GAIAK

Gatiburen BEC-eko kontzertua azaroaren 27ra atzeratu da, bi taldekideren positiboagatik

Bi hamarkada taula gainean eta ezin ospatuta dabil Gatibu taldea. Bigarren aldiz, atzeratu behar izan dute larunbata 13rako BECen prestatutako 20+1 urteurreneko kontzertua, bi taldekidek, txertatuta egon arren, positiboa eman dutelako. Baina data berria jarri dute: azaroaren 27a.

Gatibu iazko ekainean, pandemia bete betean, Azpeitian Naizerako eman zuen kontzertuan. (Aritz LOIOLA /FOKU)

This browser does not support the video element.


Gatibu taldeko bi kidek, txertatuta egon arren, positibo eman dute covid-19an. Albiste latz hau eman behar izan du bizkaitar musika talde beteranoak, larunbata 13ko kontzertu berezirako ia dena prest zutenean.

2020 urtean egin behar zuen taldeak bi hamarkada luze hauen ospakizun-kontzertu berezi hau, baina koronabirusaren pandemiak bertan behera utzi zuen hitzordua. Azkenik, emanaldia azaroaren 14an finkatu zen Barakaldoko Bizkaia Arena aretoan, BECen.

Eta ia azken unean, egun gutxi falta zirenean eta BEC-eko muntaketaren prestaketa guztia hastear zegoenean, taldeko kide batzuen positiboa iritsi da. «Atsekabe handia hartu dugu, denbora luzez itxoiten ari ginen ekitaldia hain gertu zeogelako. Hala ere, erabaki arduratsua hartzea da premiazkoa, osasuna guztiaren gainetik kokatuta», aipatu dute.

Beraz, azaroaren 27an egingo dute kontzertua. «Eskerrik asko beste behin ere, pazientzia neurgaitza duzuen Gatibu zale maitagarri guztiei!», aipatu dute taldekideek.

Beraz, urriaren 31an eta azaroaren 13an erositako sarrerak baliogarriak izango dira azaroaren 27ko data berrirako.

Online erositako sarrerak itzuli nahi izanez gero, hurrengo bost egunetan hemen egin dezakete. Sarrera fisikoak itzultzeko, mezu elektroniko bat bidali behar da hurrengo bost egunetan info@pandaartistmanagement.net helbidera idatzita.

Nahi ez zuten albistea

«Triste baina gogotsu» daudela esan dute taldeko partaideek, «nahi ez genuen mezua helarazi» behar izan dutelako. Kolpea latza izan da, hor ez dago bueltarik.

Egun hauetan lanean ibili dira Gatibu taldeko kideak buru belarri, hamarkada emankor eta luze hauetan jorratu dituzten kanta esanguratsuenak landu eta birmoldatzen, baita taula gainean igoki diren beste musikekin lanean.

Dagoeneko agortuak zeuzkaten pistan zutik ikusteko tiketak. Hala ere, oraindik ere eserita harmailetan ikusteko sarrerak badaude azaroaren 27rako.

«Bizitzen ari garen egoerak erakutsi digu ziurgabetasuna kuadeatzen ikasi behar dugu. Behin betikoa dena ez dela ziurra», gogorarazi dute.