eman zieten (gailurrean bertan ikus daiteke azalpena), eta halako domina bat eman zieten. Egun hainbat mendi elkartek antolatzen dute 100 mendien lehiaketa ezagunak hemen izan zuen jatorria, beraz.

Nekatzerako, Ganekogorta gainera iristen da mendizalea. Nahiko itxura alpinoa dauka, batez ere Laudio aldera egiten duen hegiak, amildegi ikusgarriak baitaude. Betidanik, Arabako eta Bizkaiko lurrak banatzen zituela pentsatu izan da, Gorbeiak bezala. Ez da hala, kartografia neurketa berrienek gailurra, bere osotasunean, Bizkaiko lurretan dagoela diotelako. Gailurretik Pagasarri muino txiki bat baino ez da. Agerikoagoa egiten da azken urtean Bilbon ezaguna egin den Iberdrola dorre erraldoia. Batez ere Ezkerraldea eta Abra aldera eskaintzen duen ikuspegia da ederra. Gertugertu baitago! Hain gertu, ohartzerako zibilizaziora bueltatzen zarela...